2026-05-14
Blog Page 1128

Emakume Mundu Martxaren IV. Nazioarteko Ekintza Euskal Herrian

Emakume Mundu Martxak bost urtetik behin Nazioarteko Ekintza bat burutzen du. Aurtengoan IV.na burutuko da eta irailaren 28tik urriaren 4ra Euskal Herrian izango da. Martxoaren 6an Kurdistanen hasi zen ekimena eta urriaren 17an emango zaio amaiera Lisboan.

Emakumeen Mundu Martxa 1995ean “Ogia eta larrosak” izeneko lehen martxa batekin hasi zen mugimendua da, ondoren Emakumeen Mundu Martxa (EMM) izena hartu zuena. Urteetan ekimen hau nazioarte mailan emakumeen arteko aliantzak sortzen aritu da lanean, eta helburu nagusi gisa sare feminista bat sortu eta munduan nagusi den matxismoa ikusaraztea izan du.

Europa osoa zeharkatuko duen ibilbide batekin gauzatuko da IV. Nazioarteko Ekintza. Hilabete hauetan zehar EMMko hainbat kide herrialde ezberdinetan barrena ibili dira, sarea sortu eta hainbat aldarrikapen zabaltzen. Martxa Euskal Herrira irailaren 28an helduko da Tafallara eta urriaren 4a bitarte herri ezberdinak zeharkatuko ditu Bilbon azken ekimen nazionalarekin amaitu arte.

Aurten lau lan-ildo adostu dira mundu mailako emakumeen sarearen eduki eta helburuak barnebiltzen dituztenak:

  • Sistemarteko indarkeriak. Egunerokoan mendean hartu eta azpiratzen gaituzten eta gure gorputz eta lurraldeetan egikaritzen diren opresio sistema anitzak salatzen ditugu. 
  • Bizitzaren iraunkortasuna bizitza erdigunean jartzea da eta inola mozkin ekonomikoa edozerren gainetik lortzea helburu duen merkatuen logikaren baitan. 
  • Gorputzak eta sexualitateak. Gure gorputzak gure lurraldeak dira, eta beraz, haiekiko jabetza eta autonomia aldarrikatzen ditugu.
  • Sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea. Lurralde ezberdinetatik gatozen emakumeak gara, bizipen, ibilbide, jakintza, gaitasun, identitate, borrokamodu eta aldarrikapen ezberdinekin, eta horiek defendatu, balioetsi eta errekonozitu nahi ditugu, hierarkiarik ezarri gabe. 

LABetik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kide moduan, antolatu diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. Berdintasunaren bidean urrats berriak emateko aukera paregabe baten aurrean gaude.
 


EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA

IBILBIDEA

KARTELA

BILBOKO EKITALDIA

 

Euskal preso politikoek pairatzen duten urruntze eta sakabanaketa politika salatzen du LABek

LAB sindikatuak hileko azken ostegunetan kontzentrazioa egiten du DEBALDEA eskualdean Euskal Preso politikoen eskubideen defentsan. Atzokoan, Arrasateko EROSKIko biribilgunean 30 delegatu inguru elkarretaratu ziren Euskal preso politikoek pairatzen duten urruntze eta sakabanaketa politika salatzeko.

Sakabanaketa presoen oinarrizko giza eskubideen urraketa eta presoen senide eta lagunen kontrako zigor gehigarria bat da eta LABetik gizarteari presoen eskubideen alde eta gatazkaren konponbidearen alde indarrak batzeko deia egiten dugu. Larunbatean hitzordua dugu Donostian larriki gaixo diren presoen etxeratzea eskatzeko Sarek antolatutako manifestazioan.

 

 

LAB eta ERNAIk elkarlanaren bidean urrats berriak emango dituzte

0


Erronkaz beterik datorkigu kurtso berria eta hauei aurre egiteko lehentasunak eta plangintzak finkatu eta konpartitzeko lanetan dabil sindikatua. Helburu honekin batu da gaur, hilak 23, LAB sindikatua ERNAIekin. 

Pasa den kurtsoa urte garrantzitsua izan zen LAB eta ERNAIen arteko elkarlanari dagokionean. Ezin balorazio positiboagoa egin. Emaitza garrantzitsuak utzi zizkigun. Hor dugu adibidez elkarrekin atera genuen Gaztegida, bertan lan mundura sartzen diren gazteen eskubideen ezagutzari begirako informazio jasotzen zen. Aurten norabide horretan urrats berriak emango ditugu, hala nola ezagutzatik aldarrikapenerako jauzia eginez.

Esan bezala aliantzan sakontzera goaz. Elkarlanari eutsiko diogu aurtengo kurtsoan adostuko ditugun helburu berriei begira aurrera egiten jarraitzeko. 
 

 

 

 

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen du LABek

Bestelakoak dira gatazkaren konponbidean aurrera egiteko beharrezkoak zaizkigun urratsak. Estatuaren oldarraldiaren aurrean mobilizazioa ezinbestekoa da, baita gainerako korapiloek askatzeko ere. Korapilo horietan lehentasunezkoa dugu presoen afera. 

Espainiar eta Frantziar Estatuetako espetxeetan 450 preso politiko daude, eta horiei guztie aplikatzen ari zaizkien salbuespenezko politikekin amaitu beharra dago. Eta zentzu honetan, presoen egoerari aterabidea ematea lehentasunetariko bat da euskal langileontzat ere.

Ostiral honetan, hilak 25, Entzutegi Nazionalak bilkura egingo du euskal preso politikoek banaka egindako Euskal Herriratze eskaerei erantzuteko. Erabaki horren atarian ostegunean, irailak 24, “Euskal preso eta iheslariak etxera” lelopean deituak izan diren mobilizazioekin bat egiten du LABek eta euskal langile eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.
 

 

 

Estatuak, errepreserioarekin, independentzia nahi dugun herrion bidea zapuztu nahi du

Gaur goizean Ipar Euskal Herrian izan diren atxiloketen harira, Estatuaren jazarpen errepresiboa salatu beharrean gaude beste behin. Estatuak Independentzia nahi dugun herrien kontra errepresioa erabiltzen ari dira behin eta berriz. 

Estatuak izan du aukera armagabetze prozesua laguntzeko, baina gatazkaren konponbiderako eskaintza orori, baita aurreko horri ere, ateak itxi dizkio, eta borroka armatuaren kontra egitea erabiltzen du aitzakia gisa Euskal Herriaren kontrako jazarpenean sakatzeko, eta bere benetako helburuari eusteko: independetzia helburu dugun herrioi bidea moztea.

Ez du lortzen, ordea, ezta jazarpen eta oldarraldi errepresiboekin ere, bere buruaren jabe izateko aurrera egin nahi duen herria geldiaraztea.

Errepresioak, azken eraso honek, berehalako erantzunak eskatzen ditu: kalera irten eta mobilizatzea. Baina horrez gain, errepresioari erantzun behar diogu horretarako dugun biderik onenarekin, gure helburuetan berretsiz. Independentzian helmuga jarriz, herri gisa, gure bidea egiten jarraitu behar dugu.

LABek Euskal Herriko langile eta herritarrei dei egiten die atxiloketa hauek salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak inboluzio sozial baten aurrean kokatzen gaituzten murrizketak aplikatu nahi dituela salatzen du LABek

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi berri du eguneko zentro eta erresidentzietako plaza kopurua murrizteko asmoa duela, hauek bere garaian pertsona dependienteen eta elbarrien beharrei erantzuteko aurreikusi zirenen oso azpitik geratuko lirateke.

Era berean, zalantzan jarri du beharrean diren ehunka familiek Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzen jarraituko dutenik. Gipuzkoan baliabide ekonomiko handienak dituzten pertsona gutxi batzuen mesedetan kontrarreforma fiskal bat martxan jarriko duela esan eta erraustegiaren eraikuntzaren berri ematearekin batera egin ditu adierazpen hauek.

LAB sindikatuaren ustez, berriro ere agerian geratzen da zein diren EAJren interes eta kezkak. Pertsona dependienteen eta hauen beharrak gorantza doaz eta pobrezia poltsa haundi bat dago momentu honetan Gipuzkoan, baina zerbitzu sozialetako ahaldunak ez du murrizketen diskurtsoa baino ezer hoberik proposatzeko. Hainbestetan aipatzen duten “pertsonekiko konpromisoa” publizitate hutsa da, egiten ari diren politika lotsagarriak izkutatzeko modu bat: ezberdintasunen gorakada, gastu publiko eta soziala poltsiko eta alferrikako proiektu pribatuetara desbideratzea, eskubide sozialen murrizketam laguntza sozialak prekarizatzea,…

Gipuzkoan inboluzio sozial baten iragarpenaren aurrean gaude. Zerbitzu sozialek eta hauen izaera publikoak ordaiduko dute, pertsonek eta beren ongizateak, justizia sozialak eta berdintasunak. Ezin dugu onartu kohesioa eta herritarren bizimodu onarentzat ezinbestekoak diren zerbitzuetan atzera egitea. Mugimendu sozial eta sindikalek, eragile eta plataformek ongizate kolektiboaren gainetik proiektu antisozialak lehenesten dituzten horiek geldiarazi behar ditugu.

 

 

 

AHT basati eta xautzailea geldi dezatela eskatu dute gaur Bilbon

0

AHTri buruz hitz egiteko Ana Pastorekin, Ana Oregi (Eusko Jaurlaritza), Donostia, Gasteiz eta Bilboko alkateak, Madrilera joango diren egunean AHT Gelditu! Elkarlanak Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan aurrean elkarretaratzea egin du. "AHTreako diru gehiagorik ez! TAV STOP No al despilfarro" lelopean proiektua basati eta xautzailea geldi dezatela eskatu dute. Proiektu hauen aurrean alternatibak badirela adierazi dute AHT Gelditu! Elkarlanetik, eta hauek ezagutu eta bultzatzeko urriaren 24an Bilbon izango den "Alternatiben Herrian" parte hartzeko deia luzatu dute.
 

 

 

LABek Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuko buruaren hautatze prozesua gelditzea eskatzen du, euskara baztertzen duelako

LABek prebentzio zerbitzuko buruaren hautatze prozesua berehala gelditzeko eskatzen du, euskara baztertzen duelako 

– Ez du lantaldeari zerbitzu hori euskaraz ematerik bermatzen.

– Euskararen normalizazioa hipotekatzen du arlo horretan datozen 20 urteotarako.

LAB sindikatuak publikoki salatzen du Metro Bilbaon hizkuntzen alorrean erakusten duen sentsibilitate eskasa.

Atzo, igandea, irailak 20, kanpoko hautatze prozesu bat iragarri zen prentsan, Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuaren arduradun izango dena kontratatzeko.

Besteak beste, euskarazko B1 eskakizuna egiaztatu beharko da.

LABek salatzen du maila horrekin ez dagoela prebentzio arloa euskaraz kudeatzerik, ez baita hizkuntza horretan txostenik edota espedienterik sortzeko edo ulertzeko gaitasunik bermatzen.

Era berean, pertsona hori erakundeko mediku lanetan ere arituko da eta, horrela, ezinezkoa izango zaio euskaraz komunikatu eta ezelako diagnostikorik ematea.

LAB sindikatuak ez du ulertzen zelan, kanpoko hautatze prozesu baten aurrean, ez den lantaldea bi hizkuntzetan artatzeko gai izango den profesionalik onena bilatzen.

Metro Bilbaoren zuzendaritza euskaraz bizi eta lan egin nahi duten pertsonak baztertzen ari da horrela, modu kontziente eta aurrez pentsatuan.

Xehetasun gisa, prebentzio alorrean haren azpian eta esanetara aritu behar duenari (teknikaria) B2 hizkuntza eskakizuna eskatuko litzaioke kanpoko kontrataziorik egin behar izanez gero, baina hierarkian gainean dituenekin ez dira hain zorrotz eskakizun horiek. LAB ez dago neurri horrekin ados eta nagusiei gutxienez beren esanetara ari direnei besteko maila eskatzea aldarrikatzen du.

Agerian geratu da, berriro ere, hiriarteko tren konpainiako zuzendaritzak euskararen normalizazioari buruz duen sentsibilitate eta inplikazio eskasa. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak sinatutako hizkuntzen kudeaketarako politika izan arren, apaingarri, itxura eta marketin hutseko elementua baino ez da, asmo adierazpen hutsa, aurrera egin edo burutzeko aukera txikienaren dagoenean ahaztu, eta aplikatzea saihesten baita.

Horregatik guztiarengatik, LAB sindikatuak prozesua berehala eteteko eskatzen du, eta lanpostuaren beharretan euskaraz bizi eta lan egin nahi duten langileekin harremanak euskaraz izatea ahalbidetuko duten eskakizuna sartzeko.
 

 

 

Gipuzkoako Ogasunak jakinarazi du enpresarien pribilegio zaharrak berreskuratuko dituela

Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru-ogasun diputatuak, gaur bertan baieztatu du Aberastasunaren eta Fortuna Handien zergaren erreforma gertu dagoela honezkero, eta haren helburu nagusia enpresen partaidetzak zerga ordaintzetik salbuestea dela.

Horrela, EAJren foru-gobernuak enpresari gipuzkoarrei antzinako pribilegioak eta prebendak itzuli nahi dizkie. Honen bidez zerbitzu publikoen mantentzeari eta aberastasunaren birbanatzeari egiten dieten ekarpena murriztu nahi dute.

Honez gain, erreforma hau “diru-bilketaren datu onak” ematen ari direnaren testuinguruan kokatzen dute. Horrek erakusten digu azken urteetan batzuek ez dutela ezer ikasi, adibidez, 2008. urtean, Ondarearen gaineko Zerga indargabetzea erabaki zuten hartan.

Zalantzarik gabe, EAJk proposatu duen Aberastasunaren eta Fortuna Handien zergaren erreformak diru-bilketa murriztea ekarriko du eta haren onuraduna gutxiengo bat baino ez da izango. Era berean, zerga-ingeniaritza erabiliz egindako maniobrekin zerga saihesteko bide berriak irekiko lirateke berriro ere.

Hitz batez, zuzenagoa eta bidezkoagoa den zerga-sistema lortzetik are urrutiago gaude.