2026-03-27
HomeEkintza SindikalaNegoziazio Kolektiborako marko propioa blindatzeko lanean jarraituko dugu, 2013ko akordio saiakeratik abiatuta

Negoziazio Kolektiborako marko propioa blindatzeko lanean jarraituko dugu, 2013ko akordio saiakeratik abiatuta

Gaur, hilak 10, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, eta Garbiñe Aranburu, Negoziazio Kolektiboko Idazkaria, medioen aurrean izan dira negoziazio kolektiboa eta akordio interprofesionalaren inguruko gure irakurketa plazaratzeko. Etxaidek, “negoziazio kolektiboa lan eskubideak eta klase interesak defendatzeko oinarrizko eskubidea” denez, “hau babestea gure estrategiaren ardatzetariko bat izango” dela azpimarratu du.

Botere politiko zein ekonomikoek prekarietatea zabaltzen jarraitzeko borondate argia erakutsi dute, eta “Madrilen Gobernu berria osatu den honetan, murrizketa eta erreformen bidetik segituko dutela” ohartarazi du Aranburuk. Hemen, Euskal Herrian, Confebaskek hitzarmenen negoziazioa blokeatzen jarraitzen du Estatuko hitzarmenak hedatzen joan daitezen estatalizazioa bultzatuz, eta apustu honetan Jaurlaritza du bidelagun. Negoziazio kolektiboko Idazkariaren hitzetan, “honek ondorio larriak izango ditu langile klasearentzat”, soldata eta lan baldintzen kaskartzea ekarriko baitu.

Orokortzen ari den prekarietatearen aurrean, LABek indarrak batu eta borrokaren aldeko apustua egiten du, negoziazio kolektiboa ardatz harturik. Hau da, “prekarietatea murrizteko neurri zehatzetan oinarritutako negoziazio kolektiboa bultzatuko dugu”, zehaztu du Etxaidek. Helburu honekin, langileak batzeko eta aktibatzeko ekintza sindikala egingo dugu. LABeko kideak lantokietan lehen lerroan izango gara inposatu nahi duten sistema honen kontra borrokatzen. Hau ez da arazo laboral soil bat eta, bizitzako eremu guztiak ukitzen dituen heinean, prekarietatearen aurkako borroka plazara atera eta instituzioetara eramango dugu.

LABeko Idazkari Nagusiak azaldu duenez, “negoziazio kolektiborako eskubidearen alde” jarraituko du LABek, norabide ezberdinetan. Batetik, datozen urteetan, eskuratu behar dugun estatus politiko berriak lan munduan gure erabakien arabera antolatzeko ahalmena aitortzeaz gain, horretarako bitartekoak ziurtatzeko lanean arituko gara, eta, beraz, alderdi politikoei gure proposamenak helaraziko dizkiegu. Bestalde, uztailaren 22an Jaurlaritzak, Confebask eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioaren aurka borrokatuko dugu; zentzu honetan, Gobernu berriari dei egiten diogu akordioa bertan behera uzteko.

Amaitzeko, Etxaidek gogorarazi du “bere momentuan egin genituen proposamenek mahai gainean jarraitzen dutela”. Nahiz eta 2013ko akordio saiakera Confebaskek zapuztu zuen, orduan egindako proposamena erreferentzi hartuta, LAB prest dago akordioetara iristeko eta behar diren negoziazioetan parte hartzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bigarren greba eguna Zubietako erraustegian

Gaur, martxoak 26 osteguna, erraustegiko langileek bigarren greba eguna eta manifestazioa burutu dute beraien lan baldintzak hobetu behar dituen enpresa hitzarmena aldarrikatzeko. Aurretik jasotako grebaren...

LAB sindikatua 29 udaletxeren aurrean mobilizatu da Udalhitzeko negoziazio mahaira edukiak ekar ditzaten exijitzeko

Aurrerapausorik ezean, apirilean lanuzteak egingo ditu udaletxe guztietan eta mobilizazio dinamika indartuko du Martxoaren 13an egindako zazpigarren negoziazio mahaian berretsi zen Udalhitzeko negoziazioa blokeatuta dagoela,...

Hezkuntza Sailak ez ditu behar diren urratsak ematen irakaskuntza publikoa euskalduntzeko

Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan Hezkuntza Saila irakaskuntza publikoa benetan euskalduntzeko behar besteko urratsik ematen ez dela ari salatu nahi du LABek,...