2026-07-02
Blog Page 1136

Behin-behinekotasunaren gorakada eta lanaldi partzialeko kontratazioaren hedapena salatzen du LABek

Gaur Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu duen Biztanleria Aktiboaren Inkestak dio 181.600 pertsona langabetu daudela Hego Euskal Herrian, duela zazpi urte baino bi aldiz gehiago. Beraz, 2015eko hirugarren hiruhileko langabezia tasa %13,7koa da.

Era berean, inkestaren emaitzen arabera, biztanleria okupatua %1 igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hau da 11.000 lanpostu garbi. Hala ere, okupazio mailaren igoera txiki honek ez du berdin eragin gizon eta emakumeengan. Hain zuzen ere emakumeen okupazio maila puntu bat murriztu da, hots, 5.500 emakume gutxiagok egiten dute lan.

Dena dela, azpimarratu behar da Biztanleria Aktiboaren Inkestarentzat, dagokion astean (elkarrizketa egin den ondo-ondoko astean), ordu batez lan egitea nahiko da okupatu gisa kontsideratua izateko. Eta Hego Euskal Herrian intentsitate urriko enplegua jasaten duten familietan bizi direnen kopurua bikoiztu baino gehiago egin da krisia hasi zenetik. Lan merkatuaren jokaera honek okupazio-kopuruak “apaintzeko” bide ematen du.

Bestalde, egiaztatu dugu ere azken hamabi hilabetean soldatapeko biztanleria 19.600 pertsonetan areagotu dela; baina, aldi berean, 7.000 lanpostu finko inguru galdu dira.

Izatez, krisialdiaren lehen urteetan, aldi baterako enplegua bortizki suntsitu izanak behin-behinekotasun tasa %20aren azpitik kokatu zuen; halaz ere, egun, honezkero %25a gainditzen du. Horrek esan nahi du soldata duten lau pertsonetatik batek aldi baterako kontratua duela.

Beraz, behin-behinekotasunaren gorakada, lanaldi partzialeko kontratazioen hedapena eta soldaten kontrako etengabeko erasoaldiak langileriaren pobretze orokortua dakarrela salatu behar dugu.

Baina faktore hauen atzean erreformaz erreforma lan harremanen eredua jasaten ari den aldaketa sakona dago. Gainera erreforma hauek egungo lan pobrezia izugarrizko mailetan kokatu dute.
 

 

 

Gaurko bilera antzerki hutsa izan da Kutxabanken partetik, CCOO eta Pixkanakarekin akordio batera iritsi bitartean

Gaur Kutxabankek, bertako plantilla doitzeko egitasmoaz eztabaidatzeko egin duen bileran, erakutsi duenak ez du islatzen benetako negoziazio maila. CC.OO eta Pixkanaka, azken urteotan Kutxabank pribatizatzeko eta eskubideak murrizteko estrategian enpresaren bidelagun izan diren bi sindikatuak, sukurtsalak ixtea, hedapenean sortu ziren “plantilla soberakinak” Hego Euskal Herrira ekartzea, inguruko beste herrialdeetatik Bizkaira derrigorrez eta egunero joan behar izatea eta kaleratzeak negoziatzen ari dira.

Kutxabankek, haren estrategiarekin bat egin duten sindikatuen kontra, barne mailan, egin diren kritikak gerarazteko asmoz, bilera honetara deitu gaitu denbora irabazi nahian, eta horrela egitasmo txar hau negoziatzen jarraitu ahal izateko. Kutxabanken etorkizuna arriskuan dago. Gero eta gehiagotan aditzen da erakunde hau beste finantza erakunde handi batek irentsiko duela. Doitzeko neurri hauekin, langileek eragin kostua merkatuz, desiragarri bihurtuko lukete.

Kutxabanken zuzendariak asmo onez jardungo balira, proposatuko lukete behar besteko enplegua sortu beharko litzatekeela 500 langile baino gehiagoren irteera orekatzeko.
Kutxabanken nondik norakoek, banku bilakatu zenetik, burtsara behin betikoz aterako dela edo beste enpresa batek xurgatuko duela adierazten dute. Lehen hiruhileko honen emaitzek, banka-negozioan galerak izan dira, ideia hori indartzen dute. Beren aretoak eta partaidetuak burugabeki saldu izanari esker bakarrik eusten ari zaio tiraldiari, kudeaketa ezin txarragoa eta arduragabea disimulatuz.

 

 

 

Buruntza-Goierriko LABeko delegatuek #alternatibenherria joateko deia egin dute


Buruntza-Goierriko delegatuek larunbatean Bilbon egungo politiken aurrean alternatibak badirela erakusteko eragile sozial eta sindikalok antolatutako Alternatiben Herrian parte hartzeko deia luzatu dute gaur.

 

 

 


Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmenaren benetako negoziaketari uko egiten dio ADEGIk

0

Gaur, berriro ere, ADEGIrekin bildu gara Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. Patronalak bere hasierako plataformatik puntu atzerakoi batzuk kendu arren benetako negoziazioari ekin gabe jarraitzen du.

Sindikatuek, behin eta berriro, exijitu diogu alde bion arteko akordioetatik enpresek aplikatzen duten deskuelgearen ondoren hartu beharreko neurriak adosteko proposamen sindikalak baloratzen hastea. Berriro ere, gure proposamenak ezezkoa jaso du.

ADEGI, negoziazioaren blokeoa ekar dezaken jarrera oztopatzailea mantentzen ari da. Bere interesei begira bakarrik ari da. Ez du onartu nahi gaur egungo sektoreko egoerak —merkatuaren gora-beherak, produkzio egoera txarra …— enpresetan aplikatu beharreko neurri oro adostera behartzen gaituela sektoreko enpresen bideragarritasuna bermatu nahi bada.

ADEGI sektoreko negoziazioa arrisku interesatu batera darama. Egoera honen aurrean ELA eta LAB sindikatuek enpresetako langilei gure balorazioa helaraziko diegu eta hemendik aurrera mobilizazioak egitea baloratuko dugu.
 

 

 

ONCEren politikek langileok soberan gaudela erakusten dute

0


ONCE ezgaitasuna duten pertsonen, eta batez ere ikusmen ezgaitasuna dutenen, alde egiten duelakoan dago. Zerbitzuak eta enplegua emateaz arduratzen dela badio ere langileok soberan gaude. ONCEk dagoeneko, sortu zeneko helburuak ez ditu betetzen. Datu batzuk jartzearren, 2003an ikusmen ezgaitasuna duten 13.000 pertsona ari ziren lanean eta 2014ean 6.300.

Azken urteetan langileen kopurua %15a jaitsi da, 100 lanpostu galdu dira gutxigorabehera EAEn eta 1.000 Estatu mailan. Horrez gain azken urteotan, Durango, Azpeitia, Irun, Errenteria, Arrasate, Ordizia, Tolosako eta Tuterako lantokiak itxi dira, horrek dakartzan ondorioekin: lanpostu galerak, kaleratzeak eta zerbitzu murrizketak. Sartzen diren langile berrien lan baldintzak, penagarriak dira, 700€ko soldatekin eta oporretan eta atseden egunetan lan egitera eta lan eguneko ordutegiak luzatzera derrigortuak ONCEk eskatutako salmenta helburuetara heltzeko, bestela ez bait dago kontratua luzatzerik. Hala, sartzen diren langilen erdiari ez zaie kontratua luzatzen. Gainera, jarritako helburuetara ez heltzeagatik, langileek isunak eta kaleratze gutunak jasotzen dituzte.

Soberan gaude, ONCEk bere produktuak kanporatzeko erabakia hartu duelako, hau da, bere produktuak beste bide batzuetatik saltzeko aukera eman duelako, (estanku, gasolindegi eta prentsa kioskoei), betiko saltzaileei konpetentzia zuzena eginez.

Ikusmen ezgaitasuna eta mugikortasun mugatua duten pertsonak, soberan gaude ONCEn, terrazetan eta tabernetan eskaintzera derrigortzen gaituztelako, kioskoen segurtauna alde batera utziz, istripuak eta lapurketak areagotuz, saltzaileen arteko aldea nabarituz. ONCEk kontratatzen dituen saltzaile berriaren perfila, ikusmen ezgaitasuna ez duen eta mugikortasun handia duen pertsonarena da, kotxea baldin badauka hobe.

Eta orain, gizarterako lan garrantsitsu hau borobiltzeko, ONCEk Correosegaz akordio batera heldu da, zozketa berezietako kupoiak Correoseko bulegoetan saltzeko aukera emanez, eta horrela egiten ari dira bere 3000 bulegoetan. Erabaki hauekin, soberan gaude eta soberan egoten jarraituko dugu

 

 

 

Motorrak martxan larunbaterako

Alternatiben Herria posible egitetik gero eta gertuago gaude. Bi egun besterik ez zaizkigu falta, hilabete hauetan guztietan bildutako indarrak eta egindako lanak kalera, plazara ateratzeko. 

Urriaren 24an Bilboko kaleak Alternatiben Herriaren eskaparate bihurtuko ditugu. Euskal Herriko 150 eragiletik gora batu gara ekimen honen bueltan, Euskal Herrian inoiz antolatu den ekimenik anitz eta parte hartzaileenaren aurrean gaude. Sekulako lana egin da hilabeteetan eta emaitza ikusteko unea iritsi da. 

Guztion gozamenerako, egitarau konpletoa dugu larunbaterako. Aldarrikapen, gogoeta eta ospakizun eguna izango da. Egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleiho bihurtuko zaigu Bilbo; elkarren arteko topagunea. 

“Bizitza burujabea eskubide osoz” aldarrikatuko dugu. Euskal Herriko eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean badira hamaika pertsona eta eragile egunez egun alternatibak eraikitzeko lanetan. Eragileok elkartu, alternatibak batu eta plazara aterako ditugu egitasmo honi esker.

Sona handiko gonbidatuak izango ditugu gurekin: nazioartetik, Cat Boyd, David Fernandez, Frederick Viale edo Florent Marcellesiren pareko izen handiak. Eta horiekin batera bertoko erreferentzia esanguratsuak, esaterako, Mario Zubiaga, Txutxi Ariznabarreta, Iratxe Ibarra, Oihane Enbeita, Gotzon Barandiaran, Paul Bilbao, Txiki Muñoz, Saioa Iraola, Yolanda Jubeto, Ana Perez, eta LABeko Ainhoa Etxaide, Bea Martxueta eta Garbiñe Aranburu, beste askoren artean. 

Auzolanean aterako dugu aurrera egitasmoa, ehunka lagunen atxikimendua eta ekarpena jaso du dagoeneko Alternatiben Herriak. Baina gehiago behar da, ekimena diruz eta lanez laguntzen jarraitzeko aukera dugu oraindik. Azken txanpan gaude, egin dezagun azken ahalegina. Oraindik ekarpen ekonomikorik egin ez duenak, zabalik du “crowdfundinga”. Eman diezaiogun azken bultzada, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira!

Larunbatean milaka lagun espero ditugu, eta ehunka bolondres arituko gara lanean. Animatu nahi izanez gero, oraindik badago aukera eta beharra. Eman izena. Baditugu Alternatibak, goazen Bilbora!

 

“Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea”


"Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" lelopean Gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin dugu gaur Usurbilen pasadan astelehenean izangako heriotz istripua salatzeko. Lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak hartzea ezinbestekoa da eta hori aldarrikatu dugu gaurkoan ere.

 

 

EITBko Zuzendaritzak LABek EITBNETen duen ordezkari bat zigortuta dauka arrazoi ideologikoengatik

0

Joan den ekainean Iñigo Herce eitb.eus atariko albistegietako arduradunak webguneko arratsaldeko editorea kargutik kentzea erabaki zuen, “konfiantza galera” argudiatuta, apirilaren 16an publikatutako bideo baten harira. Bideoan Joseba Egibar EAJren bozeramailea eta Iñigo Cabacasen gurasoak eztabaidan ikusten dira, Legebiltzarreko pasillo batean. Irudi horien harira, presioak izan ziren, hasieran, Legebiltzarrean bertan, ETBko kamerari ez grabatzeko eskatuz, eta, ondoren, EITBNETeko erredakzioan, bideo hori “bigarren maila” batean jartzeko aginduz.

Editoreak EITBNETeko Erredakzio Kontseiluari jakinarazi zion egun hartan jazotakoa eta ondoren LAB sindikatuak oharra kaleratu zuen gertatutakoa salatuz. Bada, horixe izan zen Iñigo Hercek eitb.eus-eko arratsaldeko editoreari emandako arrazoia kargutik kentzeko: gertatutakoa Erredakzio Kontseilura eraman eta ondoren “laneko tirabira” hura publiko egin izana ez zitzaiola batere gustatu eta, beraz, kargutik kentzen zuela, berarengan jada konfiantzarik ez zuelako.

Erabaki hori hartu eta egun gutxi batzuetara Iñigo Hercek EITBn zituen ardurak utzi (eitb.eus-eko albistegien arduraduna eta EITBko multimedia albistegien koordinatzailea) eta Donostiako Udaletxera joan zen lanera: egun Eneko Goia EAJko alkatearen prentsa-arduraduna da.

Gauzak horrela, halako mehatxurik ez genuela onartuko ohartarazi genion LABetik behin eta berriz Zuzendaritzari, eta gauzatu ezkero aurrerantzean ez zutela gurekin ezer ere negoziatuko. Irailean, mehatxua gauzatu egin du Zuzendaritzak, eta eitb.eus atariko editore postutik kendu dute LABeko ordezkaria.

EITBko LABentzat erabakia eraso politikoa izan da. Ez da lehen aldia halakorik gertatzen denik, eta ardura maila guztietako postuak atzamarrez eman eta kendu egin izan dira beti, inolako hautapen prozesu objektibo eta gardenik gabe. Irizpide subjektiboen arabera banatzen dira ardurak, batez ere ardura horiek eragin politikoak (edota partidistak) dituztenean.

LABekook jada planto egiten diogu jokabide horri, eta nahiz eta arazoa errotik konpondu ez, hasteko LABeko ordezkaria bere postura itzuli arte Zuzendaritzarekin ez dugu ezer negoziatuko. Jakitun gara jarrera hau publiko egiteak konponbidea zaildu egiten duela, eta Zuzendaritzak aitzakia faltsuak asmatuko dituela, baina saiakera ugariren ondoren ez digu beste biderik utzi.