2026-07-01
Blog Page 1082

Langileok martxan gara #M1LangileokMartxan

MAIATZAREN LEHENA
Langileok martxan eskubideak aktibatuz!

 

Maiatzaren Lehen honetan langileok martxan garela erakutsi dugu. Milaka langile kalera irten gara inposatu zaigun prekarietatearen aurka. Argi dugu egoera honek baduela alternatiba. Elite ekonomiko eta politikoek ezarritako proiektua alboratu eta langileok gure bidea egin behar dugu, baina horretarako indarra behar da eta gaurkoan, berriro ere, antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna duen herria garela erakutsi dugu.

Elite ekonomiko eta politikoek, beren aberastasuna bermatzeko, gehiengo soziala miseriara kondenatzen dute. Aspaldi esan genuen bezala, ez dugu hazkunde fase hau egonkortzen lagunduko ongi bait dakigu hazkunde ekonomiko honek ez dituela gure arazoak konponduko. Egoera hori gainditzeko eskubide sozialen eta lan eskubideen likidazioaren kontra borrokatuko gara.

Pairatzen dugun krisi sozial larriari aurre egitea da LABen lehetasuna eta gure borrokaren ardatza. Egoera irauli nahi dugu. Lan baldintzak eta eskubideen prekarizazioan oinarritzen den lan mundua, herritarrak babesik gabe uzten dituen eredu soziala eta herriari erabakitzeko eskubidea ukatzen dioen eredu politikoa errotik aldatu behar ditugu. Euskal Herri berri baterako bidea hartu eta herri hau eskulotzen duten kateak apurtu behar ditugu.

Martxan gara, eta ez bakarrik salaketa eta erantzun dinamiketan, alternatiba zehatzen defentsan ere bai. Aberastasuna badago, baina ez da langileengana iristen, hori aldatzeko aberastasuna eta lanaren banaketa dira gakoa: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastea, neurri hauek emakumeengana iristeko politika zehatzak, lan osasuna ziurtatzeko neurriak eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea.

Baditugu aldaketa prozesua indartzeko, sendotzeko eta azkartzeko baldintzak. Badugu aldaketa soziala eta laboralak behartzeko sindikalismo borrokalari bat. Hala erakutsi dugu Maiatzaren lehen honetan eta hala egingo dugu ere hemendik aurrera izango ditugun hitzorduetan.
 

 

LAB Maiatzaren 1ean ere internazionalista #M1LangileokMartxan


Maiatzaren Lehen honetan LAB sindikatua Euskal Herriko eskualde guztietan kalera irtetzeaz gain, nazioarte mailan ere borrokan izango da munduko beste sindikatuekin. Alde batetik, LABek berea egiten du MSFak mundu mailan egin duen deialdia klase ikuspuntu batetik MAIATZAK 1ª borroka eguna izan dadin eta elkartasun guztia adieraziz borroka inperialisten ondorioz sufritzen ari diren herri eta langileekin. 

Beste aldetik, LABek ordezkariak bidaliko ditu Euskal Herriatik kanpo. Horrela LABeko ordezkariak izango dira Apirilak 29tik maiatzak 3rarte Kubako CTC sindikatuak La Habana hirian antolatzen dituen saioetan. LABek ere ordezkariak bidaliko ditu Kataluniar Herrietara, Bartzelona, Maresme eta Gironako Maiatzak 1eko inguruko ekitaldietan parte hartu dezaten.

Gora munduko langileria!
Gora maiatzak 1!
 

 

 

Euskal Herriko esne sektorearen etorkizuna eztabaidagai, langileen elkartasunaren ikuspegitik

0


LABek antolatuta jardunaldia egin da Donostian, langileon ikuspegitik Euskal Herriko esne sektorearen egoera aztertzeko eta etorkizunaz hausnartzeko. Sektorearen egoera eta lan baldintzak bere osotasunean aztertu nahi izan dira, langile ikuspegi ahalik eta zabalena jasotzeko nahiarekin. Horregatik, eremu ezberdinetako ordezkariek hartu dute parte: esnea ontziratzen duten langileak, baserritarrak eta esnea garraiatzen duten garraiolariak, besteak beste. 

Esne sektorean lanean dabiltzan arlo ezberdinetako langileak elkarri bizkarra emanda ari dira, bakoitza berean. Ekimen honekin elkarren berri izatea bilatu du LABek, elkar ulertzea eta harremanetan sakontzea alegia, guztion lan baldintzak era berean hobetu eta sektorearen etorkizuna bermatzeko.

Jardunaldia aukera bikaina izan da gogoeta eta ikuspegi ezberdinak mahai beraren bueltan partekatzeko. LABetik ondorio nagusi bat atera dugu: ez da egia langile batzuren lan baldintzetan hobera egiteko beste batzuk kaltetu behar direnik. Baieztapen maltzur hori uxatzearekin batera, arduraz jokatuz, langileon elkartasunean sakontzea eta sektorearen etorkizuna bermatzea biak bateragarriak direla argi geratu da gaurkoan. Bateragarriak ez ezik, beharrezkoak ere bai.

 

 

 

LABek inplikazioa eskatzen dio Nafarroako Gobernuari N-121-Ako istripuak konpontzeko

0


Lan osasunaren nazioarteko egunean N 121-A errepideak gure osasun eta segurtasunerako dituen arriskuak salatu eta hurrengo egunean, berriro ere langile bat hil egin da gaur goizaldean errepide berdinean. Atzokoarekin, 18 langile hil dira aurten lan-istripuz Euskal Herrian, hauetako 5 Nafarroan.

Lan istripua goizeko 03:10ean gertatu da N 121-A (Iruñea-Behobia) errepideko 23. Kilometroan, Lantz parean eta Iruñako norabidean. Hilik suertatu den langileak 47 urte zituen eta Pedrola (Zaragozako) bizilaguna zen. Kamioia eskuineko norabidetik errepidetik atera da Iruñeako norabidean eta irauli egin da.

LAB sindikatutik lehenik eta behin gaur Beran lanean ari zela izandako istripuaren ondorioz hildako langilearen familiari gure dolumina helarazi nahi diogu hildakoaren senitarteko eta lagunei.

N-121-A errepidea Nafarroan egunero trafiko handienetakoa duen errepidea da, zenbait autobidek baino gehiago. Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide honetan eta horietatik heren bat kamioiak dira. Izugarrizko trafiko bolumena jasaten duen errepidea da, nazioarteko garraioaren ia osotasun guzia hemendik pasatzen delarik. Argi diogu, errepide hau ez dago inolaz ere prestaturik egunero pairatzen duen trafiko bolumena jasateko.

Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia langile bat errepide honetan hiltzen dena, 2014ko urtarrilean 2 anaiek errepide honetan bertan bizitza galdu zutelako eta aurten, martxoaren 4an, lanean ari zen garraiolari bat ere hilik suertatu baitzen errepide honetan. Aurten, jadanik 6 istripu larri suertatu dira errepide honetan, eta horietako bitan langile batek bere bizitza galdu du lanean ari zen bitartean. Zoritxarrez, ez da azken urteotan bere bizitza hemen utzi duen bakarra. Denoi datozkigu istripuak burura. Zoritxarrez, zerrenda luzeegia da.

Loteria makabro bat da gaur langile honen bizitza moztu duena, baino edozein momentutan errepide hau erabiltzen ahal duten milaka eta milaka pertsonei tokatu ahal zaiena. Errepide nazional batez ari gara solasean, inondik ere ez duena trafikoaren pisua jasateko gaitasuna, batez ere Leitzarandik joateak kamioientzat kostu ekonomiko handiagoa suposatzen duenez, N-121-A errepidetik pasatzen joaten direlako.

Aurreko Nafarroako Gobernuek inoiz ez dute errepide honen egokitzapena beraien lehentasunen artean izan, eta egin duten gauza bakarra egoerari partxeak jartzea izan da, arazoaren erroetara joateko borondaterik ez zegoelako. Baino atzo Beran egindako kontzentrazioan salatu zen bezala, ez da partxeak jartzeko garaia, irtenbideak bilatzekoa baizik. Errepide honen erabiltzaileak nazkatuta daude, atzo salatu zuten bezala horrela ezin baita bizi.

Aipatutako guztiarengatik, LAB sindikatutik behingoz egoera honi soluzioak bilatzen inplikatu dadila eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, berrz ere horrelako oharrik idatzi behar ez izateko. Gaiaren inguruan eztabaida ireki eta parte hartzailea zabaltzeko momentua da, jendartearen eskutik eta eragile sozial eta politikoen iritziak kontutan hartuta.

 

 

 

EAJ eta PSOE, zaintzaren krisiaren arduradunak Bilboko Udalean


Bilboko Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek agerraldia egin zuten pasa den astean Udaleko Iradokizun eta Erreklamazioen Batzordean. Bertan, mozioa aurkeztu zuten hirugarren adineko egoitzetarako hitzarmen duina eskatuz, zerbitzua ematen duten langileen %50aren babesa zuena. EAJ eta PSEko udal taldeek Batzordean blokeatu zuten mozioa, hortaz, ez da gaurko Bilboko Udalaren plenoan eztabaidatu. Plenoarekin batera, kalean defendatu dituzte langileek euren aldarrikapenak.

Langileek sinadurak jasoz agertu eta abalatu den mozio proposamena honakoa da:

Udala Bilbon etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen den prestazioaren titularra da. Udalak zerbitzuaren prestazioa azpikontratatzen du, merkataritza lehiaketen bidez. Honen prestazio zuzena merkataritza-enpresentzat lan egiten dugun etxez etxeko laguntzaileok bete ohi dugu.
2009. urteaz geroztik, udalak xedatu dituen ordu kopurua etengabe gutxitu da, zerbitzu orduen %30a baino gutxiago izanik. Horrek egoera kaltegarriak ekarri ditu berarekin, laguntza zein lan arloan.

Alor sozio-asistentzialari dagokionez:

• honen ondorioz gero eta talde handiago bati murriztu zaio babes maila; era berean, zerbitzu orduak gero eta urriagoak dira eta zerbitzuaren kalitatea kaskartu da. Horrela, lanorduak urritzeaz gain, lan egindako ordu bakoitzeko gero eta betekizun gehiago egiten dira.

Lan arloari dagokienez, hamarkada luze askotan funtsezko zerbitzu hau bete izan dugunok, ia denok emakumeak, enpleguaren eta lan eskubideen galera jasan izan dugu urtez urte.

• Hamaika behin behineko langile egotzi dituzte multzoka, gehienetan lege iruzurrean gainera. Behin-behineko kontratazioa da enpresek gehien maite duten kontratatze-politika. Xede horretan, malgutasunari egokitutako baliabide batez doitzen dira, nahieran lanaldi partzialean diharduten langileak kontratatzen dituzte, nahiz eta batzuetan benetako arrazoirik ez izan eta lege iruzurrean egin. Ezarri beharreko hitzarmen kolektiboan agindu gutxiengoak ere ez dituzte betetzen. Gaur egun, enpresak ukatu egiten dira lege iruzurrean lotutako kontratu mota hauek arautzera nahiz langileen legezko ordezkaritzarekin, aipatu behargin horiei bermatzen dien lan poltsak adostera ere.

• Ez dira bermatzen kontratuaren arabera bete behar ditugun orduak ere, gure baldintzak aldatzen dituzte, Hitzarmen Kolektibotik deslotuz, soldata eta kotizazioa galduz. Langileen portzentaje handi batek lanaldi partzialean dihardu.

• Azken hiru urteotan, gure lan baldintzak kaskartzeaz gain, eros ahalmenaren ia %3a galdu dugu, 2013 eta 2015 urteetako soldata izoztearen ondorioz. Horren salbuespena 2014a izan zen, hilero 8 € eguneratu ziren lanaldi osoan.

• Enpresek langileei eta Langileen Legezko Ordezkaritzari egozten diete kontingentzia arruntek eta profesionalek eragindako absentismo maila handia. Hala ere, ez diegu gogorik nabaritzen haien eginkizunak betetzeko, ez eta langileei bermatzeko prebentzio neurri egokiak kalterik jasan ez dezaten lan egite hutsagatik.

Enpresa hauetan lan egiten duten gehienak emakumeak dira, hamaika urtez lan egindakoak gainera. Horrek kalte egiten dio hauen osasunari. Gaitzen artean, gihar eta hezurduretako ondoezak, jatorrian, askotan, lana nahita uzteko, eskubideak galduz, eta erretiro aurreratua eskatzearen arrazoiak dira.
Nolatan jazo daiteke egoera hau, gero eta jende gehiagok honen premia dutenean jasaten duten menpekotasun mailei aurre egiteko? Nolatan saltzen dira zerbitzu honen erabiltzaileak, gizarte-zerbitzu publiko batez ari garenean, merkatal-enpresa hauen oinpean?

Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua murrizten ari da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren txosten baten arabera: Bizkaian menpekotasun graduren bat adierazten duten pertsonen %46ak ez du ezelango kanpo zerbitzurik jasotzen.

Bien bitartean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua hondatzen ari da, eta harekin batera gure lan baldintzak. Bizkaiko Aldundiak, urtero, familia ingurua zaintzeko partida hedagarri handiagoa bideratzen du. Prestazio ekonomiko horrek ohiz kanpoko izaera du, Menpekotasun Legearen arabera.

Udalak eta Aldundia honen arduradunak izan arren, zerbitzu honen titularrak direlako, kanpoko enpresetara esleituz enpresa pribatuen esku uzten dute, zeintzuk zerbitzuaren kalitatea eta eskaintzen diren baldintzak baino, irabaziak lehenesten dituzten. Enpresek merkaturatzen dute zerbitzua.

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak nahiz beste zerbitzu batzuk, horren beharrezkoa den enplegua sortzeko aukera eskaintzen dute. Horrek erakusten digu sektore publikoak ekonomiaren pizgarri izan behar duela. Horrez gain, bermatzen digu horren premia dutenei kalitateko zerbitzua eskainiko zaizkiela, eta horretarako, pertsonak behar besteko estalduraz hornituko direla.

Honengatik guztiarengatik, Udalbatzak bere gain hartzen ditu honako AKORDIOAK:

• Berma dadila ezarri beharreko hitzarmen kolektiboa beteko dela pleguetan.

• Langile laguntzaile eta teknikari oro subrogatuko dela eta kontratuetan aitortzen zaizkion orduak bermatuko direla.

• Zerbitzua lehengoratzeko prozesuari ekingo zaiola, udalek beraiek kudea dezaten eta gizarte-kaudimen urriko enpresa talde baten esku utzi izanak eragin duen egungo zerbitzuaren merkaturatzea zuzendu dadin. Horrela, zerbitzuaren kalitatea eta laguntzaileen lan baldintzak hobetuko dira.

• Aldi batez bermatuko dira laguntzaileen kontratuetan adierazten diren zerbitzu ordu guztiak. Zerbitzuan ematen diren orduen intentsitatea handituko da eta erabiltzaile kopurua areagotuko da, gaur egun ez bezala, zerbitzuaren intentsitatea orduko handitzen baita.

• Sektorearen Negoziazio Kolektiboan bitartekaritza lanak egingo dira, lan baldintzetan funtsezko hobekuntzak eman daitezen.

• Behin-behineko kontratazioa arautuko da, behar den bakoitzean, Langileen Legezko Ordezkaritzarekin adostutako lan poltsen bidez. Horrela, enpresen aldebakartasuna kontratatzean gaindituko da eta behin behineko langileen egonkortasuna handituko da.

• Langileen osasunari kalterik eragingo ez dion zerbitzua bermatuko da. Enpresek, egokiak gerta daitezkeen prebentzio neurriak bideratuko ditu helburu horretan.

• Zerbitzua gauzatzeko ezarri diren estandarrak bete daitezen, kontrol publikoa bermatuko da, bitarteko zorrotzen bidez.

• Zerbitzuaren prestazioa ebaluatuko da aldiro, alderdi guztien partaidetzaz eta horri egokitutako baliabideez.

 

 

 

Onartzen dugun itun bakarra helaraziko diegu Europar Batzordeko ordezkariei


Iritziak eta kezkak partekatzeko helburuarekin sindikatuak bilera batera deitu gaituzte gaur arratsaldeko 17:00etan San Telmo Museoko Liburutegian, Donostian. Deialdia Europar Batzordeko Espainiar Estatuko ordezkariek egin dute. TTIP eta Europar Batasuna eta Estatu Batuen arteko beste merkataritza libreko itunak izango ditugu aztergai.

ELA eta LABen iritziz, itun hauen sozializazio eta partekatze bezala saldu nahiko dute hauen aldekoek. Berandu dabiltza, dagoeneko itxita dutenean datoz kaltetuenak izango garenongana. Ez dugu horrelako parte hartze faltsurik onartzen. Gure parte hartzea bilera honetan guztiz kontra gaudela adierazi eta salaketa egiteko erabiliko dugu.

Europar Batasunak presa dauka momentu honetan, izkutuan burutu dituzten negoziazioak bere azkenera heltzen ari dira. Merkel eta Obamaren argazkiak, Estatu Batuetako hauteskundeak izan aurretik dena lotuta nahi dutela adierazten du. Gure herrian ez dugu argazki horren parte izan nahi.

Merkatuen mesedetan, gure oinarrizko eskubideak oraindik gehiago kaltetuko dituzte, gure osasun eta ingurumenaren kaltetan, gure lan baldintzen kaltetan eta gure burujabetzaren kaltetan. Itunok sinatzen dituztenetik aurrera, langileon, eta orohar herritarron bizi baldintzek okerrera egingo dute.

Behin bilera bukatuta, arratsaldeko 19:00etan, jardunaldia izango da. Horretan ere presente egongo gara itunen aurrean aurka zergatik gauden azaltzeko. Era berean, kalean ere egongo gara eta Gipuzkoako TTIParen aurkako kanpainak deitu duen elkarretaratzean parte hartuko dugu.

Europar Batzordeko kideekin izango dugun bileran, Euskal Herriko Eskubideen Karta Sozialaren asanbladak antolaturiko Alternatiben herrian onarturiko “TTIP eta TISAren mehatxuari aurre egiteko, herrien elkartasuna, bestelako mundu bat posible da” manifestua helaraziko diegu. Manifestu hori ohar honekin atxikita duzue.
 

 

Prekarietatearen aurrean lan osasun eskubidea borrokatzen

0
APIRILAK 28
Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna

Hazkunde ekonomikoak ez du kalitatezko enpleguaren sorrera ekarri


Gaur kaleratu diren EPA inkestaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 175.300 langabe zenbatu dira 2016. urteko lehenengo hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gehiago eta urte bat lehenago baino 43.800 gutxiago. Langabezia tasa %13,13koa da. Berriro salatu behar dugu ekonomiaren hazkundea ez dela modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan, hala nola sortzen den enplegu apurra oso prekarioa da.

Gainera, landun kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian nahiz eta Nafarroan oso bilakaera txarra izan; lurralde historiko honetan 2.300 langabe gehiago zenbatu dira eta 1.500 landun gutxiago.

Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu hauek ezkutatzen dutena:

Sortzen den enplegu apurra oso prekarioa da; kontratazioan prekarietatea, aldi baterako kontratuen gehiegizko erabilerak eta batez ere emakumeen kasuan borondatezkoak ez diren aldi partzialeko kontratuek hartu duten pisuak erakusten dute.

Lan baldintzak larriki kaltetzen ari den beste faktorea soldaten debaluazioa da. Enplegu berrietan du eragina honek bereziki, batez ere gutxi kualifikatutako enpleguetan eta gutxien irabazten dutenen kasuan. Ondorioz, eros-ahalmenaren galeraz gain, soldata desberdintasunak geroz eta handiagoak eta kezkagarriagoak dira.

Datu hauek argi uzten dute ekonomiaren hazkundea adierazten duten datu makroekonomikoen atzean dagoen errealitatea eta botere publikoek duten ezintasuna krisiari erantzun egoki bat emateko.

Gainera gaur, apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna, salatu beharra dago lan merkatuan areagotzen ari den prekarietateak gaixotu eta hil egiten gaituela.
 

 

 

Prekarietateak gaixotu eta hil egiten du

0

LABeko kideok Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan prekarietateak gaixotu eta hiltzen duela salatu dugu Gasteizen eta Laudion. Aurten jadanik 17 langile hil dira lan istripuan Euskal Herrian, eta errealitate horren arrazoiak ezagunak dira, prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak patronalari kostuak murrizteko. LAB lan osasuna eskubidea izan dadin borrokan dihardu, eta bide horretan kalean eta enpresetan izango da prekarietatea salatuz eta prebentzio neurriak exijituz.

APIRILAK 28. DEIALDIAK