2026-03-20
HomeEkintza SindikalaOrdua da patronala jarreraz aldatu arazi dezagun, negoziazio kolektiboaren blokeoa altxatzeko

Ordua da patronala jarreraz aldatu arazi dezagun, negoziazio kolektiboaren blokeoa altxatzeko

Duela urtebete, patronala eta sindikatuok Akordio Interprofesionala sinatu genuenean, LABetik esaten genuen modu positiboan baloratzen genuela egitura-akordio bezala, baina baliozkoa izateko edukiz bete behar zela, hau da, negoziazio kolektiboa desblokeatzea. Sindikatu honek hau lortzeko proposamenak egin zituen aipatu Akordioaren negoziazioan bertan lortzeko. Ezezkoa erantzun zuen Confebask patronalak, argi utzita zein den blokeo horren erantzulea.

Urtebete beranduago esan behar dugu zuzen ginela. Akordio Interprofesionalak, egitura akordio moduan baliozko tresna izan arren, lehenik ete behin, ez du balio izan negoziazio kolektiboa desblokeatzeko, eta bigarrenik, eta desblokeo ezaren ondorioz, ez du balio izan EAEko negoziazio kolektiboa estatuko patronalaren eskutik datorren estatu markotik jasaten dituen erasoetatik blindatzeko ere.

Akordio Interprofesionala tresna eraginkorra izateko beharrezkoa izango zen EAEko hitzarmen kolektibo sektorialen negoziazioa desblokeatzea. Nagusiki Confebask patronalak eta ADEGI, CEBEK eta SEA bere bazkideek eragindakoa da hau eta lan-baldintzen prekarizazio prosesu orokortuarekin jarraitu nahi du, lan- erreformak ezarriz eta soldatei eraso eginez.

Ordua da patronala jarreraz aldatu arazi dezagun, negoziazio kolektiboaren blokeoa altxatzera behartu eta Herri honetako langileek bizi duten egoerari benetan aurre egingo dieten hitzarmen kolektiboak lortzeko, nahikoak izango diren soldata igoerekin, prekarietate eta diskriminazio oro erauziz eta lan-erreformaren inposiziorik gabe.

Hauxe da bide bakarra Akordio Interprofesionala estatuko negoziazio esparrutik datozen erasoetatik (debekuak eta berton negoziatzeko mugapenak) benetan babestuko gaituen tresna izateko, bestela, baliozkoa izango da baina benetako aplikazio barik.

Euskal Herriko langile-klasea kokoteraino dago bere lan eta bizi-baldintzak okertzeaz. LABen, ez dugunez uste patronalak bere borondatez jarrera aldatuko duenik, borrokaren aldeko apostua egiten dugu aldaketa hori behartzeko bide bakar bezala, gatazkak biderkatuz eta langileak aktibatuz, botere ekonomiko zein politikoek kondenatu nahi gaituzten prekarietate eta pobrezia gainditzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...