2024-07-27
HomeLAB SindikatuaOrdezkaritza sindikalaOmenaldia Lezon Imanol Ugalde "Manolitori"

Omenaldia Lezon Imanol Ugalde “Manolitori”


Imanol Ugalde “Manolito” abuztuaren 17an hil zen gaixotasun larri baten ondorioz. Oarso Bidasoako administrazioko arduradun hainbat urtez izandakoa, sektoretik haratago eskualdean militante eredugarria izan zen "Manolito".

Abuztuaren 22an omenaldia egin zion sindikatuak Lezoko Herriko plazan. Omenaldi hunkigarria izan zen, Lezoko plaza lagun eta ezagunez beteta. Agurrarekin hasi zen omenaldia, jarraian bere ibilbide militanteari eskerrak eman zizkion Lezoko Ezker Abertzaleak, eta nola ez, LABek jardun sindikalaren errepasoa egin zuen. Azkenik, bere kuadrilak, “Manolitok” zuen alaitasunarekin gogorarazi nahi izan zuen eta plaza osoa berak hain gustoko zuen "Mi caballo prieto azabache" rantxera abesten jarri zuten. Internazionala eta Eusko gudariakekin amaitu zen, "Manolitori" buruz esan ahal ziren guztiak ezin esan.

Imanol Ugalde “Manolitoren” jardun sindikalaren errepasoa LABen eskutik

Arratsaldeon denori,

LAB sindikatuaren izenean eta bereziki azken urteetan berarekin lan egiteko zortea izan dugun bere lankideen izenean: Purri, Xabi Martin, Juantxo, Alfredo Viaña, Kontxi, Antton, Arantxa, Jon, Gorka, Jabi, Alfredo frontoikua… eta abar luze bat.

Paper batean sartu ditugu, liburu batean ere sartu ezin diren hitzak irakurtzera noa. 

Juan zaigu gure Manolito eta guztiok bere hutsunea nabarituko dugu. Bere senitartekoek saminez bizi dituzte egun hauek; besarkadarik beroena sindikatuko kideen aldetik. Besteok tristuraz, lagun eta militante paregabe baten aurrean aurkitzen gara, baina bere izakera eta egin zuen ekarpen paregabea gogoratzen dugunean harrotasunak tristurari aurre egiten dio. 

Azken finean “Manolito” gazte gaztetik Euskal Herri independientea eta sozialista baten alde borrokatzea erabaki zuen. Behin baino gehiagotan kontatzen zuen Iruñean poliziak German hil zuenean bera han zegoela, zezen plazan. Edo txispas bezala lan egiten zuen tailerra itxi zutenean, Lezoko langabetuen asanblean parte hartzen zuela. Hor ibiltzen ziren aparteko orduak sartzen zituzten enpresetan, guztientzat lanpostuak egon zitezen borrokatzen. 

Gerora Agente “Manolito” bihurtu zen eta horrela ezaguna egin zen mundu sindikalean. LAB sindikatua izan zelako, Tiñeluren baimenarekin noski, “Manolitoren” bigarren etxea. Lezoko udalean langileen ordezkari urte luzez izandakoa, bere ekarpena ez zen hor gelditu eta hainbat urtez sindikatuan liberatua egon zen administrazioko arduradun bezala. Sindikatuan lan egiten dugunok badakigu ez dela oso ohikoa horrelako prestutasuna erakusten duen pertsona bat aurkitzea; bere lanpostuaren erosotasunetik besteen arazoetara salto egitea. Berak ordea, sindikalgintza odolean zeraman eta egunero antzematen zitzaion, bilerak prestatzerako orduan, edonorren aurrean arrazoi zorrotzekin, kontsultak pasatzerakoan, legedia nola zegoen begiratzekoan (askotan esaten zigun, “hi.. politikoa haiz”).

Ikaragarria zen “Manolitok” langileak defendatzeko zeukan sena. Urte luzez izan zen gure eskualdeko langile publikoen arduraduna baina bere lana ez zen hor amaitzen. Oraindik irriparrez gogoratzen ditugu egoitzara etortzen ziren Lezoko jubilatuak “Manolitorengatik” galdezka, garbitzaileak, kiroldegiko langileak, eraikuntzakoak… bera zen erreferentea. LAB Lezon norbait bazan hura “Manolito” zen. Berak ireki zuen Lezoko LABeko egoitza, esaten zuelako Lezok kategoria nahikoa zeukala bertan egoitza jartzeko. 

Inplikazioa erabatekoa izan zen. Eskualdean berarekin batera lan egin dugun guztioi lagundu digu “Manolitok”. Zenbat enpresa “pateatu” ditu LABen apologia eginez, LABen antolatzea eskeiniz. Berak horrela ulertzen zuen bere lana ere; sindikatua indartsua izan behar da toki guztietan. Maisu handia izan genuen “Manolito” sindikatuan, ez bakarrik asko zekielako, bere jarrera eta militante izaera eredu izan direlako. 

Bere irripar bihurri horrek guztiok konkistatu gintuen. Azken urteetan osasunak ez dio bere lan sindikalarekin jarraitzen utzi baina… zenbatek galdetu izan digute “Manolitorengatik”? Afiliatuak, ez afiliatuak, beste sindikatuetako kideak, eta abar luze bat. Bere itzala luzea zen gure artean eta utzi duen oroimena paregabea. Gure artean beti izango dugu gogoan; hauteskunde sindikal batzuk prestatzen, ordezkaritza sindikalaren datuak aztertzen baina, batez ere, gogoratuko gera, momentu onenetan, deskonektatzeko, oso gustoko zuen urteko afaria ta parrandan, ta nola ez bi azukredun kafesne batekin, bere purito amaigabea eskutan eta norbaiti bazilatzeko beti prest.

Mila esker “Manolito”, ez zaitugu ahaztuko, agur eta ohore!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.