2025-12-17
HomeEkintza SindikalaOsakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza...

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Ardura falta hori nabarmen geratzen ari da III. Euskara Planaren ezarpenean, plan horretan jasotako epeak ere ez baitira betetzen. Argi dago Osakidetzako aginte-egiturak eskakizun horri izkin egiten diola, eta badirudi erantzukizuneko lanpostuek salbuespena dutela hizkuntza-gaitasunari dagokionez.

Ildo horretan, argi ikusten da zuzendaritzen eta zuzendariordetzen konpromisorik eza. Izan ere, hauei ez zaie hizkuntza-trebakuntzari loturiko ezer eskatzen, honako artikulu hauetan irakur daitekeen bezala:

1.2 Buruzagitza- eta ardura-lanpostuei derrigortasun-data ezartzea:

Euskara-planean 1. lehentasuna duten zerbitzuetan,

derrigortasun–data jarri behar zaie buru- eta arduradun-lanpostu guztiei, eta, 2. lehentasuna duten zerbitzuetan, soilik jarri behar zaie zerbitzuaren gutxieneko daten portzentajea % 50 edo gehiago bada. Esleipen horietatik kanpo geratzen dira zuzendarien, zuzendariordeen eta zuzendariondokoen lanpostuak.

Hori gutxi balitz, gainerako jarduketetarako epeak agortu egin dira, eta horretarako konpromisoa hartua bazegoen ere, ez dira aurrera eraman.

Hala, egoera honakoa da: herritarren hizkuntza-eskubideekin konprometitutako plantillaren zati handi batek euskara ikasteko ahalegina egiten duen bitartean, Osakidetzako zuzendaritzak ez ditu bere gain hartzen erantzukizunak eta ez da betetzen ari euskara-planak ezartzen duena.

Horrez gain, ildo horri jarraikiz erantzukizuneko lanpostuetan hartu behar ziren neurriei buruzko informazioa eskatzen duenean LABek, Osakidetzako zuzendaritzak, informazioa ez helarazteaz gain, Euskara Batzorde Korporatibora bidereatzen du sindikatua. Bada, batzorde hori ez da bildu 2023-06-19az geroztik, eta ez dago aurreikusita epe laburrean berriro elkartzea.

Osakidetzako egungo zuzendaritzak ez dauka euskararekiko inolako konpromisorik, eta arloz arlo aztertuz gero hala egiazta daiteke. Aplikazio informatikoek ez dute informazio bera jasotzen euskaraz eta gaztelaniaz, langile euskaldunak desabantaila-egoera nabarmenean uzten dituztelarik. Era berean, euskararekiko pasibotasun eta konpromiso falta horren ondorioz, UGT bezalako indar sindikalak diskurtso euskarofoboa lantzen ari dira, eta nahiz eta gutxiengo batek jarraitu, badirudi zuzendaritzak berak ereindako joko-zelai aparta dutela horretarako.

Horregatik guztiagatik, LABek Osakidetzari eskatzen dio euskara-plana bete dezala eta gardentasunez egin dezala, gaur-gaurkoz planaren helburuarekiko konpromisorik ez dagoela erakusten duen informazioa ezkutatu gabe. Bestalde, langileen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzari aurre egiteko behar diren diru-partidak handitu ditzan ere eskatzen dio sindikatuak.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...