2026-07-04
Blog Page 1022

Abenduaren 17ko manifestazioan kurdistanekin bat egingo dugu

0


LABek Euskal Herriko bertze hainbat eragilerekin batera heldu den Abenduaren 17an Kurdistanekiko elkartasuna adierazteko eginen den manifestazioan parte hartzera deitzen du Euskal jendartea. Bertan
azarotik aurrera Turkiako Erdoganen gobernuak estatu kolpe saiakera bat aitzakia bezala hartuta martxan jarritako errepresioa salatuko da. Manifestazioa, «Faxismoaren aurrean, Gora Kurdistan» lemapean 12:30etan abiatuko da.


 

 

 

Euskal preso politikoen aldeko borroka laguntzeko eta zabaltzeko konpromisoa berretsi dugu

Euskal presoen kaleratzea eskatzeko ekimenekin aurrera darrai LABek. Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek Usurbilera egin du bisita, preso ohiekin egoteko. Zenbait eskualdetik, berriz, elkartasun keinu gehiago etorri dira; Urola Kostatik eta Hego Uribe Arratiatik, kasu.

Euskal preso politiko ohiek ‘Kalera Kalera’ ekimena jarri dute abian, eta, dinamika horren baita, Usurbilgo plaza bilgune bilakatu dute joan den larunbataz geroztik, datorren urtarrilaren 8a arte bertan egoteko. Bada, LABeko Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek elkargunera egin du gaur bisita, presoen aldeko ekimenari babesa eskaintzeko.

Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzetan, “bisita honekin gure elkartasuna luzatu nahi diegu euskal preso politiko guztiei. Era berean, presoak etxean izan arte, lanean jarraitzeko eta borroka lantokietara zabaltzeko konpromisoa berretsi nahi dugu”.

Etxaidek Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kaleratutako adierazpenari buruz hitz egin du, eta LAB eztabaida horretan laguntzeko prest dagoela nabarmendu du: “LAB prest dago eztabaida horrek eskatzen dituen giroa eta baldintzak sortzeko ekimenetan parte hartzeko. Babes osoa emango diegu presoek hartzen dituzten erabakiei, eta, erabaki horiek euskal eragile eta langileen artean zabaldu behar izanez gero, hemen dute horretan lagunduko duen sindikatu bat”.

Bestalde, euskal presoekiko elkartasun keinuak hainbat eskualdetik iristen ari dira egunotan, LABeko delegatuen eskutik. Durangaldetik iritsi ziren atzo, eta azken orduetan Urola Kostatik eta Hego Uribe Arratiatik ere heldu dira, datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioen iragarpenarekin batera


  
 

 

 

Manifestazioa egingo dugu ostiralean, Bizkaiko Adinekoen egoitzetan benetako aldaketa aldarrikatzeko

Bizkaiko Adinekoen Egoitzetako gatazka ez da soilik lan gatazka bat. LABen ustez, gaur egun dagoen lan hitzarmenak ez die langileek benetan dituzten arazoei heltzen eta sistema hau mantentzeko baino ez du balio. Argi dugu sistema honek langileen lan baldintzak geroz eta gogorragoak egiteko baino ez duela balio. Egoera iraultzeko LABek mobilizatzea ezinbesteko ikusten du eta beraz abenduaren 16an egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen du.

Arazoa eta gatazka hau aspalditik dator, baina orain da hau konpontzeko garaia. Langileok argi dugu hitzarmen honetatik ezin dela pasatu 1.592 orduko gehienezko lanaldia ezarri gabe, aldi baterako desgaitasunak %100ean konpentsatzeko konpromisoa hartu gabe, ratio egoki batzuk ezarri edota patronalari, diru publikotik gehienezko irabazien muga %2an ezarri arte.

Orain da gure garaia, eta pausu sendo eta gogorrak ematea dagokigu denoi eta denon mesedetan. LABek argi du arazoa erabaki politikoetan datzala, zerbitzu hauen pribatizazioan eta merkantilizazioan. Arazoa, instituzioek enpresa pribatuen mesetan aritzea lehenesten dutenean dator, eta ez pertsonen mesedetan. Enpresek gero eta etekin handiagoak atera nahi dituzte diru publikotik eta, hau, langileak estutuz baino ez dute lortzen.

Arazoa eta irtenbidea, beraz, politikoak dira eta Bizkaiko Foru Aldundiko talde politiko guztiei dagokie hau konpontzea.

Hau esanda, LABeko Adinekoen Egoitzetako langileok, abenduaren 16an, goizeko 11:00tan Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko den mobilizaziorako deialdia egiten dugu.

Mobilizaziorako atxikimendu ugari jaso ditu LABek, bakoitzak bere ikuspuntutik ere ekarpena egiteko asmoz, Bilbon elkartzeko konpromisoa erakutsi duelarik (Pentsionistak Martxan, Babestu, EH Bildu, Podemos, FeministAlde, Marimatraka Santurtziko Talde Feminista, Gafas Moradas, Antikapitalistak eta Bilgune feminista).

 

 

 

Elkarretaratzeak Ipar Euskal Herrian igande eta pesta egunetako lanaren orokortzea salatzeko


LAB sindikatak kanpaina berri bat abiatu du Ipar Euskal Herrian igande eta pesta egunetako lanaren orokortzea salatzeko. Ekintza desberdinak bururatuta Donapaleu aldean joan den azaroaren 11an, LABek deia zabaltzen du beste elkarretaratze batzuetan parte hartzeko heldu den abenduaren 18an, igande goizeko 9etatik goiti.

ELKARRETARATZEAK
Amenduzen (Carrefour aintzinean)
Senperen (Netto aintzinean)
Donibane Lohitzunen (Intersport eta Carrefour aintzinean)
eta 10etatik goiti Hazparnen (Intermarché aintzinean)

LAB sindikatak salatzen du igandeko lana orokortzen segitu ezkero (4 milioi langile pasaturik hunkituak frantses estaduan, baimen berezi aukera gero eta gehiago), besta eta pausa egun hauek egun arruntak bilakatuko direla, merkataritzaren logikak, lagunarte eta familiarteari aurre hartuz.

Kanpaina honek lotura bat du TPE hauteskundeetako kanpainarekin : saltoki handi hauen politika salatuz, LABek alde batetik gero eta jende gehiagoren prekaritate egoera salatu nahi du, eta beste alde batetik, LABek hurbileko komerzio ttikien defentsa hartu nahi du, idekitze hauen beste biktima handiak.
 

 

 

Elkarretaratzea egin dugu Mercedeseko bi langileren kaleratzearen kontra

0

Duela hilabete batzuk, Mercedesek kaleratu egin zituen behin-behineko bi langile hauek, beste batzuekin batera, errendimendu jaitsiera leporatuta. LABentzat ordea, kaleratze justifikaezinak dira eta argiki erakusten dute enpresak ebentualekiko duen jarrera: nahi duen erara erabiltzea. Modu iruzurtian kontratatzen ditu, diskriminatu egiten ditu, prekarizatu egiten ditu eta, gainera, nahi duenean, kaleratu egiten ditu.

Hori guztia salatzeko gaur, lehenengo kaleratzearen epaiketa burutzen zen bitartean, elkarretaratzea egin du LABek Gasteizen. Aurrerantzean ere jarraituko du Mercedeseko prekarietatea eta ebentualitatea borrokatzen.
 

 

 

Greba mugagabe partzialean dauden Jasoko langileek manifestazioa egin dute

0

 

Jaso Industrialeko langileak greba mugagabe patrialean jarraitzen dute hitzarmen duin baten alde. Tailerreko langileek ere eskubide sozial duinak edukitzeko eskubidea dugu, beraz, zuzendaritzari, bulegoa eta tailerraren artean dagoen diskriminazioarekin amai dezala eskatzen diogu. Asteak aurreara joan arren langileak mobilizatzen jarraitzeko indarrarekin daude eta aldaketarik egon ezean asteazkenero manifestaldia egingo dute.

Jaso Industrialeko enpresa batzordearen prentsa oharra

Itsasondon kokatua dagoen JASO INDUSTRIAL enpresako langileok, manifestazioa egin dugu gaur asteazkena, goizeko 10:45etan Ordiziako San Juan auzotik abiatu eta Ordiziako azokan amaituaz, "JASO Itsasondo, hitzarmen duin baten alde" lemapean. Ostegun honetan, 2 aste beteko dira Greba Mugagabe Partziala hasi genuenetik eta momentuz ez da kontakturik egon zuzendaritza eta komitearen artean."Langileok argi dugu, eman beharreko urratsak eman ditugula, zuzendaritzari akordio batera iristeko irtenbide ezberdinak eman dizkiogu eta orain zuzendaritzari tokatzen zaio egoera honi soluzioa ematea". "Langileak, asteak aurrera doazen arren, bat eginda eta oso indartsu gaude".

Akordio batera iritsi arte, JASOko langileak, asteazkenero manifestaldiak egingo ditugu, Ordiziako azokan. JASO Itsasondoko zuzendaritzak jakin beharko luke, egoera hau luzatzeak, min handia egin behar diola gure enpresari, barne gatazkek ahuldu besterik ez gaituztela egin behar eta ondorioz, arduraz jokatzeko esaten diogu eta historikoki zuzendaritzak erakutsi duen seriotasuna, kasu honetan ere erakusteko. Tailerreko langileek ere Eskubide Sozial duinak edukitzeko eskubidea dugu, beraz, zuzendaritzari, bulegoa eta tailerraren artean dagoen diskriminazioarekin amai dezala eskatzen diogu.

(Bideoa: Goierriko Hitza)
 

 

 

Lau orduko lan uztea egin dute Arcelorreko Legasako langileek

0

Lantegiak, azken urteetan, hitzarmenaren negoziaketetan izandako jarrera inposatzailea gainditzeko asmoz egin zuten atzo geldialdia. Langileek euren eskariak azaldu dituzte, eta lantegiak bere hitza betetzea eskatu dute; hots, bere garaian hartutako konpromisoak errespeta ditzan.

Lantegiak hitz eman zien duela urte batzuk, egoera ekonomikoaren ondorioz, kaleratuta izan ziren langileak, langile gehiago behar izatekotan, lehenak izango zirela lantegian sartzen. Baina, orain, denbora dexente gutxieneko langile kopuruarekin lan egiten egoteaz gain (honek zailtzen du produkzioa behar den moduan ateratzea eta segurtasuna murrizten du ere), urteetako borroken ondorioz, oraingoan, dirudienez, onartuko den errelebo kontratuan ez zaie lehentasuna emango langile horiei.

Legasako langileak ez daude prest beraiekin hartutako konpromisoak ez errespetatzera, eta gutxiago mehatxuen bidez beraien erabakia baldintzatzea. Horregatik, beraien eskubideen defentsan borrokatzea erabaki dute, eta, enpresak jarrera aldaketarik ez badu, horretan jarraituko dute.
 

 

 

Presoen alde irtengo gara kalera

Preso politiko ohiek ‘Kalera Kalera’ ekimena jarri dute abian, eta, dinamika horren baita, Usurbilgo plaza bilgune bilakatu dute joan den larunbataz geroztik, datorren urtarrilaren 8a arte bertan egoteko. Bada, LABeko Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek bihar, abenduak 15, elkargunera egingo du bisita babesa eskaintzeko. Hain zuzen ere, sindikatuak hainbat mobilizazio deitu edo babestuko ditu datozen egunetan, beti ere presoen kaleratzea eskatzeko.

Urrutira joan gabe, Durangaldeko LABek bat egin du gaur ‘Kalera Kalera’ ekimenarekin berarekin –irudian, gaurko protesta–. Sindikatuko ordezkariek lau orduko elkarretaratze bat egin dute Iurretako Mallabiena industriagunean, eta hainbat enpresako delegatuak egon dira bertan: Gestamp, Cemosa, Estancal, Odi Bakar, Cemvisa, Durangaldeko Udal, Cespa, Rothenberger, Auzo Lagun, Bertoko, Geroko, Industrias Amaya Telleria, Inyectametal, TVA, Larzep, Bruss, Ona Electroerosion eta Fumbarri enpresatako LABeko ordezkariak, kasu. “Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gure egin dugu”, adierazi dute, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abiatuko duen eztabaida prozesuari babesa adierazi diote.

Hauek dira presoen alde aurreikusitako mobilizazioetako batzuk, LABek deitu edo babestuta (gaurkotzen joango gara zerrenda):

Abenduak 15. Nazio Komitearen bisita
Usurbileko plazan, 11:30ean

Abenduak 15. Debaldea
Eibarren, 19:30ean, elkarretaratzea

Abenduak 17. Hego Uribe Arratia
Basauriko espetxerako martxak. Galdakaotik 10:30ean eta Ugaotik, 10:00etan. Era berean, azken ostiraleko mobilizazioa.

Abenduak 20. Busturia-Lea Artibai
Gernikako ospitale aurrean, 11:00etan, protesta: preso gaixoak eta bereziki Ibon Iparragirre etxera ekarri behar ditugula aldarrikatuko dugu.

Abenduaren 22. Aiara
Laudioko Herriko Plazan, 12:00etan, elkarretaratzea

Abenduak 22. Gasteiz
Gasteizen, 12:00etan, Andra Mari Zuriaren Plazan

Abenduak 22. Eskumaldea
Algortan, 12:30ean, elkarretaratzea Telletxe plazan. 13:00etan, handik abiatuta, giza-katea Correoseraino, postal bidalketak egiteko

Abenduak 22. Debaldea
Eibarren, 19:30ean, elkarretaratzea eta ondoren betso-poteoa.

Abenduak 23. Iruñerria
Iruñean, 12:00etan, giza-katea Gaztelu Plazan

Abenduak 28. Goierri
Ordiziako merkatuan, mobilizazioa

Abenduak 30. Hego Uribe Arratia
Basaurin, 12:00etan, elkarretaratzea Benta Plazan

Abenduak 30. Oarso Bidasoa
Azken ostirala indartuko dugu deialdi zabalagoa eginez.

Abenduak 30. Donostia
Azken ostirala indartuko dugu deialdi zabalago bat eginez. Urdaneta kaleko Korreos-en izango da elkarretaratzea, eta, ondoren, Donostiako presoei eskutitzak bidaliko dizkiegu.

 

 

Lan istripuak salatzeko manifestazio bat egingo dugu Bilbon, abenduaren 20an


‘Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!’. Horixe izango da, datorren asteartean, Bilbon egingo dugun manifestazioaren leloa. Euskal gehiengo sindikalak deitutako protesta Plaza Zirkularretik abiatuko da, 11:30ean, eta Hego Euskal Herrian aurten hil diren 53 pertsonak ekarriko ditu gogora. “Lan osasuna ez da lehentasun bat agintarientzat”, salatu du LABeko Exekutiboko kide Garbiñe Aranburuk, gaurko agerraldian.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitu dute abenduaren 20ko manifestaziora. Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon, eta 2016. urteko lan istripuen txostena aurkeztu dute. Hauek dira txostenaren datu esanguratsuenak: 

2016. urtea bukatzen ari den honetan, lan ezbeharren egoerak nabarmen egin duela txarrera salatu nahi dugu. Izan ere, iaz urte osoan 52 izan ziren guztira eta aurten, Hego Euskal Herrian, bederen, 53 langile hil dira jada lan istripu baten ondorioz.

Araban 03
Bizkaian 29
Gipuzkoan 08
Nafarroan 13

Egoeraren larritasuna adierazteko, ondorengo datuak ere esanguratsuak iruditzen zaizkigu. Hain zuzen ere, 2016. urteko lehengo 10 hilabeteetan %9,5 handitu da istripuen kopurua. Larritasunaren arabera: bajarik gabeko istripuak %11,3 handitu dira; baja arinak, %6,7; hilgarriak, %6.

Arinak eta bajarik gabeko istripuei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira. Urtero igo dira: 2014. urtean, %1; 2015. urtean, %3,5; 2016. urtean, %9,5.

Lan istripu hilgarriei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira.

Lan istripu bat, 5 minuturo

Egunero 288 lan istripu jazotzen dira. Edo bestela esanda, 5 minuturo lan istripu bat gertatzen da. Istripu horietako 178k ez dute bajarik eragiten, eta 109k egun bat baino gehiago irauten duen ezintasuna sortzen dute. Sei egunean behin istripu hilgarria gertatu ohi da.

Lanbide gaixotasunak, guztira, %8,2 handitu dira. Egunero 10 bat lanbide gaixotasun sortzen dira. Horietako 6k ez dute bajarik eragiten, eta lauk egun bat baino gehiago eragiten dute.

Kontuan hartzen baditugu egun bat baino gehiagoko ezintasunak sortzen dituzten lan istripuak eta lanbide gaixotasunak: egunero 96 pertsonei ematen diete baja,
hots, 15 minuturo langile bati ematen diote baja.

Deigarria da gainera aurten izan diren istripuen hilgarrien herena azpikontratetan izan direla.

Estatistikek ezkutatzen dutena
Zenbaki hauek ez dira bat etorriko Osalan edo Nafarroako Lan Osasun Institutuak emango dituen datuekin. Izan ere, askotan salatu dugu estatistika ofizialek ez dutela errealitatea islatzen, istripu ugari ez dituztelako lan istripu gisa sailkatzen. Horien artean ditugu autonomo batzuek izaten dituztenak, etxeko langileenak, ezkutuko ekonomian lan egiten dutenenak, garraiolariek lanaldian izaten dituztenak, in itinere batzuk eta Euskal Herrian lan istripua jasan duten arren, baina haien enpresa kanpokoa duten langileenak.

Bestalde, lan harremanetan hedatzen ari den prekarietatearen ondorioz lan ezbeharren gero eta zati handiagoa ezkutuan geratzen ari da. Askotan enpresariak dira istripu hauek estaltzen dituztenak edo “istripu arin” bezala sailkatzen dituztenak, mutualitateen laguntzarekin, hainbat kasutan eta batez ere enpresa handietan, benetako lan istripu kopurua ezkutatu asmoz, langileak baja hartu ordez, beste jarduera batera bideratzen dira. Beste batzuetan langileak dira istripuak ez dituztenak komunikatzen, prekarietatearen ondorioz ziurgabetasun egoeran daudelako.

Hortaz, argi dago gaur egun dauzkagun informazio estatistiko sistemek ez dutela errealitatea islatzen. Eta hala ere, 2016. urteko lehenengo 10 hilabeteetan, baja gabeko lan istripuak, arinak eta hilgarriak areagotu egin dira. Honek agerian uzten du, premiazko neurririk bideratu ezean, datozen urteotan, lan istripuen kopuruak gora egingo duela.