Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Donostiako “Alternatiben herrixkan” egon zen
Euskal Herriko Karta Sozialaren ekitaldia eta Alternatiba Itzuliaren hasiera ostiralean Baionan
Ehundaka lagunek hartu zuten parte Baionako Elkarteen Etxean egin zen ekitaldian. Leire Txakartegi eta Bea Martxuetak egin zituzten aurkezpen lanak eta Maxim Combesi eman zioten hitza.
Justizia klimatikoaren aldeko militantea da Maxim Combes eta “COP21az zer itxon eta COP21a arte zer egin: erronkak eta perspektibak” izan zen bere hitzaldiaren izenburua. Klimak nazioarteko itunetan izan duen presentzia aipatu zuen, 2009ko Copenhageko Goi-Bilera aipatuta. Gaur egun, orduan ez bezala, inork ez du zalantzan jartzen berotze klimatikoa gizakien jardueraren ondorio dela. Goi bilera hau porrot moduan definitu zuen eta azken bospasei urteetan porrot honetatik eratorritako eztabaiden jartu dutela lekua. Klima aldaketaren gaian funtsezkoa da estatuen konpromiso politikoa. Hala ere, kontuan hartu beharrekoa dela zaila izango dela estatuei eginbeharrak zehaztuko dizkien akordiorik lortzea. Gas isuriak berehala eta drastikoki mugatu beharra dagoela aipatu zuen. Copenhage 2009ren ondoren, 100.000 milioi euro agindu ziren aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Egun, kopuru horren %10a ere ez da martxan jarri. Irailean, mundo mailako liderrei gai honetan ekiteko deia egingo dute hainbat ingurumen-eragilek. 1999an, Seattlen, Merkataritzaren Munduko Erakundea blokatzea lortu zen, altermundialismoaren sorrera eta indartzea eman zelarik. Combesen hitzetan “Paris 2015 klimaren Seattle bat bihurtu beharko genuke”. Gizarte mugimenduak indartzearen garrantzia aipatu zuen, defentsibatik ofentsibara pasatuz. Aldaketa klimatikoaren aldeko borrokak sistema aldatzea suposatzen du. Sistema aldatzeko, aliantzak saretu behar dira sektore desberdinen artean.
Honekin lotuta, bi motatako prozesuak bereiztu zituen: – Blokalia. Borroka lokalak energía fosilen bilaketa eragozteko, proiektu txikitzaileen kontra… – Alternatiba. Tokian tokiko alternatiba indibidual eta kolektiboen lanketa, utopia gaurdanik eraikiz, saretuz… Justiziaren aldeko mugimendua izango litzateke. Borroka hauetan sindikalismoa funtsezko eragilea da. Beste gizarte eragileekin batera, Parisko COP21en negoziazioetan ikusle izatetik eragile edo aktore izatera igaro beharko luke. Ondoren, Bizi-ko kide Maddalen eta Joanek Alternatiba itzulia eta Alternatiba Garaziren aurkezpena egin zuten.
Unzalu Salterain EHNEko kideak aurkeztu zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, egitasmoaren ibilbidea jasotzen zuen bideoaren proiekzioaren ondoren. Prozesuaren zabaltasuna, horizontaltasuna eta hedadura nabarmendu zituen. 145 eragile sozial eta sindikalek hartu zuten parte prozesuan eta 126 eskualde, hiri, herri eta auzotan burutu zen, ekarpen ugari egin zelarik.
Urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatiben Herria ere aurkeztu zuen, eragile ezberdinekin batera orain arte partekatu duten prozesuaren berri emanez. Ekitaldiaren ondoren izan zen 5.000 kilometroko Alternatiba Itzuliaren irteera ofiziala, Baionatik bertatik. Hendaian talde argazkia atera zuten Santiago Zubian. Bizikleta martxa Saguesera iritsi zen arratsaldean eta Donostiko Antiguora iluntzean.
LABek François Hollanderi iragarpen efektutik haratago egiazko borondate politikoa eskatzen dio
2012ko hauteskunde kanpainan hitzeman bezala, François Hollande lehendakariak Xarta berretsi nahi duela adierazi du, oztopo omen den Konstituzioaren aldatzeko Kongresuaren onespen bidea hautatuz. François Hollandek Hizkuntz Guttituen Xarta berretsiko duela iragarri ondotik , LAB Irakaskuntza sindikatak hau adierazi nahi du.
Badakigu ere Xartaren berresteak ez diola berez euskarari doakion ofizialtasuna ekartzen, eta euskarak irakaskuntzan zein bizitza publikoan aitzina egin dezan borrokatzen eta mobilizatzen segitu beharko dugula.
2012ko hauteskunde kanpainan hitzeman bezala, François Hollande lehendakariak Xarta berretsi nahi duela adierazi du, oztopo omen den Konstituzioaren aldatzeko Kongresuaren onespen bidea hautatuz.
Europako Hizkuntz Guttituen Xarta berrestea ezagutza bat da jadanik alor horretan gibelatuena den estatu frantsesarentzat. Xartak ez baldin badio ere ezinbesteko ofizialtasunik aitortzen euskarari, hezkuntza alorrean atzemaiten ditugun zailtasun eta oztopoak leuntzeko eta euskararen zein euskarazko irakaskuntzari ate hertsiak zabaltzeko baliagarria izan daiteke, bere osotasunean onartu eta aplikatzen bada.
• Hala nola sare publikoan euskarazko irakaskuntza orokortzea ekar dezake, baldin eta familien gehiengoaren nahia errespetatzen eta bideratzen bada.
Era berean, eskoletatik egiazko haur elebidunak ateratzea xede, murgiltze sistema esperimentazioetatik haratago eskola guzietan abian jar dadin bultzada bat litzateke.
• Hezkunde Nazional frantsesarekin kontratupeko eskola pribatuetan irakaskuntzak behar duen ezagutza eta kontsiderazioa eskuratuko luke.
Horrela, Xartaren berresteak logikoki Falloux legea desagerrarazi eta zenbait herriko etxek ikastolek garatzeko dituzten zailtasunak eta ez ulertzeak gainditu eta normaltasun maila batera eramanen lituzke ikastolak.
Ikusten dugunez, balizko aukerak badira, baina horretarako iragarpen efektutik haratago egiazko borondate politikoa behar da. Badakigu ere Xartaren berresteak ez diola berez euskarari doakion ofizialtasuna ekartzen, eta euskarak irakaskuntzan zein bizitza publikoan aitzina egin dezan borrokatzen eta mobilizatzen segitu beharko dugula.
LABen iritziz ulergaitza da Cristina Uriarte, 3.mailako probekin kritiko direnen aurrean, oldartu izana
Cristina Uriartek, egindako adierazpenen aurrean, LAB sindikatuak ikasleen familia eta hezkuntz komunitateen jarrera txalotu eta euskal jendarteak behar eta nahi duen hezkuntz sistema baten aldeko eztabaida ireki dezan eskatzen dio EAEko hezkuntz kontseilariari.
1.-Cristina Uriarte berak Madriletik LOMCEaren ezarpena eman denetik, euskal erkidegoko ikasleak babestea sailaren helburu nagusia zela errepikatu du behin eta berriz. Bitartean, familiek lege honen aplikaziotik eratorri den 3.mailako probaren aurrean beraien seme alabak babesteko erreakzio natural bezala, planto egitea erabaki dute. Ez bakarrik inplikatutako ikasleen familiek baizik eta hezkuntza komunitate osoa osatzen dugun eragile zein herritarrok erantzunkizunez jokatu dugu.
2.- Cristina Uriarte masa kritiko honen aurrean entzuteko jarrera izan beharrean oldartu egin da. Ulergaitza egiten zaigu bere jarrera hau. Gure iritziz iniziatiba propioz eta pasibotasunari aurre eginez, pausu bat haratago joan eta eraikitzailea den planteamendu batetara iristea lortu dute. Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza propioari heltzeko ezinbestekotzat jotzen ditugu jarrera aktibo eta eraikitzaile hauek.
3.- Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak bi aukera ditu Madriletik ezarritakoa aplikatzea edo euskal jendarteak dituen behar eta nahiei behar bezala erantzutea. Bide hau jorratzeko lehen urrats gisa eragile eta herritar orori irekita egongo den eztabaida gunea abian jar dezala eskatzen diogu.
4.-LABek argi du zein den ipar orratza, gaurdanik Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Hezkuntza sistema irutea. Langileok hezkuntza komunitatearen parte garen aldetik norabide honetan lanean jarraituko dugu.
Bihar denok Durangora silikosiaren aurka
Silkosi kasuek gogorki kolpatu dute Fumbarri enpresa, baina Funbarrikoa ez da kasu isolatu bat. Euskal Herriko beste hainbat enpresatan antzeko kasuak ematen ari dira. Hori dela eta LABek mobilizatzen jarraituko du, datorren hitzodua bihar izango da. Bihar, ekainaren 6an, larunbatez, Durango manifestazioa egingo dugu, 12:30ean San Roketik, Fumbarri aurretik, abiatuta.
Egoera ezagutu genuenetik gaur arte, LAB sindikatuak salaketa ugari egin ditugu, bai enpresa barruan zein kanpoan, eta helburua argi izan dugu momentu oro; enpresak prebentzio plan eraginkorra egin dezala langile guztientzako, egun silikosiak gaixotutako langileentzako eta langile gehiago gaixotu ez dadin.
Leitzako Torrespapel Enpresa Batzordeak, Leitzara materiala kargatzera zetorren gidari bat erail izana salatu nahi du
Enpresa batzorde honek zenduaren senideei atsekabea adierazi nahi die eta haien esanetara jartzen gara edozer behar izango balute.
Horrez gain, Leitzako Torraspapeleko langileok jakinarazi nahi dugu, hilaren 9an, asteartea, 13:15ak 14:15 bitartean elkarretaratzeak eginen ditugula
Hedabideen bidez jakin dugu egilea zerbitzuz kanpo zegoen ertzaina izan dela.
Onartezina da kontrolik gabe jende armatua ibiltzea gure kaletan dagokion erakundeak kontrolatu beharko lituzkeenean.
Honengatik guztiarengatik, Leitzako Torraspapelen Batzordeak gertakariak argitu daitezela eta berriro gerta ez dadin, dagozkion neurriak har daitezela eskatzen du.
LABek naturaren defentsan lan egingo du lantokietako erabakietan parte hartuz eta jendartean ere eragile aktibo izanez
Ingurumen osasuntsua eraikitzea da gure nahia eta beharra. Eta horretarako, Euskal Herrian naturaren eskubideekin konprometitua egotea besterik ez dago. Ez dago jarraitzerik pertsonak eta natura negozioen menpe jartzen dituzten erabaki politikoekin, uste baino lehenago amildegiarekin aurkituko garelako.
Testuinguru berezi batean gaude. Bada lotura lan munduan eta bizi baldintzetan zabaltzen ari diren prekarietatea eta natur baliabideak mugarik gabe esplotatu nahi dutenen artean. Interes espekulatibo asezinek gure osasuna, gure ongizatea, pertsonen arteko berdintasuna eta ingurumenaren oreka ezinezko bihurtu nahi dute. Desberdintasun sozialak eta ingurumenaren suntsipena esku berberek sortuak dira: kapitala jendearen gainetik jartzen duena.
LABen argi marraztuak dauzkagu lehentasunak. Badakigu zeren aldekoak garen eta zeren aurkariak garen.
1. Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz itxi genuen, eta Garoña ixtea ere derrigorra dugu. Kantauri itsasoan hidrokarburorik dagoen ez dugu ikertu dezaten ere nahi, eta Euskal Herria frackingetik librea izan behar da. Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren aurkariak gara, makroproiektu hau euskal herritarrontzat ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez kaltegarria da, obrak gelditzea eta auditoria soziala egitea exijitzen dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu. Aurre egiten diogu TTIP bezalako hitzarmenei, multinazionalek are gehiago zanpatuko dizkiguletako gure eskubide sozialak, ekonomikoa eta natura merkantzia ziztrin bat bilakatuko delako.
2. Baina noski, ez gara ezezkoan gelditzen, ereduen arteko talka egiten dugu, biak aurrez aurre konfrontatuz. LABek arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza.. bezalako sektore estrategikoen alde egiten du. Argi dugu bidea elikadura burujabetza dela. Energiari dagokionez, gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egitekoak gara. Mugikortasunari dagokionez, garraiobide komunitario eta publikoaren alde egiten dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, kontsumo eta produkzio arduratsuak egitearen alde egingo dugu, erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokiena denaren alde egingo dugu.
3. Baina erronka proiektu zehatzetatik haratago dago. Hasi behar dugu bidea jorratzen langileok produkzio bitartekoetan, kontsumo ereduetan eta erakundeen kudeaketan inziditzeko. Hasi behar dugu trantsizio prozesuak martxan jartzen: energetikoak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak,… Horretan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ezinbesteko paradigma eta ondare daukagu lanketa hori egiteko. Erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea eta mobilizatzea guztiz beharrezkoa da natura eta komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.
4. LABek naturaren defentsa egingo dugu lantokietako erabakietan parte hartuz, eta bai jendartean ere eragile aktibo izanez. Berdintasuna, justizia soziala, bizitzaren duintasuna, pertsonen zaintza eta ingurumenaren babesa borroka berberak dira. Eta horien alde, mobilizazioaren beharra daukagu, gero eta indar handiagoa hartu behar duena: gauzei aurre egiteko eta gure helburuak lortzeko. Hurrengo egunetan agenda karga karga eginda daukagu ingurumena eta eraldaketa sozialaren alde gaudenok:
• Ekainak 5, Baionan, Karta Sozialak antolatu duen ekimenean parte hartuko dugu.
• Ekainak 6, Donostian eginen den Alternatiben herrixkara hurbiltzeko parte hartzeko dei egiten dugu.
• Ekainak 13, AHTaren lanak gelditzeko manifestazioa Donostian.
• Uztailean, fracking teknika Euskal Herrian martxan ez jartzeko Araban egingo den frakanpada internazionalean ere present egonen gara.
Osalanek prebentzio ordezkarien prestakuntza eten du
Osalanen zuzendaritzak prebentzio ordezkarien prestakuntza etengo duela erabaki du. Hartu den erabakia bereziki larria da LAB eta ELA sindikatuontzat eta horregatik Jaurlaritzari berehala prestakuntza ikastaroak berriz has daitezela, osasun eta laneko arriskuen prebentzio arloan Lanbide arteko Akordioaren alde egin dezala eta estatuko ereduari makurtu gabe enplegurako berezko prestakuntza sistema susta dezala eskatu diogu gaur.
LAB eta ELAren irakurketa
Osalanek prebentzio ordezkarien prestakuntza eten du
Osalanen zuzendaritzak erabaki du prebentzio ordezkarien prestakuntza etengo duela, aipatu prestakuntza, laneko esparruan, enplegurako lanbide heziketa sistemaren baitan sartzen dela kontsideratu behar ote den zalantza sortu dela argudiatuz, eta hori dela eta, 4/2015 Errege Lege Dekretuaren (martxoaren 22koa, non lan esparruan Enpleguaren Lanbide Heziketa Sistema premiaz aldatzen duen) aurreikuspenek eragiten diotelako.
Hartu den erabakia bereziki larria da, moldeei eta honen funtsari dagokienez.
OSASUN ETA LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIO ARLOAN LOTURIKO LANBIDE ARTEKO AKORDIOA
Prebentzio ordezkarien prestakuntza, EAEn, 1997ko abenduaren 19ko “Osasun eta laneko arriskuen prebentziorako lanbide arteko akordioak” arautzen du.
Akordio honek enpresariak prebentzio ordezkariei ezinbestean eskaini behar dien prestakuntza arautzen du, Laneko Arriskuen Prebentzio Legean aurreikusitako eskuduntza garatzeko behar besteko gaitasuna izan dezaten.
Akordioa sinatu zuten alderdiek (ELA, LAB, COO, UGT eta Confebask) Osalanen esku utzi dute oinarrizko prestakuntza egitasmo horren kudeaketa, bi zatitan garatuko dena:
a) Parte arauemailea: laneko arriskuen prebentzio arloari eta honi lotu eskubideei eta betebeharrei buruz behar besteko ezagutzaz hornitzera bideratua.
Sindikatuek irakasten dute zati hau. Sindikatu bakoitzak bere prebentzio ordezkariak trebatzen ditu, OSALANek landu dituen prestakuntza gidaliburuaren edukietan oinarrituz, OSALAN berak egiaztatu dituen hezitzaileekin.
b) Parte teknikoa: norberaren betekizunak burutzeko behar diren honi loturiko ezagutzak lortzera bideratua.
Alderdi teknikoa OSALANek akreditatutako trebakuntzako zentroek emango dute.
Hots, 1997. urteaz geroztik OSALANek kudeatzen eta kontrolatzen du egiten ari den heziketa lana. Honez gain, esan daiteke Lanbide arteko Akordio honen alderdi sinatzaileak bat datozela, etengabeko prestakuntza arautzeari dagokionez, hauek berariazkoa eta autonomoa den izaera hartzeaz eta hornitzeaz. Izatez, etengabeko prestakuntzaren berariazko araudia 1995eko beste Lanbide arteko Akordio batean oinarritzen zen, non hartan, Hobetuz eratu baitzen.
ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA SISTEMA ALDATZEKO ERREGE LEGE DEKRETUA
Martxoak 20an, Rajoyren gobernuak Errege Lege Dekretua onartu zuen Enplegurako Lanbide Heziketa Sistema aldatzeko.
Araudi horren puntuetako batek enplegurako trebatzearen irakaskuntzan enpresarien elkarteen eta sindikatuen betekizuna urritzea zekarren berarekin, gizarte eragileen partaidetza “langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren diseinuari, plangintza egiteari eta programazioari” mugatuz.
Maiatzak 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2015eko maiatzaren 6ko ebazpena argitaratu zen, non haren bidez 2015eko ekitaldirako prebentzio ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenaren eta subentzioaren deialdia egin baitzen. Aipatu ebazpenaren hartzaile, besteak beste, sindikatuak etaenpresarien elkarteak dira, araututako prestakuntzaren eta prebentzio ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailaren trebakuntzari buruzko eskubideen eta betebeharren emaileak izanik.
Bi aste geroago, maiatzak 29ean, posta elektronikoa bidali zitzaien Osalaneko prestakuntza batzordekideei (sindikatuak eta patronala) prebentzio ordezkarien trebakuntza eten zela jakinaraziz, eta argudiatuz, zalantza sortu zela aipatu oinarrizko trebakuntzari 4/2015 Errege Lege Dekretuak eragiten ote zion edo ez.
Kontuan hartuz, ELA eta LAB ez direla prestakuntza batzordeak egin ohi dituen bileren partaide, Osalanen Batzorde Nagusian parte hartzen ez dutenez, lehenengo aldiz, posta elektroniko horren bidez bakarrik izan dugu erabaki garrantzitsu horren berri.
1.- Erabaki horrek bere biziko garrantzia du prebentzio arloko prestakuntza bezalako funtsezko arazo bati eragiten diolako.
Erabaki honek milaka ordezkariri eragiten dio, hauetako asko hautatu berriak hauteskunde sindikaletako azken aldi trinkoan. Nola beteko dituzte prebentzio ordezkari gisa dagozkien eginbeharrak?
Argi dago prestakuntza egokirik gabe ez dagoela prebentziorik. Laneko arriskuen Prebentzio Legearen arabera (31/95 legea), prebentzio ordezkarien prestatzeko premia haien lanpostuei atxiki arriskuen ezagutza izatetik haratago doa. Aipatu trebakuntza oinarrizko zutabea da enpresan prebentzio kultura egokia susta dadin, prestakuntzarik gabe, behin hautatuta bete behar izango dituzten zereginak ezin izango dituztelako egin.
Prestakuntza ezak Hego Euskal Herrian pairatzen ari garen ezbehar-maila handiei eragiten dien eragiletako bat da. Honezkero, aurten 21 istripu hilgarri gertatu dira.
E-mail bidez jakinarazi izana herri honen gehiengo sindikalari erakutsitako begirune ezaren adierazgarri dugu. Telefono dei bat ere ez dugu jaso.
Kontuan hartu behar da ikastaro gehienak bi sindikatuon artean antolatzen ditugula. Datozen asteetarako, batzuen deialdia egin genuen.
3.- Osalani ez diogu onartzen inolako gaitasunik ez eta zilegitasunik ere, lan osasunaren arloan, loturiko Lanbide Arteko Akordioaren ezarpena eteteko.
Erabakiak, dirudienez, Osalanen prestakuntza batzordearen lan esparruan sortu den zalantzan du jatorria. Aipatu batzordean sindikatuen gutxiengoak parte hartzen du.
ELAk eta LABek ez dugu parte hartzen Osalanen Batzorde Nagusian, baina hala ere, Lanbide arteko Akordioak indarrean dirau eta guk gehiengo sindikala ordezkatzen dugu. Ez biltzekotan, akordio horren Batzorde Parekidea ere ez dute bildu.
Ez dakigu, Hobetuzekin gertatu bezala, oraingoan interesik ba ote dagoen lan osasun arloan lotu zen Akordio honekin ere amaitzeko.
4.- Eusko Jaurlaritza, berriro ere, lehen aukeran, estatuko ereduaren aurrean makurtu da, prestakuntza arloan, prebentzio ordezkarientzat egin zen EAEko berezko sistema babestu barik.
5.- Eusko Jaurlaritzak, horrenbestetan Eztabaida Soziala babesten duela esaten duen horrek, alde bakarraren erabakiz, hondoratu du Lanbide arteko Akordioa.
Lanbide arteko akordio hori orain arte funtzionatzeaz gain, oraindik indarrean dagoen gutxienetako bat dugu.
6.- Prebentzio arloko prestakuntzak enplegu sortzea ez den bestelako izaera du.
Eten den prestakuntzak, nagusiki izaera sindikala du. Hain zuzen, prebentzio ordezkariaren zeregina, funtsean, sindikalgintzari dagokion betekizuna da, eta arloaren ezagutza juridikotik haratago doa. Hortaz, zilegia eta beharrezkoa deritzogu sindikatuok gure ordezkariei aipatu alderdi arauemailea ematen jarraitzeari.
Bestalde, prestakuntza hau Osalanen aurrekontutik finantzatzen da, gizarte-kotizazioek ez dute zuzenean finantzatzen. Zehaztearren, 2015. urteko ikastaroak finantzatzeko esleitu ziren baliabide ekonomikoak 300.000 eurotakoak izan ziren, Osalanen aurrekontuaren kontura.
7.- Geure buruei galdetzen diegu ea erabaki honetan beste erakunde batzuk izan ditzaketen interesak lehenesten diren.
CCOOk, UGTk eta Confebaskek prestakuntza hau eman ahal izango dute aurrerantzean beste formula batzuk erabilita edota beste entitate batzuen bitartez? Adibidez, IFESen bidez (UGTren prestakuntza fundazioa), prebentzio arloko prestakuntza teknikoa irakasteko akreditatua dagoelako, aipatu Lanbide arteko Akordioaren baitan, sindikatuok ezin dezakegulako irakatsi alderdi teknikoa.
ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari honako hau eskatzen diogu:
- Berehala, prestakuntza ikastaroak has daitezela berriz.
- Osasun eta laneko arriskuen prebentzio arloan, Lanbide arteko Akordioaren alde egin dezala.
- Enplegurako berezko prestakuntza sistema susta dezala, estatuko ereduari makurtu gabe.
Gai honetaz eztabaidatzeko, jendartean deitzen dugu Enplegu Sailburua bilera egin dezagun.



