2026-06-22
Blog Page 1113

Mobilizazioak Barakaldon prekarietatearen aurka, istripuz hildako azken langilearen heriotzaren aurrean


Atzo, urtarrilaren 11an, Barakaldon gertatutako lan istripu hilgarria salatu behar dugu. Istripu horretan M.L.C. 55 urteko langile autonomoa hil da. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu bere senide, zauritutako lankide, lagun eta gertuko guztiei. Heriotza istripuen kopuruak onartezinak izaten jarraitzen dute. Aurten lehenengo 11 egunetan bi lan istripu hilgarri izan dira. 

Lan istripuak, patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Horregatik salatzen dugu ozenki istripu gehien ematen diren sektoreetan, hau da, industria eta eraikuntzan are gehiago ari direla kaskartzen lan-baldintzak. Gaurko istripuak, honako hau baieztatu besterik ez du egiten. Hau da, sektore hauetan nagusi diren prekarietateak, esplotazioak, lan baldintza txarrek eta lan erritmoek hil egiten dute.

Enplegua suntsitzen ari den sasoiotan, enpresek, batetik prebentziorako inbertsioak murriztu dituzte, eta bestetik, lan osasuna eta segurtasuna galtzea eta kaltetzea eragiten duten egoerak sustatu dituzte. Gero eta ugariagoak dira enpresen jarduera irregularrak, ezbeharrak eta laneko gaixotasunak ez erregistratzeko.

Non daude administrazioko arduradunak heriotz berri hau salatzeko? Bai Osalanek bai administrazioek enpresen eta sektoreen benetako egoera ondo baino hobeto ezagutzen dute. Istripuak sortarazten dituzten segurtasun elementuak salatzeko geroz eta arazo gehiago dituzte langileek, prekarietatea dela eta, lanpostua galtzeko beldurra handia delako, bai salaketa egiteko, bai aldi baterako ezintasun-egoeran egon behar direnean.

Hau dela eta, LAB sindikatutik hurrengo deialdiak luzatzen ditugu.

• gaur, urtarrilak 12, arratsaldeko 19:30ean, Bide Onera Plazan, Barakaldon, sindikatu eta kolektibo sozialek deituta.

• Bihar, hilak 13, goizeko 11:30ean Bide Onera plazan, Barakaldon, ELA, LAB, STEILAS, EHNE, HIRU eta ESKk deituta.

Langileok laneko gaixotasunekiko eta lan istripuekiko ZERO TOLERANTZIA aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasunerako eskubidea benetakoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz. Horrexegatik sustatu nahi du LAB sindikatuak lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua sustatuko duen bestelako eredua.
 

 

 

Enplegu duina emakumeontzat, diskriminaziorik ez

0


Abenduaren 11an ELECNOR enpresak 5 emakumeei jakinarazi zien Madrileko lantokira joan behar zutela. 5ek seme-alabak dituzte eta lauek lanaldi murriztua dute haiek zaintzeko. Kaleratze izkutuen aurrean gaudela dudarik gabe; kargak familiarrak direla eta, leku aldatzea onartzea ezinezkoa da eta onartu ezean kontratua bukatzen zaie, indemnizazio txiki batekin. Gainera, Getafeko lantokian ez dago lanik beraientzat eta leku aldatzearen erabakia ez dute ezagutzen; beraz, argi dago enpresaren asmoa.

Neurria umeen legezko zaintzarako eskubidearen urraketa da eta EMAKUMEEKIKO DISKRIMINAZIO ARGIA suposatzen du, beraien tokian gizonezkoak geldituko ziren eta beraiek baino esperientzia gutxiago daukate.

Horren aurrean, LABeko ordezkariek eta emakumeek mobilizazioak deitu dituzte: lanuzteak, konzentrazioak, salaketa publikoa,.. eta plantilak bat egin du borroka honekin emakume hauen lanpostuen defentsan.

Lehenengo epaiketak finkatzen hasi dira: guk dakigula lehena otsailaren hasieran izango da.

Atzo, urtarrilak 12, lauk Getafen lanean hasi beharko ziren baina horren ordez, agerraldi batean parte hartu nahi izan zuten beraien egoera salatzeko. Gainera, bajan daude.

LABen jarrera egoeraren aurrean

LABek bere elkartasun eta babes osoa eskaini, eskaintzen eta eskainiko die 5 emakumeei. Aldi berean, zoriondu nahi ditugu aurrera eramaten ari diren borrokarengatik, eta zorionak ere ELECNORreko langileei borroka honetan parte hartzeagatik.

ELECNOR enpresari argi utzi nahi diogu horrelako erasoak onartezinak direla eta dei egiten diogu neurria atzera botatzeko. Aldi berean, dei egiten diogu MOVISTAR-TELEFONICAri, bere "enpresa kolaboratzailea" izanik, ELECNORrek atzera egiteko gestioak egin ditzan.

EMAKUNDEri eta beste INSTITUZIOEI dei egiten diegu emakumeekiko diskriminazio honen aurrean inplikatu daitezen eta eskura dituzten bitarteko guztiak martxan jar ditzaten. 

LABek jarraitzen du ARABAn ENPLEGU DUINA EMAKUMEENTZAT aldarrikatzen; hortaz, ELECNORek diskriminazio hau gauzatzen badu, eta balizko beste edozein diskriminazio edo erasoren aurrean ere, gure bitarteko guztiak, juridikoak zein sindikalak, erabiliko ditugu aurrre egiteko.

Atzo arratsaldeko arratsaldeko 18:15etan Andra Mari Zuriaren Plazan mobilizazioa egin genuen egoera salatzeko.

@miren_larrion

 

 

 


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren IX. Asanblada urtarrilarren 23an

Urtarrilaren 23an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Asanblada deitu du gaurdaino egindako lanari begira eta batez ere, hemendik aurre hartu beharreko bidea zehazteko. Oraingoan Gernikako Astran bilduko gara goizeko 10:00etan.

Denbora pasatu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanblada elkartu zenetik. Gauza asko gertatu dira 2014ko urri hartatik. Kartak bere burua antolatu du, geure burua antolatu dugu; eragile guztiek lekua duten Asanblada eta Koordinazio Nazional zabalarekin. Honetaz aparte, asanbladan iragarritako M14ko mobilizazioak eta urriaren 24ko Alternatiba, gerora Alternatiben Herria izango zena, eraman ditugu aurrera, beste eragile askorekin elkarlanean. Programa soziala ere osatu genuen, eta instituzioei aurkeztu.
 

 

 

Milaka lagun eta aldarrikapen bat, Euskal Presoak etxera!

L
Larunbatean, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko aldarriak Bilboko zein Baionako kaleak zeharkatu zituen. Milaka lagun gerturatu ginen bi hiriburuetara sakabanaketa eta salbuespen neurriekin amaitzeko exigitzera. Larunbateko manifestazioetan, berriro ere, argi geratu zen herri honetan badagoela nahiko indar arazo hau konpontzeko. LABen iritziz honelako indar erakustaldiekin soilik lortuko dugu eremu politikoak eta eremu instituzionalak presoen afera beraien agendetan kokatzea.

AINHOA ETXAIDE

BILBOKO MANIFESTAZIOA 

 

 

 

Eusko Irratian eta EITBNETen emandako soldaten %5aren murrizketa legez kanpokoa da

0

Eusko Irratiko eta EITBNETeko LABek soldataren %5aren murrizketa ekarri zuen «8/2010 Dekr. 3/2010 Leg. K. dekretuaren» aurkako salaketak jarri ditu Lan Ikuskaritzan eta PRECOn. Epaitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio LABek ETBn jarri zuen salaketari, murrizketa legez kanpokotzat joz. Orain, lapurtutakoa itzultzeko ETBri aplikatuko zaiona Irratian eta EITBNETen ere termino berdinetan aplikatzea exijitzen dugu.

Hitzez exijitzeaz ez ezik EITBko Administrazio Kontseiluaren eta Gasteizko Parlamentuaren bidez ere gaia bideratu dugula gogorarazten dugu. Oraingoan epaitegietarako bidea zabaldu dugu salaketak Lan Ikuskaritzan eta PRECOn dagoeneko sartuz.

Mobilizazioen aukera ere ezin dugu baztertu, bide instituzional horiek garrantzitsuak izanik ez dutelako arrakasta bermatzen.
 

 

 

Bizkaiko ostalaritzaren 2016-2017 hitzarmenaren aurreakordioa sinatu da

0

LAB sindikatuak jakinarazi gura du abenduak 30 zituenean, Lan Harremanen Kontseiluan, patronalak eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lotu zutela Bizkaiko Ostalaritza hitzarmena sinatzeko. Hitzarmena sinatzeko behin betiko idazketa egin ez den arren, LABek azpimarratu gura du aurreakordio honek are gehiago kaskartu ditzakeela, hitzarmen berria indarrean sartuko den egunetik aurrera, kontrata litezkeen beharginen lan baldintzak.

Sindikatuak adierazten du patronalak, prozesu guztian, jarrera agintzaileari eta trabatzeari ekin diola; lan erreforma erabili du eskubideak murrizteko, beti ere, hitzarmenaren sinadura berritzearen truke. Patronalak xantaia erabili du, negoziazioa probintzia esparruan eustearen truke, prekarietateari aurre egiteko beharko lukeen egonkortasunik ez duen sektoreko beharginen eskubide eta eros ahalmenaren galera jasotzen duen hitzarmena sinatu behar izatearekin baldintzatuz.

LABek ohartarazi gura du, urte batez, 942 eurotako soldata ezarriko zaiela sektorean aurreneko aldiz eta lanaldi osoz beharra egingo duten beharginei. Hauek, behin enpresan urte bateko iraupena gaindituko dutenean, haien benetako maila eskura lezakete. LABen ustez, honela baztertzen dira kontratazio berriak: soldata-eskala bikoitza sortzen delako eta sektorea prekarizatzen delako. Sektorearen prekarizazio horrek talde jakin batzuei (gazteei eta emakumeei) enplegu duina eta kalitatekoa lortzea zailduko die bereziki. Hau guztia sindikatuak prekarietatearen aurka borrokatzeko eta langileriari dagozkion lan eskubideak gorde daitezen abiatu duen ekimenaren aurkakoa da.
 

 

 


Construcciones Lasuen enpresak ez du Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmena errespetatzen

0

LAB sindikatuak salaketa bat sartu du Bizkaiko Lan Ikuskaritzan Construcciones Lasuen enpresak, behin eta berriro, Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmeneko baldintzak ez errespetatzeagaitik. Enpresa honek, Zornotzako kale batzuetan egiten ari den urbanizazio obratan ez du bete ez eguneko lanaldia, ez lanegun arteko atsenaldia, ez asteko atsenaldia eta derrigorrezkoak diren Norbanako Babes Ekipoak (NBE) ez ditu erabili.

Berez gertakaria larria bada, are larriagoa da obrak kontratatzen dituena administrazio publikoa bada, kasu honetan, Amorebieta-Etxanoko Udala.

Gertakari hauen aurrean, LABek berriro publikoki egiten du 3 puntuetan oinarritutako sektorerako ALTERNATIBA:

• Herri lanen esleipenean, obraren kostea lehenetsi beharrean, lanak epean, kalitatez eta lan baldintzak beteko direla bermatuz lehenesteko konpromisoa.

• Kontratazioaren eta azpikontratazioaren kate osoan lan baldintzak betetzeko bermea. Ezarri beharreko gutxieneko baldintza herrialdeko hitzarmena izango da eta azpikontratazio kate osoan eta lan baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura enpresa eslepeidunari eta azpikontrata guztiei dagokie.

• Lan-baldintzak eta lan osasuneko baldintzak betetzen ez dituzten enpresen erregistroa sortzea. Zuzuenean edo zeharka, herri lanetan zein lan pribatuetan baldintza horiek betetzen ez dituen enpresa oro agertuko litzateke aipatu erregistroan, eta ez litzateke kontratatuko inongo herri lanetarako hurrengo lau urtean.
 

 

 

Ainhoa Etxaide: “500 arrazoi ditugu larunbatean kalera ateratzeko”


Urte hasiera guziz bezala, aurten ere, presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo da. Aurtengoan gainera hitzordua bikoitza izango da, Sare eta Bagoazek, urtarrilaren 9rako bi manifestazio antolatu baitituzte, bata Bilbon eta bestea Baionan. Bertan sakabanaketarekin eta salbuespen neurriekin amaitzea aldarrikatuko da. LABek, deialdi honi bere atxikimendua emanez elkarretaratzeak egin Euskal Herriko leku ezberdinetan. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak Bilbon hartu du hitza, eta bertan mobilizazio hauek duten garrantzia azpimarratu du.

Ainhoa Etxaide: “500 arrazoi ditugu larunbatean kalera ateratzeko

"Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi dugu urtea beteko dela Guardia Zibila gure egoitzan sartu zela Euskal Preso Politikoen kontra egitera hamaikagarren aldiz.

Orduan elkartasuna zigortu eta kriminalizatu nahi izan zuten Madriletik zuzendutako operazio politiko-judizial-mediatikoarekin. Milaka euro eraman zituzten, Sare errepresioaren mehatxupean itotzeko asmo argia erakutsi zuten eta urrats berria ematen saiatu ziren preso politikoen eta Euskal Herriaren arteko edozein lotura mozteko. Urte bete lehenago abokatuak eta kolektiboaren bitartekariak eraman zituztela ezin dugu ahaztu. Errepresioaren katea luzea dela bistan da.

Euskal Preso politikoak bakar bakarrik eta isolatuak nahi dituzte. Mendeku egarriz jokatzen dutelako zalantzarik gabe. Baina politika honek badu helburu politiko argi bat: presoak txikitzea amore eman dezaten eta Estatuak hainbestetan amestu duen damuketaren bidea hartu dezaten. Salbuespen legeek ez dute beste justifikaziorik. Euskal Herrian irekitako egoera politikoan presoen kontrako neurriak areagotzea hori erakusten dute, ez besterik.

Errepresioa urte hasieran, Estatu indarkeria presoen kontra urtean zehar, senideen kontrako zigorra astero astero. Baina guztiaren gainetik gailendu da elkartasuna eta euskal presoen eskubideen aldeko aldarria. Abenduan zehar ekimen eta mobilizazio pilo egon dira Euskal Herri osoan zehar, baita kanpoan ere. Eta berriro ere hasiko dugu urte hau gure elkartasuna eta konpromisoa adierazten.

Aurtengo mobilizazioak badu garrantzi berezi bat gainera. Estatu españolean gobernu berria osatu beharko da, egoera politiko ezberdin batean gainera. Euskal preso politikoen auzia behingoz konpontzea gobernuaren agendan egotea nahi badugu aldarrikapen hau indarrez iritxi behar da madrilera. Euskal Herrian indar hori badagoela erakutsi behar dugu 9an.

Euskal Herrian ere instituzioak berritzen ari dira, gobernu berria dago nafarroan, egoera instituzional berria ipar euskal herrian, eta urte honetan berrituko da jaurlaritza. Presoen auzia konpontzea agenda politiko instituzionaletan sartzea gure esku dago. Ezin dugu presoen etorkizuna larunbatean mobilizazietan egongo ez diren alderdi politikoen esku utzi. Eta batez ere, ez gara gu izango larunbatean etxean geratuz jarrera horietan mantentzea lagunduko dugunak.

500 arrazoi ditugu larunbatean kalera ateratzeko. Preso gaixoen kasuan, arrazoiak eta urgentziak ditugu. LABetik gure afiliatu, kide eta lagun guztiei deitzen diegu 9an Baionako eta Bilboko kale guztiak betetzera.

Gure aldetik, urte berriarekin batera esan nahi dugu lan munduan presoen eskubideen aldeko borroka indartzeko premia ikusten dugula. Euskal sindikatuen aldetik askoz ere gehiago egin dugu beste momentu batzuetan. Baldintzak inoiz ez bezalakoak izan arren ez dugu gai hau gure agendetan behar den lekuan jartzen eta hori zuzentzeko asmoz iniziatiba berriak hartu behar direla uste dugu. Sindikatuak batera, edo bakoitza bere kabuz, baina guztioi dagokigu urrats berri bat egitea 2016an konponbideetan aurrera egin dezagun.

URTARRILAREN 9 DENOK KALERA. Euskal Presoak EKARRI behar ditugulako."

 

LAB ESKUMALDEA SAKABANAKETAREN AURKA U9an BILBO ETA BAIONARA

GASTEIZEN LABen ELKARRETARATZEA EUSKAL PRESOEN ETXERATZEA ESKATUZ


BURUNTZALDEAKO LAB: "Euskal Presoak Etxera ekarri behar ditugu"

BILBO



 

 

Osakidetzak elektro-medikuntzako 13 langileen kaleratzea onartu egiten du

0

Osakidetzako Zuzendaritzak, elektro-medikuntza zerbitzuaren adjudikazioan (osasun arloan erabiltzen diren aparailu eta tresna elektronikoen konponketa-lanak) ez du 106/2008 Dekretua errespetatu, aipatutako zerbitzua Bizkaian MANTELEC enpresaren bidez ematen zuten langileen subrogazioa ez duelako exijitu. Erabaki honen ondorio latza 13 langile kale gorrian geratu direla da, hauetako batzuek, enpresa ezberdinen bitartez, 26, 23, 16 urtez Osakidetzarako lan egin eta gero.

PNV-k osasun publikoa pribatizatzeko eta prekarizatzeko apostuari bultzada berria eman dio oraingoan. Izan ere, Bizkaian lote bakar bezala pribatizaturik zegoen elektro-medikuntza zerbitzua, oraingo honetan 18 lote txikiagotan banatua izan da, hauetako bakoitza esleipen independientearekin. Erabaki honen ondorioak begi bistan daude: kaleratzeak eta lanean jarraitzen duten langileen lan-baldintzen kaskartzea, adibidez, antzinatasuna galtzea, soldata jaitsierak eta lan jardunaldi handiatzea.

Despido eta prekarizazio honen arduraduna Osakidetza da. Zerbitzu pribatuak kontratatzen dituen administrazioa publikoak enpresa horiek lan-eskubideak errespetatzen dituztela ziurtatu eta bermatu behar du. Ez dago aitzakiarik.

LABen apustu irmoa pribatizaturiko zerbitzu guztiak publiko bihurtzea bada ere, argi dago egoera hau eman bitartean, kontratetako langileek kalitatezko lan-baldintzak izan behar dituztela.

Oso urrun joan gabe, Txagorritxuko ospitalean Osakidetzako langile publikoek ematen dute eletro-medikuntza zerbitzua. Zergatik beste zentroetan ez?

LABetik Osakidetza zuzendaritzari langile hauen egoera leporatzen diogu eta atzera egin dezan exijitzen diogu, pertsona hauek guztiak subrogatuak izan daitezen eta euren lan-eskubide guztiak errespetatuak.