2026-09-10
Blog Page 1017

Borrokari esker, hitzarmen duina lortu dugu Maderas Mejoradas Industrialen

0

Ia bi hilabeteko borrokaren ondoren, Maderas Mejoradas Industrialeko langileek hitzarmena sinatzeko aurreakordioa lortu dute. Bi hilabete gogor izan dira baina borrokak merezi izan duela argi dago, izan ere, hitzarmen duin eta txukuna lortu baita.

Beste lorpen askoren artean azpimarratu behar da bi urteko hitzarmena dela, ultraaktibitate mugagabearekin; 2016 eta 2017rako, urte bakoitzerako %1,9ko soldata igoera zehazten dela; Lizentzietan hobekuntza batzuk izango direla; gertakari arruntak gizarte segurantzarekin gestionatzeko konpromisoa hartzen dela eta hurrengo hitzarmenean lanaldia aztertzeko konpromisoa jasotzen dela.

Borrokak merezi izan du, horri esker lortu dira hobenkuntzak langileen eskubideetan.

 

 

 

Iñaki Montes eta beste bi auziperatuek libre egon behar dutela eskatuz mobilizatu gara


2014ko martxoaren 3an atxilotu zuten Iñaki Montes basauriarra, JEZ enpresako delegatua, beste kide batzuekin batera, Troikaren bisitaren harira antolatu ziren protestetan. Gaur epaitu dituzte, azaroan egindako saioa gaurko egunera atzeratu ondoren. Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eta 200.000 eurotako isuna eskatzen du euretako bakoitzarentzat. LABek, auziperatuei babesa erakutsi eta euren askatasuna eskatuz elkarretaratzea egin du.

Agapito Valle, LABeko Aiaraldeko industria federazioko arduradunaren hitzetan “botere judizialak begiak itxi edo zigor oso txikiak jartzen dizkie jendartearen gehiagoaren aurkako erabakiak hartzen dituzte pribilegiodun gutxi batzuei”, et aldiz, “injustiziari aurre egitera ausartzen diren horiek jazarri eta kondenatzen ditu”.

“Ez dugu onartuko protesta zigortzerik”. LABetik hiru pertsona hauen askatasuna exijitzen dugu, inoiz ez ziren epaituak izan behar. Sinikatuaren iritziz benetako erantzuleak, jendartearen egoeraren aurkako erabakiak hartzen dituzten horiek dira.

 

 

 

Bertan behera utzi dugu BSH Ezkirotzeko greba, helburuak bete eta akordio bat lortu ondoren

0

BSHko langileek asanblada egin dute. Bertan, LABek osatutako greba batzordeak eta enpresaren zuzendaritzak lortutako akordioa berretsi dute. Greba mugagabean zeuden BSHko langileak, urtarrilaren 9tik, lekualdatzearen akordioagatik, zegozkien kategoria profesionalak ezartzea eskatzen zutelarik. Prozesu luze baten ondoren, iritsi da zuzendaritza eta greba-batzordearen arteko akordioa. Tailerreko langileek grebarekin bat egin dute erabat, duintasun erakustaldia emanez.

Akordioak suposatzen du enpresaren zuzendaritzak bere osotasunean onartzen duela greba deitzearen arrazoia, hau da, Ezkirotzeko gainontzeko lankideen kategoria profesional baliokideak aitortzea.

Nabarmendu beharrekoa da baita, enpresak negoziazio prozesuan zehar BSHko batzordeak eskatutako beste hiru soldata-kontzeptuak ordaintzeko konpromisoa hartu duela, enpresak zorretan zituenak.
 

 

 

Kalera irten gara, Garoña betirako itxi dezaten eskatzeko

0


Garoñaren Kontrako Foroak elkarretaratzeak egin ditu, gaur, Bilbon eta Gasteizen. Foroa osatzen duten eragileen artean dago LAB, eta, beste zenbait eragilerekin batera, beste energia eredu bat posible dela nabarmendu dugu, zentral nuklearra betirako ixtea lehentasun bat izan behar duela aldarrikatu ere.

Herritarrak kalera irten dira gaur, Garoña berriz irekitzeko asmoa dela-eta. Elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen eta Bilbon –irudian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean–, Garoñako Kontrako Foroak deituta. "Eredu energetiko berri bat nahi dugu: burujabea, demokratikoa eta garbia", adierazi dute.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako borroka izango dugu ardatz Gipuzkoako Nagusien Egoitzetako hitzarmenaren negoziazioan


Gipuzkoako Helduen Egoitzetako hitzarmenaren negoziaketan LABen proposamenak azaltzeko helburuarekin, agerraldia egin du gaur LAB sindikatuak. Negoziaketa mahaia osatu berri da, lau patronalekin. Negoziazioari ekiteko orduan LABek helburu argiak ditu, eta hala azaldu ditu aurkeztu duen plataforman. Hala nola, prekarietatearen aurkako borroka eta zerbitzuaren kalitatea izango ditugu ardatz negoziazio honetan.

Negoziaketa mahaia osatu berri da, lau patronalekin. Eta azkenaldian ohikoa bilakatu den moduan, liskartsua izan da mahai osaketa hori. Berriro ere, Jaurlaritzari eskatzen diogu patronalaren ordezkaritza neurtzeko prozedura bat ezarri dezan.
Gaur bukatzen da plataformak aurkezteko epea eta gaur bertan aurkeztuko du berea LABek.

Sindikatuaren ustez, negoziaketa prozesu honi helburuak jartzerakoak sektorearen errealitate gordina kontuan hartu behar da:

– Helduen egoitzetako gestioa ia bere osotasunean esku pribatuetan aurkitzen da. Pertsonok ezinbestekoak ditugun zerbitzu publikoak esku pribatuetan jartzen dira, aiton-amonei kalitatezko zerbitzua eskaintzea edota langileen lan baldintzen gainetik ikuspegi ekonomizista hutsa gailendu da azken urteetan.

– Ondorioz, diru publikoa gutxi batzuen poltsikora joatea negozio itzela bilakatu da. Zerbitzu publikoen merkantilizazioa ematen da. Patronala ase ezina da sektore honetan: zerbitzu enpresa handiek poltsikoratzen dute biztanleok zergen bitartez ordaintzen dugun dirua. Langileen lan baldintzen kontura etekin gero eta handiagoak ateratzen dituzte, zerbitzuen kalitatea murriztuz.

– Eredu honek eragin zuzena du langileen soldata eta lan baldintzetan, prekarietatea da nagusi. Pribatizatutako zerbitzu publiko gehienak feminizatuak daude, helduen egoitzetan gertatzen den moduan.

LABen erronkak hurrengo negoziaketan:
Hurrengo lan hitzarmenaren negoziazioan, sektore honetan mugarri berriak ezartzeko erronka daukagu. Batetik, helduen arreta zerbitzuak benetako garapena izan dezan, zerbitzu publiko unibertsala izan dadin. Bestetik, zerbitzu publiko hau aurrera ateratzen duten milaka emakumeen lanaren balioa aitortu dadin eta beraien lan baldintzak behingoz egiten duten lanaren araberakoak izan daitezen.

Helburu hauei erantzungo dien sektore hitzarmen berri baten alde borrokatuko du LABek. 2019. urtea amaitzerakoan jabetza publikoa daukaten helduen egoitza guztiak Kabia enpresa publikoan integratuta egongo dira eta LABentzat, sektoreko langileen lan baldintzak homologatu eta hobetzeko baliatu beharreko prozesua da.
Foru Aldundiak sektorean dauden lan baldintzen inguruko azterketa egin berri du eta ezberdintasunak non ematen diren identifikatuta daude, nagusiki soldata eta enpleguaren egoeran.

Zehazki zer proposatuko dugun:

– Soldaten homologazioa. Hiru urte horien baitan sektorean lan egiten duten langile guztien soldatak berdindu egin behar dira. Baita behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialak mugatzea ere.

– Oso garrantzitsua da sektorearen antolaketa berrikustea. Helduen zaintza egokia eta langileen lan baldintza duinak bermatuko dituzten lan erritmo eta ratio egokiak ezartzea ezinbestekoa da. Lan hitzarmen honen baitan sektorea berrantolatzeko mahai tekniko bat sortzea proposatzen dugu, aldebikoa izango dena, langileen parte hartzea benetan
ahalbideratuko duena

Bukatzeko deia luzatu nahi diogu Foru Aldundiari, lan hitzarmen honen negoziaketan duen erantzukizuna bereganatu dezan. Helduen egoitzetan prekarietatearekin amaitu eta kalitateko zerbitzua bermatzea, Foru Aldundiaren eskuetan dago, borondate politikoa eta ausardia besterik ez da behar.

 

 

 

Langabeziaren beherakadak izkutatu egiten du bizi dugun prekarietate egoera

Gaur kaleratu diren EPA inkestaren arabera, Hego Euskal Herrian 157.000 langabe zenbatu dira 2016. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 14.700 gutxiago. Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu positibo hauek ezkutatzen dutena: pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari dira jendartean.

Gaur kaleratu diren EPA inkestaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 157.000 langabe zenbatu dira 2016. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 14.700 gutxiago eta urte bat lehenago baino 16.800 gutxiago. Langabezia tasa %11,75ekoa da.

Landun kopuruak, aldiz, gora egin du Hego Euskal Herrian nahiz eta laugarren hiruhilekoan gutxitu egin den EAEn.

Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu positibo hauek ezkutatzen dutena:

2016 urtean Hego Euskal Herrian 1.284.322 kontratu sinatu dira, baina hauetatik 84.571 soilik izan dira finkoak, hau da, kontratuen %6,6. Gainerako 1.199.751 kontratuak (%93,4) aldi baterakoak izan dira.

Gainera, lanaldi partzialeko kontratuen erabilera ere ugaritzen ari da eta sortu den enpleguaren %40 lanaldi partzialekoa izan da.

Bestalde, epe luzeko langabeen kopurua ere izugarria da eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa oso ahula da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla jendartean, landun eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko.
 

 

 

“Lanean jarraituko dugu igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez dadin”


Jaietan Denok Jai plataformako ordezkariek, LABeko kideek barne, elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako udaletxearen aurrean. Hain zuzen ere, igande eta jai egunetan irekierak "zero" izateko aldarrikapena egin dute, Turismo Handiko Barrutia izendapena dela-eta Udalak hartutako neurriak salatzeko. Donostiako agintariek sustatutako hiri eredua kritikatu dute, "garrantzitsuena" ahaztu egin dutelako: herritarrak eta hauen lan baldintzak. "Guretzako hori da lehentasuna", nabarmendu dute.

"Igande eta jai egunetan irekiera zero izateko aldarrikapena ez da berria, urte luzeak eman ditugu borroka honekin, argi dugulako bizitza familiarra eta profesionalaren kontziliaketaren aurka doala. Gainera, ez du enplegua sortzen, nahiz eta batzuek hala saltzen diguten. Aldi berean, ondorio argi bat ekartzen du: bizitzaren prekarizazioa".

Jaietan Denok Jai plataformako kideen adierazpenak dira hauek, Donostiako udaletxearen aurrean gaur gauzatutako protestan egindakoak. LAB, ELA eta CCOO sindikatuak daude plataformaren barruan, eta mobilizatzeko beharra ikusi dute, Donostiako agintariek hartutako neurriak direla eta.

Hain zuzen ere, sindikatuek kexa bat aurkeztu zuten udaletxean, uztailaren 28an, Turismo Handiko Barrutia izendapena dela eta. Idazki horren bidez eskatu zuten 2017rako barrutia 2015. urtea arte egin ohi zuten bezala zehazteko; hau da, uztaila eta abuztuan, Parte Zaharreko kale jakin batzuetan ireki ahal izatea igande eta jai egunetan. Kontua da, 2016. urtean, zehaztapena ez zela inorekin adostu; Udalak bere kabuz egin zuen. Horren arabera, urte osoko igande eta jai egunetan irekitzeko aukera eman zien Parte Zahar osoko, Bretxa merkataritza guneko eta Zurriola hiribideko dendeei. Bada, 2017an, udal gobernuak 2016. urterako inposatutako definizio berarekin jarraitzen du.

Plataformako kideek mozio, kexa, erreklamazio eta hainbat izapide egin dituzte erabaki horren aurka. Urrutira joan gabe, gaurko udalbatzarrean hitza hartzea aurreikusita dute. Hala ere, sindikatuak kexu dira Udalaren jarrerarekin, bilera batera besterik ez baititu deitu, Merkataritzako zinegotzi Ernesto Gascorekin izandakoa. Eta bilera horrek, gainera, bazterrak nahastu zituen."Gascok prentsan adierazi zuen gurekin adostasun batera iritsi zela eremu hori mantentzeko. Sindikatuok berehala egin genuen prentsa oharra, Gasco gezurretan ari zela salatzeko", ekarri dute gogora plataformako lagunek.

Honen harira, LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek garbi utzi dute erabaki hori PSE-EEk eta EAJk hartu zutela, "inorekin adostu gabe, are gutxiago gurekin". Sindikatuen hitzetan, "jakin badakigu ez dela borroka erraza, baina lanean jarraituko dugu, hemen, igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez dadin".
 

 

 

Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua arbuiatu eta enplegu plana ez bahitzea eskatzen dugu

Nafarroako Gobernuak LAB eta ELA gonbidatu ditu, prentsa bidez, Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren markoan enplegu planaren inguruan eztabaidatzeko. Alabaina, Gobernuak jakin badaki LAB ez dela inolaz ere marko horretara joango, bi arrazoi sendo direla medio.

Lehenik eta behin, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua UPN eta PSNk pasa den legegintzaldiaren amaieran sortutako instituzioa da, elkarrizketa sozialeko eredu jakin bat, 1995etik CEN, UGT eta CCOOek monopolizatu dutenak hain zuzen ere, instituzionalizateko asmoz. Aipatutako eredu horrek ustezko "bake soziala" irudikatzen du, Patronalak lan erreformaren bidez langileriaren kontrako gerra egiten duen bitartean. Erabateko porrota izan da langileontzako, gure lan eta bizi baldintzak 1995ean baino kaxkarragoak baitira gaur egun. Elkarrizketa Soziala, gainera, Erregimen baztertzaile, ustel eta antisozialaren ardatz soziala izan da.

Bigarrenik, 2016ko uztailetik Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak ez du gehiengo sindikal bat ordezkatzen, UGT eta CCOOen ordezkaritza %49,42raino jaitsi baita; hilabetez hilabete murrizten ari da gainera.

Gobernuak bere gonbidapena egin duenean, jakin bazekien LABek ez zuela onartu behar, hortaz fede txarrez egin duela uste dugu. Bere unean Gobernuari esandakoa berresten dugu: Nafarroako Gobernuak eskubidea du Enplegu planaz nahi duen tokian eta nahi duen eragileekin eztabaidatzeko, baina Enplegu Planaren egitura eta edukien inguruko erabakia, nahiz bere azken onarpena, ezin liteke izan Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren eskumena.

LABek ekarpen ugari egin zizkion Enplegu Planari duela hilabete bat eta Gobernuaren erantzunaren zain dago oraindik.

LAB ez da joango Elkarrizketa Sozialeko Kontseilura eta Enplegu Planaren eztabaida eta onarpena marko horretara mugatzearen kontra egingo du. Berriro ere eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua disolbatu eta Nafarroan lan harreman eredu berri baten inguruko eztabaida ireki dezan.
 

 

 

La Milagrosako langileek itxialdia hastea erabaki dute


La Milagrosako Ikastetxea ixteko arriskuan zegoela jakin zenetik 17 egun pasa dira. Egun hartatik, istituzio eta eragile ezberdinek ez dute inolako neurririk hartu egoera konpontzeko. Inmobilismo honen aurrean La Milagrosako langileek, itxialdia hastea erabaki dute.

Egun hauetan instituzio zein eragile ezberdinekin bilduta dira langileak; Hijas de la Caridad, Miranda fundazioa, Barakaldoko Udala eta Hezkuntza Sailarekin. Euren esanetan inork ez dauka ardura zuzena eta besteei leporatzen diete ardura. Bitartean 350 familia, 39 langile eta Barakaldoko herritarrak hezkuntza proiektu gabe geratuko dira. Gatazka honen korapiloa askatu ahal izateko alde ezberdinen borondatea behar da. Eta hori da, hain zuzen ere, falta dena.

Irabazi asmorik gabeko eta izaera soziala duen Miranda Fundazioak interes ekonomikoak baino ez ditu begiratzen. Hijas de la Caridadeko monjek (Kristau Eskola), ikastetxearen itxiera ahalik eta merkeen egin eta Barakaldoko Udalak eta Hezkuntza Departamentuak “arazo” hau nola kendu gainetik koste politikorik ordaindu gabe. Bakoitzak bere zilborrari begira arazoari konponbidea eman gabe.

Hau guztia dela eta, itxialdi honen bidez, instituzio eta eragile ezberdinei La Milagrosako hezkuntza proiektua aurrera jarraitzeko dituzten tresnak eta aukera ezberdinak ahalbideratzea (titulartasunaren aldaketa, zerbitzu publikoaren errebertsioa…) exijitzen diete. Horrez gain argi utzi dute egoera aldatu ezean mobilizatzen jarraituko dutela.