2025-12-23
Blog Page 1137

Sindikatu eta eragileek “Natura eskubideen jabe” manifestua aurkeztu dugu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok eta Fracking ez, AHT Gelditu! elkarlana, Basagure ekologista taldea (Basauri), Eguzki, Ondarroako Ituna, Meatzaldea bizirik ekologista taldea, Gipuzkoa Zero Zabor, Ekologistak Martxan, Garoñaren Kontrako Foroa, Gure Energia eta Ekozain talde ekologista (Markina), ingurumen arloan lan egiten duten eragileek “Natura eskubideen jabe” manifestua aurkeztu dugu gaur.

Bertan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak martxoaren 14rako deitu dituen manifestazioetan parte hartzeko deia egin duten eta “Euskal Herriko erakundeei, natura, baliabide naturalak eta lurraldea, gero eta handiagoak diren ingurumen eta sozial arloko kosteak sortuz, gutxi batzuren negoziorako tresna bihurtzen dituzten politika publikoen aldaketa” exijitu dute. Mila Amurriok egin du euskarazko aurkezpena eta Mikel Oterok gaztelaniazkoa.

Manifestuan proposamen ezberdinak jasotzen dira energia produkzioari, mugikortasunaren kudeaketari, materialen eta hondakinen kudeaketari eta lurralde antolaketari dagokionez.

Natura eskubideen jabe
Adierazpen hau sinatzen dugun eragileok, martxoaren 14ean Bilbon eta Iruñean burutuko diren manifestazioetara dei egiten dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotzen dituen eskubideak bete daitezela exijituz.

Manifestazio honetan parte hartzeko dei publikoa egiten dugu honako arrazoiengatik:

Gure eragileetan eta baita modu kolektiboan ere naturari dagozkion eskubideekin konprometituak gaude, ingurumen osasuntsua eraikitzeko, pertsonon, naturaren eta bizitza modu ezberdinen arteko ongizatea helburu duen interakziorako, komunitatearen mesedetan eginiko kudeaketa (gure belaunaldia eta etorkizunekoak), baliabide naturalena, modu iraunkor eta ekologikoan produzituriko elikagaiak eta merkatuen eta interes espekulatzaileen gainetik pertsonak eta politika sozialen eraginkortasuna jarriko dituen bizitza eredu berria.

Euskal Herriko erakundeei, natura, baliabide naturalak eta lurraldea, gero eta handiagoak diren ingurumen eta sozial arloko kosteak sortuz, gutxi batzuren negoziorako tresna bihurtzen dituzten politika publikoen aldaketa exijitzen diegu.

Politika publiko horien oinarrizko aldaketak beharrezko neurriak hartzea eskatuko du gai hauei begira:

– Euskal Herriko marko araugilean Karta Sozialean espreski jasotako eskubideak txertatu behar dira.

– Politiken eta beharrezko diren baliabideen inplementazioa, lurzorua, baliabide naturalak eta bizitzeko moduen kudeaketarako, interakziotik eta elkarrekiko onuratik, eta hauen kudeaketa komunitatearen mesedetan.

– Gure osasuna bermatzeko elikadura burujabetza politikak gure komunitatean efektibo egitea, produkzioa eta kontsumoaren arteako harreman orekatua eta arrantza, nekazaritza eta gure baliabide naturalak bezalako sektore estrategikoen defentsa.

Zentzu honetan lehenbailehen hau exijitzen dugu:

Energia produkzioari dagokionez:
– Euskal Herriko lurraldeak, energia nuklearraren produkziotik libre deklaratzea, Garoñako Zentral Nuklearra lehenbailehen ixtea, hidrokarburoen bila Kantauri itsasoko prospekzioak eta petroleoa ateratzeko frackinga bezalako teknika zentzugabeak alboratzea, edo hondar bituminosoetatik ekoizturiko petrolioaren erabilera.

– Plan zehatza, efektiboa eta behar duen aurrekontuarekin energia berriztagarri eta ordezkagarriak sortzeko, kalitatezko enplegua sortaraziko duena.

– Energiaren produkzio eta salmentan, administrazio publikoen ekinbide zuzena, era honetara oligopolioen botereari amaiera emanez elektrizitatearen produkzioan eta salmentan.

Mugikortasunaren kudeaketari dagokionez:
– Erakundeetatik parte hartze sozialerako tresnen sorrera eta jendarteari galdeketak, mugikortasunaren ingurumen aldetiko kudeaketa eraginkor, komunitario eta publikorako.

– AHTari ez. Ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez bideragarria ez den azpiegitura baten lanak gelditzea, moratoria eta auditoria soziala.

– Erabilera sozialerako euskal trenbide sarea.

– Bidaiarien garraioaren kudeaketa publikoa, mugikortasunaren murrizketan, intermodalitatean, irisgarritasunean eta energia kontsumo gutxienekoan oinarritua.

Materialen eta hondakinen kudeaketari dagokionez:
– Elite ekonomikoaren aberastasuna areagotzeko eraiki duten ekonomia lineal, xahutzaile eta kutsagarriaren ordez, ekonomia zirkular eta efiziente bat eraikitzeko neurriak bultzatzea, hau da, Zero Zabor eredua garatzea, natur baliabiden gaineko presioa, zabor metaketa eta kutsadura txikituz eta ahal den neurrian desagerraraziz. Gutxiagorekin hobe bizitzea posible da sistema ondo antolatuz gero.

– Hondakinetako materialak suntsitzen dituzten eta ingurumena eta osasuna kaltetzen dituzten errausketa bezalako tratamendu kutsagarriak baztertzea.

– Produktuen ekoizpenean materialak birziklatzeko edo berrerabiltzeko berreskuratu ahal izango direla bermatzeko araudia garatzea.

– Birziklatu ala konpostatu ezin diren materialak tratatu gabe isurtzea galarazteko araudia garatzea.

– Kontsumo arduratsua sustatzeko kultura sozial eta instituzionala sortzea.

Lurralde antolaketari dagokionez:
– Lurraldearen antolaketa erradiala, zerbitzuetara sarbidea bermatu ahal izateko eta produkzio eta kontsumoaren arteko harreman zuzena bultzatu ahal izateko.

– Lurzorua eta natur baliabideak iraunarazteko, euskal herritarron bizi baldintzen onurarako eta antolaketa egoki baterako gure lurraldeen artean koordinaturiko parte hartze sozial eta instituzionalerako tresnaren sorrera.

Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU.

Eragileak: Fracking ez, AHT Gelditu! elkarlana, Basagure ekologista taldea (Basauri), Eguzki, Ondarroako Ituna, Meatzaldea bizirik ekologista taldea, Gipuzkoa Zero Zabor, Ekologistak Martxan, Garoñaren Kontrako Foroa, Gure Energia, Ekozain talde ekologista (Markina)

Euskal Herrian, 2015eko martxoaren 9an»
  

 

 

LABek Osakidetzako zuzendaritzari Osasungintzako Mahai Sektorialaren deialdietarako gutxieneko baldintzak exijitzen dizkio

0

Osakidetzako sindikatuok azken hilabeteotan darabilzkigun lau aldarrikapenen inguruko mobilizazio fase berria abiatu berri dugu. Hala ere, Mahai Sektorialaren batzar bakoitzean (azkena, otsailaren 18an) negoziatzeko borondaterik eza adierazi du Osakidetzak. Are gehiago, bilera horiek negoziazio parodia bihurtu egin ditu.

Uste dugu honela ezin dela jarraitu. Langileok burutzen ditugun mobilizazioek Osakidetzaren aurrean adierazitako jarreran isla izan behar dute, gogortze aldera, batez ere mahai sektorialetan. Eta hori, bertan ordezkaturik gauden sindikatuoi dagokigu.

Bereziki larri deritzogu negoziazio proposamen barruan “Osakidetza hauteskunde esparruei” buruzko puntu sartu izanari. ESI antolakuntzak eskatzen duen hauteskunde esparruen berrantolaketa sindikatuok eta Osakidetzak jorratu behar dugun eztabaida tekniko hutsa da. Ez dauka zerikusirik, inondik inora, sindikatu eta langileok borrokatzen ari garen puntuekin eta, halaber, ezin ditu baldintzatu. Sindikatuok ezin dugu hori onartu. LABek, behintzat, ez du egingo.

Onartzen ez dugun beste kontua zera da: negoziazio proposameneko puntuak negoziatzeko gertatzen ari diren aldebiko bilerena (sindikatu bakoitza Osakidetzarekin). LABek jarraitzen du defendatzen hori guztia modu publikoan hitz egin behar dela, horretarako deitzen diren Sektoreko Mahaiaren bileretan, hain zuzen ere. Dinamika honekin jarraitzeak negoziazio kolektiboa desitxuratzen du, mesfidantza sortu, arazoak sortu eta batasun sindikala ahuldu baino ez du egiten.

Beraz, LAB sindikatuak Osakidetzako Zuzendari Nagusiari Mahai Sektorialen bileretarako gutxieneko baldintzak exijitu dizkio: deialdia idatziz bi aste lehenago; gai-ordena zehatza eta garatua eta, batez ere, deialdiarekin batera negoziazio proposamena idatziz ere helarazi (beti ere, ekarpenek bilera berria justifikatzen badute).

Osakidetzako Mahai Sektoriala ezin da negoziazio antzerkia izan. Osatzen dugun intersindikalaren gainontzeko sindikatuak gauza bera egitera eta jarrera komuna hartzera gonbidatzen ditugu, eta langileok ahalegin berezia egitera komunean antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzen. Hauxe da Osakidetzako Zuzendaritzari eta Darpon jaunari mozorroa kentzeko modu zuzena.
 

 

 

Osakidetzako sindikatuok osasun publikoaren aldeko kontzentrazioa Tolosan

0

SATSE, ELA, LAB, SME, UGT, CCOO y ESK sindikatuok aurrera daramagun mobilizazio agendaren barruan, pasadan martxoaren 5ean, TOPA taldearekin batera kontzentrazioa burutuko genuen Tolosan, kalitatezko Osasun sistema publikoa aldarrikatzeko eta salatzeko Tolosa dela eskualde bakarra non erreferentziazko ospitalea kontzertaturiko ospitale pribatua den. 

Bestaldetik, Osakidetzako Zuzendaritzaren itxikeriaren aurrean hilabeteotan aldarrikatu ditugun gutxieneko lau eskaera gogoraraziko genituen, lau neurri hauek gure osasun sistema publikoa indartu egiten dutelakoan.
 

 

 

LAB emakume helduen eskubideen defentsan

0

Martxoak 6an, LABeko pentsiodun eta emakumeek elkarretaratzea burutu zuten Diputazioaren aurrean adineko emakumeengan eragiten duten hiru faktore salatzeko: Emakumeon prekarizazioak eta pobretzeak autonomiaz bizitzeko gaitasuna kolokan jartzen dute, Osasuna gero eta gehiago kostatzen zaigu eta emakumeen osasun egoera gizonezkoena baino txarragoa da eta Pentsiodun eta adineko emakumeok arrisku handiagoa dugu bizi kalitatea galdu eta tratu txarrak jasateko. Egoera hau aldatzeko, Nafarroako Gobernuari hartu beharreko hainbat neurri helarazi dizkio LABek.

Martxoak 8. Nazioarteko Emakumeen Eguna

Martxoaren 8 berri baten atarian gaude. Aldarrikapen egun honetan, LABeko pentsiodun eta adineko emakumeok gure ahotsa ozen altxatu nahi dugu.

Gure ahotsa ozen altxatu nahi dugu esateko, mundu gupidagabe honetan, atzera begira jartzen garenean hainbat irudi nabarmentzen direla: emakumekok berotasuna, goxotasuna, gure etxekoen janari izan gara. Langabezian dauden gure seme-alaben barrikada izan gara, zaintzaile, bizitzaren egile. Gure esku zailduek zoruak garbitu dituzte, pertsonak zaindu. Borrokatu behar izan gara, askotan arrakastarik gabe, enpresen ateak irekitzeko. Kondenatu gaituzte lan beltzera edo soldata baxuetara. Jasan behar izan dugu haien mozkinak gure eskubideen gainetik lehenetsi zituztenen boterea, baita “emakumeak etxean eta gizonak kalean” agintzen zutenen boterea ere. Gauzak horrela, jubilaziora iritsi gara eskubide gutxiagorekin eta gure lanaren balio erabat mespretxatuta.

2015eko martxoaren 8 honetan, hiru gai azpimarratu nahiko genituzke, Nafarroako pentsiodun eta adineko emakumeongan eragin zuzena dutenak: 
1. Prekarizazioa eta pobretzeak autonomiaz bizitzeko gaitasuna kolokan jartzen digu.
2. Osasuna gero eta gehiago kostatzen zaigu.. 
3. Adineko tratu txarrak eragiten dituzten faktoreen zabaltze kezkagarria. 

1. EMAKUMEON PREKARIZAZIOAK ETA POBRETZEAK AUTONOMIAZ BIZITZEKO GAITASUNA KOLOKAN JARTZEN DIGUTE

1.1 Emakumeen eskubide ekonomikoak jubilazioan urritzen dituzten lan bizitzak
• Langabezian diren 100 gizoneko, 110 emakume egoera berean daude (EPA) 
• Kontrato partziala duten 100 gizoneko, badira 380 emakume egoera berean (EPA).
• Merkataritzan, ostalaritzan edo zerbitzu pertsonaletan aritzen diren 100 gzoneko, 198 emakume daude (EPA)
• Nafarroako emakumeen soldatak, bataz beste, gizonekoen %72 dira (Encuesta Anual de Estructura Salarial)

1.2 Pentsiodun eta adineko emakumeak pobreagoak gara
• Emakumezkoen bataz besteko pentsioa gizonezkoena baino %42 txikiagoa da (Ministerio de Empleo y Seguridad Social, 2014). h humillaciónumillación
• Nafarroan 29.551 alargun pentsio daude. 10 etik 9 emakume dira, eta batz beste, 676,46 euroko pentsioa jasotzen dute. (Ministerio Empleo y Seguridad Social, 2014)
• Pentsio ez kontributiboak (342,95 euro): Nafarroan 1676 daude, %78,99 emakumeak dira (Ministerio Empleo y Seguridad Social, 2014)
• Emakumeen artean dagoen pobreziaren arriskua %19,6koa da. Aldiz, gizonezkoen artean %14,3koa da (Instituto Estadístico de Navarra, IEN) 
• Salatzen dugu espetxetik ateratako emakumeen egoera. Babes sozialerako eskubidea ukatu egiten zaie, miseria gorrienean utziz.

2. OSASUNA GERO ETA GEHIAGO KOSTATZEN ZAIGU ETA EMAKUMEEN OSASUN EGOERA GIZONEZKOENA BAINO TXARRAGOA DA
• Emakumeen osasunaren pertzepzioa gizonezkoena baino dexente okerragoa da: haren osasuna txarra edo oso txarra dela esaten duten 100 gizoneko, 163 emakumek diote gauza bera (Encuesta Condiciones de Vida, IEN, 2012).
• Adineko emakumeok Nafarroako Gobernuaren berrordainketaren biktima nagusiak gara: 417 botika prestazio farmazeutiko publikotik kanpo geratu dira, botiken %100 ordaintzeko behartuz; horretaz gain, orain pixohialen berrordainketa ezarri digute,…
• Salatu nahi dugu gure aho-hortzetako osasuna laguntzeko programen eta babes ekonomikoen falta, eragin oso kaltegarriak dituena errenta baxuen duten adinekoengan. 
• Osasungintzan izandako murrizketek, bereziki Lehen Arretan, kalte egiten digute. Osasunaren prebentzioa eta promozioaren inguruko ekimen koordinatuen gabeziak, osasun zein zerbitzu sozialetan, zailtzen du zahartze osasuntsua.

3. PENTSIODUN ETA ADINEKO EMAKUMEOK ARRISKU HANDIAGOA DUGU BIZI KALITATEA GALDU ETA TRATU TXARRAK JASATEKO
• Ezkututako errealitate baten aurrean gaude, eta somatzen da beldurra hori agerian jartzeko. Uste dugu izeberg baten punta baino ez dela antzematen, eta tamalez, badira egoerak oso erraz toleratzen direnak adinekoekiko, inondik ere onargarriak izanen ez liratekeenak beste adin-taldeekin: utzikeria tratuan, intimitatearen urratzea, lesioak, behartutako elikatzea, botien erabilera ez egokia, irainak, isolamendua, ezaxolatasuna, hitz egiteari utzi, elikaduran eta garbiketan utzikeria,… Etxeko tratu txarrak eta tratu txar sozial eta instituzionalak izan badira..
• Herrialde ezberdinetan egindako hainbat ikerketetan egoera hau islatzen da. Zaindutako pertsonen herena tratu txarrak jasateko arriskuan dago (Instituto de Investigación en Atención primaria, IDIAP 2014). Ez da ahaztu behar zaindutako pertsonen %65 emakumezkoak direla. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tratu txarrak jasan ditzaketenak adinekoen %2 dira. 
• Ikus dezakegu Nafarroako Administrazioaren utzikeria eta arduragabekeria gai honetan horri aurre egiteko jarduteko programen faltan. Are gehiago egoera sozial honetan bi elementu kezkagarrik bat egiten dutenean. Alde batetik, bizi-baldintzen okertzea dugu ( ekonomiko zein laneko ez egonkortasuna, zaintza eta lana bateraezin bihurtzen dituzten erritmoak, stress familiarraren areagotzea). Beste aldetik, errekurtso sozialen urritasuna (mendekotasunaren murrizketan, baliabide komunitarioen falta, langile gutxi zerbitzu sozialak eta zahar etxeak kalitatez atenditzeko) girorik onena da tratu txarrak gertatzeko. 

Beraz, LABeko pentsiodun eta adineko emakumeok Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu:

• Gure lanaren eta ekarpenaren onarpen sozial eta ekonomikoa.
• Neurriak hartu, konpetentzialak edo konpentsatorioak, pentsio bakar bat ere ez (alargun pentsioak barne) 1000 eurotik behera egon ez dadin duintasunez bizitzeko helburua bete ahal izateko. 
• Eskatzen dugu preso izandako emakumeek ere pentsio duina izateko eskubidea izan dezaten.
• Eskatzen dugu Mendekotasun eta Autonomia pertsonalerako lege propio bat, inolako murrizketarik gabe aplikatzekoa. Nahi dugu bizi gure ohiko ingurunean etxebizitza duinetan, eta behar izanez gero, kalitateko etxebizitza tutelatu eta zahar etxeetan, kopago ilegitimoak eta injustuak ezabatuz.
• Botiken eta pixohialen berrordainketak bertan behera utzi, eta laguntza ekonomikoa eskatzen dugu gure aho-hortzetako osasuna zaintzeko orduan desberdintasunik ez izateko.
• Ozen eta irmo eskatzen dugu gure kontrako edozein eraso, agresio, umilazio eta mespretxu errotik desagertarazteko.
• Nahi dugu aktiboki parte hartu eta erabaki gure etxeetan zein kalean.

Gure eskubideen alde borrokan tinko!

Martxoaren 8 honetan, bat egiten dugu gure herriko zein munduko emakume guztiekin, indarkeria jasan, bizi baldintza mixerableak pairatu eta askatasunik gabe daudenekin.

Bertan bizi, bertan erabaki! Gora Borroka feminista!!!!
 

 

 

Jendetza eta interes handia “Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria [bir]pentsatzen” jardunaldiaren lehen saioetan

0

Ipar Hegoa Fundazioak antolatutako "Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria [Bir]pentsatzen" jardunaldien lehen bi saioak burutu ziren pasadan ostegun eta ostiralean. Gaiak interes handia piztu zuen, hori erakusten du osteguneko zein ostiraleko saioetan aretoa bete izana. Datorren hitzordua apirilaren 25an dugu, non besteak beste, "Langile subjektibitate berriak eta sindikalgintza",  "Komunikazioa, ideologia eta hegemoniaren eraikuntza" eta "Ekintza eta eredu sindikala [bir]pentsatzen" gaiak jorratuko diren.

[Bir]pentsatzen
MARTXOAK 5 eta 6ko KRONIKAK
 Areto betea sindikalgintza eredu berria (bir)pentsatzen (
MARTXOAK 5 Goizeko saioa)
 Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria birpentsatzen, Ipar Hegoak antolatutako jardunaldien lehen saioaren kronika (
MARTXOAK 5 Arratsaldeko saioa)
 Jendetza eta interes handia Ipar Hegoaren “Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria (bir)pentsatzen” jardunaldiaren lehen saioetan (
MARTXOAK 6)

  

 

 


Una vez más, LAB mayoritario en el comité de empresa de Panda

Por segunda vez, LAB ha sido el único sindicato que ha presentado candidatura a estas elecciones sindicales. A la vista de la participación y los resultados, la mayoría de los trabajadores y tarabajadoras de Panda han apostado por continuar confiando en las personas que hace cuatro años pusieron en marcha el primer comité de empresa.

RESULTADOS

TOTAL DE ELECTORES: 206

TOTAL DE VOTOS: 128

PORCENTAJE DE PARTICIPACIÓN: 62,13%

VOTOS A LA CANDIDATURA DE LAB: 119

VOTOS EN BLANCO: 9
  

 

 

“Karta Soziala mugimendu feministatik eraikitzen”

0

Emakumeen Mundu Martxak deituta asanblada feminista burutu zuen emakume langileen nazioarteko egunaren bezpena Bilboko La Bolsa auzoetxean. Asanbladan Martxoak 8ko mobilizazioetara deituz batera, datorren larunbatean, hilak 14, Euskal Herriko Karta Sozialak "Aldaketa sozialak orain!, ¡tenemos alternativas!" lelopean burutuko den mobilizazioan parte hartzeko garrantzia azpimarratu zuten. Kartaren ardatz nagusietako bat da feminismoa, emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren aitortzarekin batera, eta hori aldarrikatzeko eguna ere bada Martxoak 14a.

KARTA SOZIALA FEMINISMOTIK ERAIKITZEN550

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eraldaketa sozioekonomikorako tresna bat da; aliantza sozio-sindikal herritar zabal batetik abiatuta, Hego Euskal Herriko erakundeei interpelatu eta exijitu egiten die erabakiak har ditzaten, egungo desberdintasun sozial egoera konpontzearren.

Hainbat antolakunde, mugimendu sozial eta sindikatutako feminista ugarik hartu dugu parte prozesu honetan, eta adierazi dugu Kartaren ardatz nagusietako bat feminismoa izan beharko dela emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren aitortzarekin batera.Prozesu ireki horretan izan gara, eta bagaude ere oraindik. Esaterako, iazko urtarrilaren 11en Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Bilbon asanblada feminista arrakastatsu bat antolatu genuen eta han Kartaren printzipio eta alternatibetarako ekarpen asko bildu ziren. Era berean, urte bereko otsailaren 1an 20 nazionalitate desberdinetako emakume migratzailerekin egindako tailer-topaketan beraien ekarpenak jasotzeko aukera egon zen. Ariketa kolektibo honek gure presentzia eta ekarpenak islatu zituen Kartaren esparru eta ardatz guztiak eraikitzerako orduan.

Feministok baditugu proposamenak aurrekontu-politiketan; arlo fiskalean; enpleguaren eta sozialki ezinbestekoak diren lanen birbanaketan; ingurumen- eta kultura-politiketan; aniztasunen aitortza eta errespetuan; biolentziarik gabeko bizitza baten defentsan; sexu- zein ugaltze-eskubideetan; krisiaren eragin negatiboa genero ikuspegitik aztertzerakoan; zaintzen aitortza eta berrantolaketa sozialean.., baita bizitzaren iraunkortasuna eta bizitza onaren aldeko apustuari dagokionez ere, besteak beste. Gure agenda ez da “emakumeen kontu”etara mugatzen; osotasunaren zati bat gara, eta ez da txorakeria gogoratzea biztanleriaren erdia ere bagarela.

Halaber, datorren martxoaren 7an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, berriro bilduko gara, norabide horretan parte hartzen eta aurrera egiten jarraitzeko.

Bestalde, ohartzen gara arrisku bat badagoela, alegia, emakumeen beharrizan eta aldarrikapenak errebindikazio orokorren multzoan baztertuta geratzea. Premiazkoa eta garrantzitsua zer den, bien arteko hautua, hor dago beti, eta horri dagokionez adi egon behar gara errebindikazioen bat egiteak eta imajinario sozial bateratuak begirada feminista ere aintzat har dezan.

Aliantza sozio sindikalaren abiapuntu hainbat errealitate eta ikuspuntu dira, zeinek agerian uzten dituzten eguneroko bizitzan aurrez aurre topatzen ditugun zapalkuntza desberdinak: klasea, arraza, adina, kultura, hautu sexuala, jatorri geografikoa edota egoera administratiboa, aniztasun funtzionala.., eta, noski, sexu-genero sistema bera ere, dominazio ardatz desberdinak zeharkatzen dituena.

Ikusten dugunez, agerikoak dira arrazoiak eta bat egiteko beharra organizazio, mugimendu sozial eta sindikatu desberdinentzat ibilbide kolektibo honetan sortuko diren zailtasun guztiei aurre eginez.

Aurtengo martxoaren 8 honetan, feministok aldarrikatzen dugu beste eredu ekonomiko eta sozial baten eraketan emakumeok nahitaezko subjektu politikoak garela eta Euskal Herriko Karta Sozialaren eraikuntzan feminismoa ezinbestekoa dela. Hau dela eta, Martxoaren 14ean emakumeok ere kaleak okupatuko ditugu aldaketa feminista ez bada ez delako benetako aldaketa izango.

MARTXOAK 7
: Emakumeon Mundu Martxak deitutako asanblada feminista Bilbon, La Bolsan 10:30tan.

MARTXOAK 8: Euskal Herriko hiriburuetako koordinadora feministen deialdiak/ Emakumeen Mundu Martxaren IV.Nazioarteko ekimenaren hasiera.

MARTXOAK 14: “Aldaketa soziala. Tenemos Alternativas” manifestazioak Bilbon (17:30 Bihotz Sakratua) eta Iruñean (17:00 Antoniutti parkea). Euskal Herriko emakumeok kalera aterako gara aldaketa feminista izango delako edo bestela ez delako benetako aldaketa izango.
 

 

Sindikalgintza eredu berriaren inguruko eztabaida kokatzeko jardunaldiak martxan dira

0

Ipar Hegoa Fundazioak "[Bir]pentsatzen: eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria" lelopean antolatutako jardunaldiei gaur eman zaie hasiera. Testuinguru sozial eta ekonomikoa azken hamarkadan etengabean aldatuz joan da. Zentzu honetan, sindikatuen egiturak, funtzioak eta praktikak sortzen ari diren errealitate guzti hauei begira egokitu behar direlakoan antolatu dira jardunaldiak, hausnarketarako espazio bat sortzeko, hain zuzen ere. Goizean zein arratsaldean aretoa goraino izan da. Bihar hitzordu berri bat dugu sindikalgintza eredu berriaren inguruko eztabaida kokatu eta bidea marrazten hasteko.

 Areto betea sindikalgintza eredu berria (bir)pentsatzen
 Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria birpentsatzen, Ipar Hegoak antolatutako jardunaldien lehen saioaren kronika
 

 

 


Sindikalgintza eredu berriaren inguruko eztabaida kokatzeko jardunaldiak martxan dira

0

Ipar Hegoa Fundazioak "[Bir]pentsatzen: eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria" lelopean antolatutako jardunaldiei gaur eman zaie hasiera. Testuinguru sozial eta ekonomikoa azken hamarkadan etengabean aldatuz joan da. Zentzu honetan, sindikatuen egiturak, funtzioak eta praktikak sortzen ari diren errealitate guzti hauei begira egokitu behar direlakoan antolatu dira jardunaldiak, hausnarketarako espazio bat sortzeko, hain zuzen ere.

 Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria birpentsatzen, Ipar Hegoak antolatutako jardunaldien lehen saioaren kronika