2025-12-14
Blog Page 1117

Ekintza sindikala indartzeko dinamika martxan da

Lantokietako ekintza sindikala berritu eta indartzera goaz LABetik. Egoera aldatu egin da, langileontzat okerrera aldatu ere, eta horren aurrean, ekintza sindikala urrats berriak eman behar ditugu. Nola? Gure eskaintza eta praktika sindikala berrituz. Sindikatuon erronka ez da dagoenaren gainean langile batzuren egoera hobetzea, egoera bere osotasunean aldatzea baizik, langile guztien egoera hobetu ahal izateko. Horretara goaz.

Patronalaren ahalmena eta pribilegioak ziurtatzen dituzten arauak gailendu dira. Lehen akordioa behar zen lan baldintzak aldatzeko, orain enpresariek beren kasa aldatu ditzakete, ez dute akordiorik behar euren asmoak aurrera ateratzeko.

Langileoi negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu digute. Lehenagotik zetorren desarauketari, orain, enpresarien aldebakartasuna gehitzen zaio. Negoziazio kolektiboa ezinbestekoa da, bai, eta negoziazio kolektiboan eta hitzarmenak defendatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere, baina ezin dugu gaurko joko arauetara mugatu.

Langileok bizi dugun prekarizazio prozesuaren aurrean erabaki berriak hartu behar ditugu. Inor ez dago salbu. Langile guztiok gaude modu batean edo bestean prekarietatearen jopuntuan. Gauzak aldatzeko giltza non dago? Ekintza sindikala, lantokietako borroka indartzea, helburu berriak jarriz eta bide berriak irekiz.

Egoera berriak erantzun berriak eskatzen ditu, eta LABen erabaki dugu momentua dela sindikalgintzaren inguruko gogoeta sakon bat egiteko. Gure sindikatua etorkizunean nolakoa izango den erabakitzeko eztabaida ireki dugu. Eta bien bitartean, iparrorratz berarekin, luzera begirako gogoetak motzera begirako erabakiekin elkarlotu ditugu: prekarietatearen kontra borrokatzeko gaitasunak markatuko du sindikalgintzaren oraina eta etorkizuna.

Lantokietan abiatzera goazen dinamika iraunkor honekin prekarietatearen kontrako borrokari zentralitate osoa emango diogu. Langile kolektibo guztion erreferentzia bihurtu behar dugu, eta gure eguneroko arazoei erantzunak eta alternatibak eskaini.

LABen eskaintza sindikala lantoki guztietara eramango dugu, gure delegatuen eskutik. Bost zutabe nagusi ditugu: kalitateko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara. Eremu horietan benetako neurriak hartuz errealitatea aldatu daiteke. Hor dugu erronka. Enpresaz enpresa, eremuz eremu, beharren araberako ekimen desberdinekin osatzen joango gara bidea.
 

 

Langile borrokaz eta herriaren elkartasunaz TS irekitzea lortu dugu

0

Hilabeteetan itxaroten egon ondoren, hainbat borroka eta protestaren bidez TS FUNDICIONES enpresako langileek aldarrikatu dutena gaur gauzatu da. Oztopoak oztopo, langileek egindako mobilizazio ezberdinak( kontzentrazio, biluzte, itxialdi, okupazio…) , alor juridikoan egin dugun lanak eta Zestoako herriaren Urola Kostako bailararen elkartasunak (sinadura bilketa, gazte mobilizazioak,…) egin du guzti hau posible.

Izan ere, gaurkoan zuten hitzordua Ts. Fundiciones enpresa erosteko aurkeztutako eskaintzak hobetzeko asmoa zuten Euskapital Partners eta Gonvarri Renewable Industries enpresek Donostiako Lan Arloko Epaitegian.

Jakin ahal izan dugunez, subasta horretan irabazle Gonvarri Renewable Industries suertatu da.

Gogoratu nahi dugu, langileen ekimenari esker, Gonvarri Renewable Industries-k bere eskaintzan lehenagoko langileak kontratazteko eta Gipuzkoako Metaklgintzako hitzarmena erreferntzia moduan hartzeko konpromisoa hartua duela. LABek akordioa bete dadin bermatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.

Zestoako herriarentzat, eta Urola Kosta eskualdearentzat albiste ezinhobea da TS Fundicionesek aurrera egin ahal izatea, eta orohar langileriarentzat: frogatzen baitu langile borrokak gaindiezinak diren mugak gaindi ditzakeela

Baina hau ez zaigu zerutik erori: Oztopoak oztopo, langileek egindako mobilizazio ezberdinak( kontzentrazio, biluzte, itxialdi, okupazio…) , alor juridikoan egin dugun lanak eta Zestoako herriaren Urola Kostako bailararen elkartasunak (sinadura bilketa, gazte mobilizazioak,…) egin du guzti hau posible.
 


 

 

LABek kezka erakutsi du Alfa taldeko Mecánica Mallabiaren etorkizunaren aurrean

0

LAB sindikatuan kezkatuta gaude taldeko hainbat enpresen egoera dela eta (batez ere Mecánica Mallabi-rengatik) eta horregatik enpresari informazioa eskatu eta zuzendaritzak informazio hori ez emateak suposatzen duen gardentasun falta salatu nahi dugu. Alfa Taldeari proiektu honekiko erabateko konpromisoa berretsi dezala exijitzen diogu eta bai Bizkaiko Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari bilera bana eskatuko diegu, enpresa honen etorkizunaren alde lan egin dezaten.

2012ko urrian taldeko zuzendaritzak eginiko kudeaketa eskasaren ondorioz, enpresa taldea konkurtso egoeran sartu zen. 

Konkurtsoaren baitan 100 lanpostu baino gehiago suntsitu ziren eta taldeko enpresa gehienetan soldata jaitsiera bat aplikatu zien langileei zuzendaritzak, Madrilgo gobernuak onartu berri zuen lan erreforma aplikatuz. 

2013ko abenduan enpresa konkurtso egoeratik atera zen.

Konkurtsotik atera ondoren ere hainbat lanpostu suntsitu dira, gehienak Bizkaian kokatutako Mecánica Mallabin.

Taldeko empresa guztiak ALFA LAN (enpresa nagusia) deritzon enpresatik kudeatzen dira eta langileen ordezkariek enpresa honi buruzko informazioa behin eta berriz eskatu dioten arren, zuzendaritzak ukatu egin die informazio hau langileen ordezkariei.

LAB sindikatuan kezkatuta gaude taldeko hainbat enpresen egoera dela eta (batez ere Mecánica Mallabi-rengatik) eta horregatik enpresari informazioa eskatu eta zuzendaritzak informazio hori ez emateak suposatzen duen gardentasun falta salatu nahi dugu.

Enpresaren egungo egoera
Alfa Talde osoaren egoera kezkagarria izanik, kezka berezia sortzen digu Mecánica Mallabia enpresaren egoerak. Enpresaren kudeaketa txarra dela eta, azken 4 urteotan, enpresak langileen erdia baino gehiago kaleratu ditu. Zehazkiago, 2011an zituen 181 langileetatik, egun, 86 langile baino ez ditu. Epealdi berean, enpresaren fakturazioa %75a jaitsi da. 2011an 27,3 milloi fakturatzetik 2014an 7,6 milloi fakturatzera pasatu da eta aurtengo 5,2 miloiko aurreikuspena besterik ez dago. Urte hauetan zehar ere, 2009an Alfa Taldeak sortu zuen Errumanian dagoen Rumagol enpresara hainbat makina eta langile bideratu ditu, Mecánica Mallabiaren lehiakidea izanik. Datu guzti hauek ikusirik, oso kezkatuta gaudela aitortu behar dugu.

Gure iritziz, larriena zera da, ez dugula ikusten Alfa Taldearen aldetik enpresa honen aldeko apustu argia eta irmoa egiten duenik. Ez du oraindik orain enpresaren etorkizuna bermatuko duen industria-plan serio bat aurkeztu. Langileok, behintzat, ez dugu ezagutzen.

LABek ez du inongo zalantzarik Mecánica Mallabi bideragarria dela eta etorkizuna duela. Lan merkatua badu, lehiakorra da, langile formatu eta konprometituak dituena. Hau guztia dela eta, LABek aurreikusten duen eszenatoki bakarra enpresa aurrera egitea da. Helburu honekin, LABek bere esku dagoen guztia egingo du. Ez dugu utziko kudeaketa txarrarengatik edota bestelako interesengatik enpresa hau arriskuan jartzea. 

Beraz, Alfa Taldeari proiektu honekiko erabateko konpromisoa berretsi dezala exijitzen diogu. Honetaz hitz egiteko, berriro ere Taldeari bilera bat eskatuko diogu , orain arte bilera hau ukatu diguten arren.

Hori dela eta, bai Bizkaiko Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari bilera bana eskatuko diegu, enpresa honen etorkizunaren alde lan egin dezaten.
 

 

 

LAB Osakidetzako Mahai Sektorialetik altxatu da beste sindikatuekin batera

0

Gaur LAB Sindikatua, beste sindikatuekin batera, Osakidetzako Mahai Sektorialeko mahaitik altxatu egin da. Sindikatu guztiak Mahaira joan gara Osakidetzako Giza Baliabideko Zuzendariari galdera berdina egitera: borondaterik ote duen EPE honetan plaza kopuru gehiago mahai gainean jartzeko.

Osakidetzaren aldetik hitz politak baino ez ditugu entzun eta jarraian gure galderari ezetza eman dio. Protesta moduan sindikatu guztiak altxatzea erabaki dugu. LAB pozik dago sindikatu guztiok aho batez Osakidetzari planto egin diogulako.

Osakidetzak negoziazio partzialak bilatzen ditu, baina Batasun Sindikalean adostutako puntuak negoziatu arte ez dugu amorerik emango, gure aldarrikapenak justuak direlako eta gure osasun sistema publikoa defendatu nahi dugulako.

Altxatu aurretik Jose Maria Armentiak sindikatu guztion proposamenak entzun behar izan ditu. LABk mahai gainean jarritako EPEa guztiz ez nahikoa dela esan dio, ez soilik enplegu berria sortzeko orduan, baita gaur egun 9500 langile baino gehiagok burutzen duten behin-behineko enplegu prekarioarekin amaitzeko ere.

LABen irudikoz, enplegua suntsitzen duen EPEa dugu hau. Gainera, ez da kategoria guztientzako EPEa, hainbat esparru guztiz pribatizatzeko asmoa erakusten duena (adibidez, operario plazarik ez, zelari plaza gutxi, mantentze plazarik ez…).

LABn ustez garaiz gabiltza bidea zuzentzeko. Horregatik, eta EPE puntuari dagokionez, Osakidetzari honako urgentziazko gutxienekoak bete ditzala eskatu diogu:

1-Batasun sindikalean adostutako plaza kopurua: 3000tik gora

2-Kategoria guztiak. Operario, sukaldari, mantimendua.

3-Gaitegi propioak: Osakidetzak egin ditzala gaitegi ofizial eta bakarrak.

4-Tasarik ez.

5-Formazioaren inguruko negozioarekin amaitu.

6-Merituen zerrenda (hizkuntzak, tituloak…) berdina kategoria guztientzat.

7- Barne promozioaren bitartez sortutako hutsuneak, erresultetara pasatu plaza finko bezala.

8-Barne promoziorako librerako baino plaza gehiagorik ez. Operario eta zelari kategoriak desagerrarazi nahi dituzte.

9-Euskara hizkuntza ofizialaren izaera errespetatu, erabiltzaileon hizkuntza eskubideak babesteko eta ikasi duten langileen esfortzua saritzeko.

10-Ateratako nota mantendu: behin EPE bat gaindituta, nota hori mantentzeko eskubide hurrengo deialdietan, beti ere, azterketa berriro egiteko aukerarekin nota igotzeko. Ezin dugu onartu lau urtean behin milaka eta milaka pertsonen bizitza eta lan etorkizuna amildegiaren ertzean ipintzea.

Gaur Mahai Sektoriala honetan EPE honen ajeak planteatu dizkiegu, baina ez ditugu ahaztuko Batasun Sindikalean adostutako puntuak, Negoziazio erreal batean konpondu behar ditugunak.

Euskal Herria, 2015eko maiatzak 26an

 

 

 

Langileok AHT gelditzera goaz

0

Euskal Herriko hainbat mugimenduk, erakunde sozial eta sindikalek, LAB tarteko, AHT gelditzea exijitzeko kanpaina jarri dugu martxan. Ekimen bateratu honen baitan, bi hitzordu nagusi ditugu, maiatzaren 30ean Atxondoko mendi martxan eta Ekainaren 13an Donostian izango den manifestazioan.

Maiatzaren 30ean, larunbata, Atxondon mendi martxan. AHT Gelditu Orain! Lelopean. Goizeko 10.00etan hasita, egun osoko egitaraua dago antolatua. Informazio guztia hemen

Bestalde, ekainaren 13an, manifestazioa egingo da Donostian, arratsaldeko 17.30etan Alderdi Ederretik abiatuta.

AHT gelditzeko deialdi hauekin bat egitera animatzen zaituztegu. AHTaren kontrako gure jarrera agerian uzteko, egin “selfi” bat, talde argazki bat, zuen lantokian, egoitzan…. Eta bidali www.lab.eus helbidera.

 Argazkirako kartela

Guztion artean geldituko dugu. Mobiliza gaitezen!
                                                                                                                                                   

Alternatiben herrixka ekainaren 6an Donostian

Datorren ekainaren 6an Alternatiben herrixka burutuko da Donostiako Antigua auzoan."Aldaketa klimatikoari aurre eginez, mundu hobeago baten alde" Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ere bertan izango da. 11:00etatik 19:00etara Alternatiben azoka egingo da Matia kalean eta bertan iaz onartutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Programa soziala eta bestelako materialak izango dira eskuragai.