2025-12-25
Blog Page 1043

Tratamientos Intxaustiko langileak greban hitzarmen duin baten alde

0

Elgoibarren kokatuta dagoen Tratamientos Intxausti S.A.ko langileek greban dira pasadan martxoaren 16tik, eta egunero Arriaga poligonoko sarreran elkarretaratzeak egiten ari dira euren lan baldintzetan hobekuntzak lortzeko helburuz.

Langileek iragan urtean lehen aldiz Enpresa Hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren edukiak hauexek ziren; soldata igoerak, ETTek enpresan lanik ez egiteko klausulak, lan erreformaren enpresei ematen dien aldebakarrekotasunaren aurkako klausulak, Gipuzkoako metaleko hitzarmenarekiko lotura Enpresa Hitzarmenean jasota ez zeuden gaietan, lan osasuna eta segurtasunari dagozkion neurriak…etab. Hitzarmen hori, ordea, 2015eko bukaeratik berritu gabe dago. Horrez gain, langileek salatzen dutenez, lan osasunaren inguruan adostu zutena ez du bete enpresak. Langileak, segurtasunari dagozkion kontuetan legeak dioena errespetatzeko galdatzen diote nagusiari, beste gauza batzuen artean.

LAB sindikatuko ekonomilariek enpresako kontu ekonomikoak aztertu ostean, azken 3 urteotan enpresak 141.000 eurotako irabaziak izan dituela nabarmendu du. Langileek, 2011 urtetik 2015erarte soldata izoztuta edukitzeaz ezezik, hainbat Lan Erregulazio Txosten (ERE) ere jasan dituzte eta horrek jada nahiko ahula zen eros ahalmena txikitu besterik ez duela egin salatu dute. Enpresak irabaziak dituela azpimarratu dute langileek eta eskatzen duten soldata igoera eta lan baldintzen hobetzea guztiz gauzagarria dela adierazi dute, haserre. Borondate kontua dela azpimarratu dute.

LABeko arduradunek adierazi dutenez, tailerreko langileen 100 %ak egin du greba. Horrez gain, beste behin ere prekarietateak emakume aurpegia duela salatu dute, plantilaren %eko 78a emakumezkoak bait dira.

Jarritako hainbat pankarta apurtuta agertu arren,langileak berriak jarri dituzten.

Beste alde batetik, langileek salatu dutenez, bulegoetako langileak, gerentea barne, tailerreko lanak aurrera eramaten ari dira (arazoekin) eta hurrengo astean Lan Ikuskaritzan salaketa bat egiteko aukera ez dute baztertzen, euren aburuz, zuzendaritzaren jarrerak grebarako eskubidea urratzen baitu.

Aste honetan zuzendaritzak akordioa ahalbidetzeko urratsik egiten ez baldin badu, mobilizazioetan “salto kualitatibo” bat egingo dutela adierazi dute poligono aldamenean eginiko asanbladan.
 

 

 


LAB lehen indarra E. Leclerc eta Gurpea Industrialen


LAB sindikatuak enpresa ezberdinetan hauteskundeak irabazi ditu. E.Leclerc Hipermenkatuetan LABek komitearen gehiengoa mantendu du 6 ordezkari lortuz 13tik. Gurpea Industrialen ere, sindikatua ordezkari 1etik 2ra igo da eta gehien bozkatutako sindikatua izan gara. Bestetik, enpresa txikietan ordezkaritza lortzen ari gara. Gaurdaino ordezkaritza ez genuen SLAN eta Solera enpresetan esaterako, hauteskundeak irabazi ditugu.

LABek ordezkaritza hori langileen eskubideen defentsan jarriko du baita enplegu duinaren alde ere. Hots, enpresetan aldaketa eman dadin.

 

 

 

Mugi gaitezen, independentziaren bidean, mobiliza gaitezen Aberri Egunean

0

Aberri Eguna gertu dugu. Aurtengoan Independentista Sareak Iruñean egin du deialdia martxoaren 27an "Independentziari bai" lelopean. LABek bat eginez, antolatutako manifestazio eta ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu euskal langile guztiei. Manifestazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da Golemen eta egunean zehar ekimen ezberdinetaz gozatzeko aukera izango da.

LAB Sindikatua Aberri Egunaren aurrean
2016/03/23

Independentziaren leihotik begiratzen diogu etorkizunari. Berriki Ipar Hegoa Fundazioak eta Parte Hartuz ikerketa taldeak Euskal Estatuaren aurreko iritziez eta jarrerez argitaratu duten lanaren baitan, herritarrei erabakitzeko eskubideaz galdetu zaienean, gehiengo zabal batek, zehazki %66,8ak baiezkoarekin erantzuten du eta inkestatuen %40,7 Euskal Estatuaren alde legoke. Eta ez hori bakarrik, inkestatu gehienek uste dute Euskal Estatu batean hobeto biziko liratekeela.

Independentzia da tresnarik eraginkorrena Kapitalismoaren parametroen aurkako sistema eraikitzeko. LABentzat independentziaren aldeko borroka, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztien eskubideak bermatzeko borroka da. Beraz, independentzia zertarako? Bizimodu duin bat izateko, lanaren eta aberastasunaren banaketa orekatu bat bermatzeko, zerbitzu publikoen defentsa egokirako, pentsioak bermatzeko, emakumeon eskubideak gauzatzeko, gazteen etorkizuna ziurtatzeko. Independentzia, euskal langileon aldaketa beharrari erantzuteko. Independentzia, etorkizunera begira jarri ahal izateko. 

Aberri Eguna iristear den honetan, arrazoi ugari ditugu Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko. Independentzia ez da helburu bat bere horretan, tresna baizik. Bitartekorik egokiena da, euskal langileon ongizatea eta ahalduntzea bermatzeko. 

Independentziak ez du berez aldaketa soziala ziurtatzen, baina independentziarik gabe ez dago aldaketarik. Eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresna dugu langile eta herri sektoreen ongizatea eta ahalduntzea sustatzea, burujabetzaren bidetik, erabakitzeko eskubidea egikarituz, biharko Euskal Herria zer eta nola nahi dugun erabaki ahal izateko. 

2016ko Aberri Egunaren atarian, LAB sindikatuak ere BAI esaten dio Independentziaren hautuari. Bai, erabakitzeko eskubidearen egikaritzatik abiatuta, Euskal Estatu independente, sozialista, euskalduna eta feminista eraikitzeari. 

DIKTADURA EKONOMIKOAREN AURREAN, HERRIEN EUROPA SOZIALA

Gaur Europan Kapitalak agintzen du. Herrioi, herritarroi, hitza eta erabakia ebatsi egin dizkigute. Erabakiguneak geroz eta urrunago daude. Merkatuek eta espekulatzaileek erabakitzen dute, zirkulazio librea dute transnazionalek; herritarrok, murruetan, sare eta lohietan harrapaturik gaituzten bitartean.

Milaka pertsona behartuta daude euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko edo gatazka belikoen ondorioz. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten eta lotsarazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta geopolitikoei erantzuten diete. Krisi humanitarioa deitzen diote, baina gizakiongan ondorio ezin larriagoak dituen krisi politikoa da. 

Horrekin batera, austeritate politiken eragina eta ondorioak nozitzen ari gara, baita gurean ere. Merkatuen interesen gainetik eta gizateriaren kontrako basakeriaren aurrean pertsonak erdigunean kokatuko dituen Herrien Europa Soziala behar dugu, eta hor, Euskal Herriak, herri bezala, Estatu egitura propio batekin kokatu behar du. Herrien Europa Soziala da etorkizuneko giltza. Kapitalismoaren aurrean alternatibak eraiki behar ditugu. Gure alternatiba Euskal Estatu Sozialista da. 

ESPAINIA ETA FRANTZIA, AUSTERITATEA ETA BIRZENTRALIZAZIOA 

Europako diktadura ekonomikoarekin lerratuta, frantziar zein espainiar Estatuak etengabe ari zaizkigu austeritate politikak ezartzen eta aukerarik txikienak ere baliatzen, birzentralizazio prozesuan sakontzeko. Frantziar Gobernuak kemena izan du Espainiakoaren traza bereko lan erreforma mahai gainean jartzeko, 35 orduko lanastea bera auzitan ipiniz. 

Espainian, berriz, azken hauteskunde estatalen ondoren Madrilgo Gobernuan sortu den egoerak ere ez dirudi botere-harremanetan berrikuntza handiegirik ekarriko duenik. Edozer aldatu, ezer alda ez dadin. Horixe da mugimendu eta indar unionista ezberdinen aldetik dakusaguna. 

Estatuekiko menpeko harremanak Euskal Herriaren ukazioa dakar. Murrizketa eta erreformak bata bestearen atzetik, lan eskubideen erasoa, negoziazio kolektiboaren suntsiketa, babes soziala hutsera ekarri izana, langabezia eta pobreziaren zabaltzea, diskriminazioen hauspotzea (izan generoarena, izan ideologikoa), genero indarkeria, kulturaren eta hizkuntzaren aurkako erasoak… 
Espainiar eta frantziar Estatu egituren barruan ez dago inolako burujabetza aukerarik. Burujabetzaren bidean aurrera egingo badugu bada askatu beharreko korapilo bat: erabakiak nork, non eta nola hartzen dituen. Estatuarekiko desanexio prozesua diseinatu eta errealitatea aldatzeko aukerak emango dizkiguten instituzio propioak eratzeko beharra dugu. Geure etorkizunaz erabaki nahi dugu, geure geroa geuk marraztu, bizitzea merezi duen bizitza bat izan dezagun, lanaren eta aberastasunaren banaketatik abiatuz, babes sozial nahikoarekin. Eta horretarako baliabide ekonomiko eta politikoak berreskuratu behar ditugu.

INDEPENDENTZIA LORTZEKO BIDEAN ABIAN GARA

Kapitalismoaren krisi sistemikoak etengabe mehatxatzen gaitu sistemaren berregokitze are basatiago batekin, baina sortu izan diren arrakaletatik tiraka, aldaketarako aukerei tokia egiteko aukera ere hortxe dago.

Bazterketa sortzen duen egungo eredu bidegabearen aurrean aldaketa soziala aldarrikatzen dugu, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial berri bat eraiki behar dugu, eta azken helburura iristeko aldaketa prozesu ezberdinak jarri behar ditugu martxan. 

Frantses Estatuak martxan duen lurralde errefoma handiak erregioen fusioa eta departamentuen desagertzea ekarriko du berarekin. Estatutik datozen erasoen aurrean Ipar Euskal Herriak erabaki propioak hartzeko beharra aldarrikatzen du eta zentzu honetan bide luzea jorratu du. Hain zuzen ere, laster batean, entitate administratibo bilakatzea espero da. Honek lan munduari begira neurri propioak hartzeko bidea irekiko luke.

Nafarroan martxan den aldaketa prozesuak aurrerapauso batzuk ekarri ditu: apartheid sindikalari amaiera eman zaio instituzioetan, Opus Deiri hainbat pribilejio kendu zaizkio, herritarron eskariei erantzuteko prestutasun handiagoa somatzen dugu, baina oraindik ez zaio ekin eredu ekonomiko eta sozialaren oinarriak aldatzeari. Nafarroaren erabateko demokratizazioa behar dugu, administraziotik hasita lantokietaraino. Gehiago behar da, eta horregatik, Nafarroan, aldaketa soziala gauza dadin mobilizatzen jarraitu behar dugu, aldaketa aldarrikatzen lantokietan, aldaketa lan eta bizi baldintzetan. 

Hemen lan egiten dugu eta hemen erabaki nahi dugu. Baina guretzat oinarrizko ariketa den hau, ez dugu ikusten hala denik EAEn Urkulluren Gobernuarentzat. Jaurlaritzak elite ekonomikoen interesekin lerrokatzen jarraitzen du, lan harremanen demokratizazioan urratsak ematetik urrun, beraz. Sektore publikoan 35 orduko lanastea berreskuratzeko egindako keinu itxuraz elektoralistaren ondotik, Espainiako Gobernuaren injerentziaren aurrean Lehendakaria epel eta otzan agertu da. Azken urteetan alde bakarrez eta dekretutzarrak eskutan hartuta agerturiko determinazio hori bera ikusi nahiko genioke Lehendakariari Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan aritzeko, negoziazio kolektiboaren dimentsio politikoa aitortzeko, dagozkigun eskumen eta eskubide guztiak egikaritzeko eta gehiengo sindikalaren aldarriei erantzuteko. Kontrara, baina, azken egunotan sindikatuok errealitatetik kanpo gaudela esaten entzun diogu Urkullu jaunari; langileon errealitatea bai dagoela EAJren proiektu politikotik kanpo. Ez burujabetzaren bidean, ez marko laboral propioaren alde, ezin espero daiteke langileon behar eta interesen neurriko proposamen errealik, sindikatuok baztertu eta independentzia iraganeko kontua dela esaten duen Gobernu baten aldetik. 

Jendartearen inplikazioa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango dira aldaketa eragiteko. Borondate politikoak ez dauden tokian bilatu eta behartu egin beharko ditugu, gehiengo sozialak eratuz eta artikulatuz, ez soilik krisi ekonomiko eta sozialari dagokionean, baita gatazka politikoaren konponbidearen eremuan ere. 

Normalizazio politikoan aurrera egin ahal izateko, fase bat itxi eta berri bat irekiko badugu, argitu beharreko afera ugari dugu oraindik, tartean, nagusiena, Euskal Preso Politikoen egoera. Ez dago Herri bat normalizatzerik ehunka preso espetxean eta dispertsioaren hatzaparretan mantentzen diren bitartean. Etxera ekarri behar ditugu, giza eskubideen ikuspegitik ez ezik, prozesu independentistak behar duen ekarpenari begira ere, preso politikoak subjetu aktibo izan daitezen. 

Korapiloak askatuz aurrera begira jartzeko ordua dugu. Eta etorkizunari begira, Abian eztabaida prozesua martxan jarri dugu Ezker Abertzalean, prozesu independentista eraldatzaile baten bueltan, aspaldiko galderei eta berriagoei erantzun egokia eman nahirik, indarrak aktibatzeko aukerak eta baldintzak sortzeko. 

Hain zuzen ere, krisi ekonomiko honetatik noiz eta nola atera eztabaida politikoa da. Inposatu nahi diguten etorkizun ilun hori alde batera utzi eta solik burujabetzaren bidetik eraikiko dugu benetako alternatiba. Euskal estatura eramango gaituen prozesu independentistak zabalduko digu gure eskubide sozial, ekonomiko eta politikoak bermatuko dituen eredu bat izatera eramango gaituen bidea, demokratizazioan aurrera eginez, iruzurgileak instituzioetatik kanporatuz…

Independentziak ez die soilik gure behar identitarioei erantzuten. Nazio ikuspegitik, korapilo ekonomiko eta sozialak askatzeko tresna izan behar du, gure arazo sozioekonomikoei, eguneroko beharrei, gutako bakoitzari benetako alternatibak eskaintzeko bitartekoa izan behar du.

Baietz diogu. Bai independentziari, bai Euskal Estatuari. Bai demokratizazio prozesuari, babes sozialari, kalitateko zerbitzu publikoei, euskarari, bai, gure lan harremanak berton erabakitzeari, bai enplegu eta industria eredu propioak garatzeari, bai elikadura subirautzari, bai bizitza erdigunean jarriko duen bestelako eredu sozial bati, bai prestazio eta pentsio sistema duin bati, bai kalitateko enpleguari, bai etxebizitza eskubideari, bai herritik eta herrirako sortutako hezkuntza sistemari, bai adierazpen askatasunari, bai bizitzeko osasunez lan egiteari, bai aldaketari, ekonomiko zein sozialari. Bai langileon eskubide sozial eta laboralen aitortzari. Burujabetza nahi dugu langileontzat. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta gurea dekantazio independentista da. Bai, eskubide politiko eta sozial guztiak proiektu justu baten baitan bilduko dituen euskal estatuari.

MOBILIZAZIO SOZIALA, ALDAKETA POLITIKOA, INDEPENDENTZIA

Independentziaren bidea urratzen jarraitzeko mugimendu independentista zabala behar dugu. Helburu horri begira euskal sindikalismoak egiteko garrantzitsua duela irizten du LABek. Euskal Estatuaren sorrera ekarriko duen bidean eremu sozial eta sindikalak erreferente izan behar du. Langileria bide horretara erakartzea da sindikatuon erronka, independentzia, estatu propioaren eraikuntza, langileriaren interesak defendatzeko biderik egokiena dela argi izanda.

Euskal sindikagintzak bere ekarpena egin behar du, eta LABen iritziz, desberdintasunak desberdintasun, adostasun berriak eraikitzeko unea da, langileon egoerak eskatzen duelako, gure herriaren etorkizunak behar duelako. Eraiki daitezkeen adostasun horiek berak izan daitezke desberdintasunak gainditzeko abiapuntua.

Sindikatuon eskutik, eta mobilizazioaren bidez egin behar dugu aurrera. Mugi gaitezen, independentziaren bidean, mobiliza gaitezen, Aberri Egunean. LABetik, Independentistak sarearen deialdiarekin bat eginez, Iruñean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Bai esaten diogu independentziari, bai Euskal Estatuari, bai, geure erabaki eta eskubide guztien jabe, gure etorkizun sozial, ekonomiko eta politikoa eraikitzeari.
 

 

 

Gazte Danbada bestelako herri baten alde

0

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek Gazte Danbada antolatuko dute martxoaren 25etik 28ra Laudion ‘Esna harrapa gaitzala’ lemapean. Etorkizunaren zain egon gabe, «bestelako herri baten aldeko borroka hauspotzea» izango dute helburu. LABek ere eredu justuago baten eraikuntzan rol aktiboa izan nahi du, horregatik gazteen gobidapenai erantzunez Gazte Danbadan izango da. 

Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, Amaia Zufia (Bilgune Feminista), Kattalin Miner (Medeak) eta Las Otras kolektiboko kideekin batera burujabetza feministaren inguruan arituko da. Bestalde Urtzi Ostolozagak, Ingurumeneko arduradunak, Euskal Herria dugu eraikitzeko izenburupean antolatutako mahai-inguruan hartuko du parte.

 

 

LABek ez du Nafarroako metalgintzako hitzarmena sinatu

0

Hiru hilabete eta gero, UGT, CCOO eta Metalgintzako Patronalek Nafarroako Herrialdeko Metalgintzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zuten. Gaur sinatu dute Hitzarmena.
LAB-K ez du hitzarmena sinatuko hitzarmenaren puntu garrantzitsuenetan lan baldintzak okertzen dituen akordioa delako.

Enplegua suntsitzen duen akordioa. UGT eta CCOO-k 2 egunetan lanaldia luzatzen dute eta malgutasuna 80 ordutara igotzen dute, honek ezinbestean enplegu suntsiketa ekarriko du.
Sektoreko langileen lan baldintzak prekarizatuko dituena. Kontratazio berriak Soldata baxuajo batekin mantenduko ditu 6 hilabetetik 24 hilabetera pasatuaz.

2012-ko Lan Erreforma ontzat ematen du eta langileek beronen aplikazioaren aurren defentsarik gabe uzten ditu.

Akordioak soldata igoera ez nahikoak ditu. Hitzamenaren historioan lehen aldiz igoeran tauletara soilik egiten dira, taulatik kanpo daudenen igoerak kongelatuz. Igoerak Nafarroako metalgintzako hitzarmenaren markotik kanpo negoziatu dira, Madrilen. UGT eta CCOO beraien espainiar nazionalismoa lehenesten dute langileen beharren gainetik.

“Kontzertazio sozialaren” eta sindikalgintza ez borrokalariaren emaitza den hitzarmen baten aurrean gaude. Patronalaren interesal gailendu direna eta sektorearentza enplegu suntsiketa eta prekarizazioa ekarriko dutena.
 

 

 

Lan mundua euskalduntze prozesuan langileok subjetu eta eragile izan behar dugu


Azken urteetan PNV eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dituzten hizkuntza politikek izan duten ibilbidearen aurrean sindikatuak aurrera daraman lerroaren berri emanez agerraldiea eskeini du gaur. Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiak, adierazi du
“lan mundua euskaldundu nahi badugu langileok sujetu izan behar dugula".

Urteak dira lan mundua euskalduntzeko egitasmoak eta ekimenak martxan jartzen direnetik, baina ez dute inondik inora beren helburua lortu. Gure ustez tope egin dute. Hala nola akordio sozio politikoa eman eta Lanhitz plana aurrera atera zenean hainbat politika jarri ziren martxan, bete ez diren espektatibak ireki ziren. Etxaidek azpimarratu du “agorpen horren aurrean, Jaurlaritzak, benetako eztabaida bultzatu beharrean propagandarekin erantzuteko erabakia hartu duela”.
Sindikatuak bere aldetik 12 urte baina gehiago daramatza Laneus izeneko plan estrategiko batekin lantokietan euskalduntze prozesuak bultzatzen. LABeko idazkari Nagusiak LABen ibilbidea gogorarazi du, hain zuzen ere “hainbat lantokietan planak bultzatu ditugu, ekimenak martxan jarri ditugu hizkuntza eskubideak bortxatzen direla esan eta salaketa horren gainean ekimen positiboak egiteko. Horrez gain estrategia amankomunetarako prestutasuna erakutsi dugu beti eta iruditzen zaigu Lanhitzekin bide txukun bati hasiera eman zitzaiola Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen arte”.

Horrez gain kezkaz ikusten dugu EAEko hezkuntza sailak duela gutxi publiko egindako diagnosia, bertan gure hezkuntza ereduak ez duela euskalduntzen adierazten da, beraz “euskalduntzen ez duen hezkuntza eredu bat dugu, bigarren mailako heziketan askotan ezin da euskaraz ikasi eta ondoren erdalduna den eta euskalduntzen ez den lan mundu batean sartu behar izaten dugu”. Horrela ezinezkoa da Euskal Herria euskalduntzea. Bestalde Nafarroan Gobernua aldatu bada ere, lan mundura iristen diren erabakiak oso hantzekoak dira, hutsune berdinekin jarraitzen dugu.

Beraz hutsuneak gainditu eta aurrera egin behar dugu. Lehenik eta behin, LABen ustez, lan mundua euskalduntzeko prozesua ezin du izan bigarren mailakoa eta borondatezkoa. Lan mundua euskalduntzea erabaki politiko bat izan behar da. Eta bigarrenik ezinezkoa da lan mundua euskalduntzea langilerik gabe egiten diren planekin. Langileok sujeto izan behar dugu prosezua diseinatu, estratgia adostu eta estrategia horiek aurrera ateratzerako orduan.

Zentzu honetan Edurne Larrañaga, Euskara Idazkariak azpimarratu du “lan munduaren euskalduntzea agenda politikoaren erdigunean kokatu behar dugula”. Lan mundua euskalduntzeko, langileon parte hartzean oinarrituriko eredu demokratikoa behar dugu, hau da euskalduntze prozesua arautu, planifikatu, ordenatu eta progresiboa izan behar da eta nola ez langileak euskalduntze prozesuaren subjetu eta eragile izan behar dugu. Amaitzeko euskara etorkizuneko inbertsio gisa ulertu behar dugu.

LABek orain arteko ibilbideri jarraipena emateaz gain lanketa honetan indarrak jartzen ari da. Hala nola “lan mundua euskalduntzeko ildo estrategikoa (LanEus) eguneratu genuen, bestealde lan munduaren euskalduntzea ekintza sindikalaren baitako ardatzetako bat da eta martxan dugun dinamikaren baitan kokatu dugu”. Akordio zein elkarlan esparru berriak eraikitzeko ahaleginetan ere badabil sindikatua eragile sozial eta sindikatuekin. Eta amaitzeko, Hizkuntza Politiken arduradun ezberdinei eztabaidatzeko prestutasuna adierazi nahi izan die LABek, beti ere lan mundua euskaldunduko duen eredu demokratiko baten aldeko ibilbidean urratsak emango badira, konpromisoetan oinarriturik eta politika errealak egiteko bada.
 

 

 
 

Harrigarria da Jaurlaritzak Zumarragako Arcelor Mittalerako bideragarritasun plana aurkeztu izana

0

Eusko Jaurlaritzak Arcelor Mittaleko Zumarragako enpresa-batzordeari luzatu dion gaurko bilera deialdiaren aurrean, LAB sindikatuak harrigarritzat jotzen du Jaurlaritzaren jarrera. Eusko Jaurlaritzak enpresari bideragarritasun plana aurkezteko exijitu beharrean, Eusko Jaurlaritza bera da eta, ez ordea enpresa, Zumarragako lantokirako bideragarritasun plana publikoki iragarriko duela dioena. Enpresa Batzordeari jakinaraziko dio enpresa berari baino lehen, honen iritzia ere ezagutu gabe. Hau guztia, gainera, astebeteko epe laburrean. 

Honengatik guztiarengatik, eta proposamenaren xehetasunak ezagutzearen zain gaudenean, LABek enpresarekin batera adostutako plana dela deritzo. Beldur gara Eusko Jaurlaritzak enpresak aipatutako arrazoiak bere egingo ote dituen, hainbat langileren leku-aldatzeak ontzat emanez, Zumarragako altzairutegiaren gainbehera bultzatuz eta langileei sakrifizio gehiago exijituz.

Hau baieztauz gero, erabaki honek Enpresa Batzordeak zein Zumarragako herriak berak erabakitakoaren aurka zuzen-zuzen joko luke.

 

 

 

Prekarietatea borrokatzea eskubideak defendatzea da


Aste honetan LAB sindikatuak kanpaina bati ekingo dio Araban, laneko prekarietatearen kontra eta patronalak klase politikarekin duen adostasuna salatzeko, egoera hori ahalbideratu eta indartu egiten duena. Horrela, enpresen markoan hainbat dinamika abiatuko ditugu, milaka langile arabarren egoera gero eta kezkagarriagoa salatzeko eta Araban enplegu duina aldarrikatzeko helburuarekin. 

Hau da baieztatzen duguna: gero eta lan baldintza txiroagoen aurrean topatzen garela, eta langileei mobbing etengabea egiten dien patronala gero eta harroago dagoela, jendartearen beharren gainetik bere egoera ekonomikoa indartzeko gero eta gehiago eskatzen duenean.

Patronalak lanpostuen sorrera deitzen duena kontratu prekarioak eta miseriazko soldatekin dira; enplegua sortzeko politikatzat dutena gizon eta emakumeen arteko soldata aldeak, mugikortasun geografikoa edo kaleratze merkeak dira. SEA oraindik lege ez den lan erreforma bat aplikatzea da, jasaten ari garen krisi ekonomikoarentzako proposatzen duen irtenbide partikularra baino ez.

Jakina, erakundeek ematen dioten babesa eta laguntzarik gabe, SEAk ez lituzke halako proposamenik egingo. Erakundeei egiten dien eskaera zerrenda, eurekiko etxeko lana bailitzan, hile amaierara iristeko komeriak egin behar dituen jendarte honen zati handi bat lotsarazi, iraindu eta baztertu egiten du.

Langabezia jaisteko Lan Publiko gehiago? Babes eta diru-laguntza gehiago? Lan Erreforman sakondu?… Ez da, ez da izan, eta jakina ez da izango LABen ustez egin beharreko bidea. Erakundeak herritarren zerbitzura jartzea ezinbestekoa da; patronalaren abusuei aurre egitea eta men egiteari uztea; euren langileak halaxe, “euren langile” bezala hartzen duten enpresariei domina gutxiago ematea; Administrazioak “zenbat eta ordu gehiago hobe” defendatzen dutenei pulpitua eta mikrofonoa jartzea eta aldi berean Administrazioan bertan 35 orduko lan-astea berreskuratzea planteatzea ez da etikoa inondik ere. Patronalak horrenbeste azpimarratzen duen “bake soziala” ez doa eskubideak deuseztatzeko bidetik, hauek errespetatzetik baizik.

Egin dugun azterketa orokor honek Arabako ekoizpen ehun osoan du isla. Beraz prekarietatea, zalantzazko egoera eta klase politikoaren babesa industria arloan herrialdeko lau enpresa erreferenteetan ere ematen da: MERCEDES, MICHELIN, TUBOS REUNIDOS eta AERNNOVA.

12.000 langiletik gora duten enpresa hauetan, erakundeek hainbeste zaintzen enpresari handiek planteatzen dute era desberdinetako prekarietate ERREALA, eskubideen murrizketa ERREALA, enpleguen suntsiketa ERREALA eta plantilak BENETAN beldurtzen produkzioa lekualdatzearekin, beti ere ahalegin kolektiboaren eufemismoaren mozorroarekin, beraiek izateko onuradun nagusiak. Hori guztia arestian aipatu bezala, EAJren babes instituzional inplizitu edo esplizituarekin ari dira egiten.

Azkenik, sindikatu batzuek patronalarekin duten kolaborazio paregabea salatu nahi dugu. Izan ere neurriok onartuz, langileei bizkar emanda pasteleatuz edota mobilizazioak oztopatuz patronala are indartsuago egin eta lan eskubideei mesede eskasa egiten baitiete.
 

 

 

Ur publikoaren defentsan busti gara

0


Gaur, martxoak 22, Uraren Munduko Egunean, “Ur publikoaren defentsan” plataformako kideok Bilboko Plaza Biribileko iturriko uretan murgildu gara, txirotutako familiei egiten ari zaizkien ur-mozketak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren iluntasuna salatzeko eta ura jendartearen ondasuntzat hartua izan dadila eta pertsonen beharrak asetzeko jendarte-ondasun bezala kudea dadila exigitzeko, eta ez kudeaketan sartuta dauden enpresentzako diru-etekin iturri bezala.

NO A LOS CORTES DE SUMINISTRO DE AGUA
Ur publikoaren defentsan plataforma
Ur-pobreziaren aurka: ur horniketa mozketei ez!
2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko azaroaren 26ra arte, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, berak emandako datuen arabera, 1.838 ur hornidura-mozketa egin ditu, horietatik 1.1.30 etxebizitzei eginiko hornidura-mozketak izan dira. Partzuergoa %60ak dago pribatizatuta, ezinbestekoa den ondasun honen kudeaketarako beharrezko diren zerbitzu asko azpikontratatuta baitaude enpresa pribatuen bidez, besteak beste, horniduraren mozketa eta diru-bilketa betearazlea besteak beste. Horren gain, Ur Partzuergoaren zerbitzu-araudian ez da jasotzen ur edangarria eskuratzeko oinarrizko eskubidearekiko begirunerik. Kudeaketa iluna da, defendatzen dituen benetako interesak estaltzen dituena.

Uraren kudeaketa publikoa
Kudeaketa Publiko Parte-hartzailea exijitzen dugu, irabazi asmorik gabekoa, interes orokorreko zerbitzu gisa, ura ez delako salerosketa gaia, ondasun erkidea baizik eta oinarrizko eskubidea, bizitzarentzako funtsezko gaia izateaz gain. Ur-txirotasunari benetako konponbide eraginkorrak eskaintzeko behar diren lege-aldaketak eta araudi-garapenak ere exijitzen ditugu. Funtsezkoa da ur-horniketa ordaindu ezin duten familiei etxeko ur-horniketa mozketa debekatzea, bai eta, ordaintzen ez den kasuan, pertsonako eta eguneko gutxienez 60 eta 100 litro arteko horniketa ziurtatzea ere, NBEak ur edangarriarekiko ezarri duen eskubidea bermatzeko.

Berta Cáceres Gogoan
Lencatarren líder indegena, feminista eta ingurumenaren aldeko ekintzaile hau erail egin zuten martxoaren 3an, tiroka, Hondurasen, bere borroka nekaezinagatik, 40 proiektu hidroelektrikoren eta meategien dozenaka proiekturen aurka eta lurraldea jende indigenak, lurraldearen jabe legitimoak, berreskuratzearen alde. Halaber, Gustavo Castrori ere gure elkartasun guztia adierazi nahi diogu, gaur egun Hondurasen atxikita dagoelarik. Gustavo Berta Cáceresen erailketaren lekuko izan da, eta baita biktima ere, bera ere erahiltzen saiatu zirelako.