2025-02-10
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaNegoziazio kolektiboari egindako erasoa salatu dugu EUDELen

Negoziazio kolektiboari egindako erasoa salatu dugu EUDELen

Gaur, azaroak 20, LAB sindikatuko udal-foru sektoreko delegatuok EUDELek Bilbon duen egoitzaren aurrean bildu gara, udalen elkarte honek Negoziazio Kolektiboarekiko duen jarrera salatzeko eta toki erakundeetako langileon lan-baldintzak (25.000 langile baino gehiago EAEko udal-sektorean) arautzen dituen UDALHITZ akordioa berritzea helburu izan behar duen benetako negoziazioa aldarrikatzeko. Ildo horretan, sindikatuko ordezkariek gaur bertan Bilbon biltzen zen EUDELeko exekutiboari idazki bat helarazi diote.

Iragan ostiralean, azaroak 14, EUDELek negoziazio mahaia deitu zuen UDALHITZ akordio/hitzarmenaren negoziazio kolektiboari ekiteko. Batzarraren aurrekaria hau da: LAB sindikatuak 2010etik berritu gabe dagoen UDALHITZ akordioa berritzeko negoziazio prozesua zabaltzea eskatu zuen 2014ko martxoan eta bere proposamena edo plataforma helarazi zion EUDELi. Horren ondorioz uztailean egin zen batzarrean EUDELek irailean negoziazio mahaia deitzeko konpromiso hartu zuen. Irailean ez zuen deialdirik egin eta pasa den ostiralean, bi hilabete berandu, egin zen bilera.

EUDELek, ostiralean, proposamen bat helarazi zigun bertaratutako langileen ordezkarioi. EUDELeko ordezkarien hitzetan proposamenak exekutibo osoaren oniritzia (EAJ, PSE eta PP) eta "iraungitze data" zeukan, alegia, gaur bertan, azaroak 20, exekutiboaren batzarrean behin betiko erabakia hartu behar zela eta sindikatuok 48 ordu lehenago “edo hartzen da ez da hartzen” erantzun behar genuela, hau da, azaroaren 18rako.

EUDELen eskaintza 2014 eta 2015 urteetarako da eta hau jasotzen du: kendutako 2012ko abenduko aparteko ordain-saria kontsumo-mailegu baten bitartez konpentsatzea (itzulketa nola saihestuko duten zehaztu gabe), 2014rako % 0,6ko igoera produktibitate-osagarri baten bitartez (soldatan kontsolidatuko ez litzatekeena), 2015erako ezer ere ez eta 2012-2013 urtetan galdutako erosteko ahalmenaren aitortza, baina kuantifikatu gabe eta ordaintzeko konpromiso irmorik gabe. Horrez gain, EPEen aktibazioari buruz hitz egiten dute, ordezkapenekin eta hutsik dauden plazak betetzearekin lotuz, baina inongo zehaztapen edo aplikazio praktikorik gabe, EPEak eta ordezkapenak Estatuak debekatuta baititu.

LABen iritziz:
1) EUDELen jarrera onartezina da, langileok daukagun negoziazio kolektiborako eskubidea larriki urratzen duelako, alde batetik, negoziazio-gaiak nabarmen mugatzen dituelako eta, bestetik, proposamen itxi bat egin duelako eztabaida eta sindikatuon ekarpenak saihestuz. NEGOZIAZIO-EZA eredu hori modu larrian zabaltzen ari da sektore pribatuan ez ezik sektore publikoan ere, Eusko Jaurlaritzaren mahai orokorrean etengabe ikusten ari garen bezala.
2) Bestaldetik, EUDELek eta exekutiboa osatzen duten EAJ, PSOE eta PP alderdiek lau txakur txikirengatik erosi nahi dituzte langileon eskubideak. Azken urteotan galdutako erosteko ahalmenarekin konparatuta lansarien igoera benetan kaskar bategatik langileok amore ematea eta funtsezkoak diren gaiak alboratzea nahi dute: lanaldia, kontziliazio neurriak, lan-baldintzak, lan-osasuna, euskararen sustapena, genero berdintasuna lortzeko neurri eraginkorrak, kalitatezko zerbitzuak bermatzeko enplegua sortzea, pribatizazioei aurre egitea, subkontratetako langileen eskubideak eta abar luze bat.
LAB sindikatuak ez du inolaz ere onartuko ez negoziazio txantajistarik ez eta salerosketa planteamendu hori ere; aitzitik, irmoki defendituko ditu langileen eskubideak eta herritarron zerbitzu publikoak.

Horrenbestez, LAB sindikatuak EUDELi UDALHITZ akordio/hitzarmena berritzeko benetako negoziazio kolektiboa –gaiak aurretiaz mugatu gabe eta sindikatuon ekarpenak kontuan izango dituena– zabaltzea galdegin dio. Hala ez balitz, EUDELek langileok aurrez-aurre izango gaitu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko inolako asmorik

Gaur, 2025eko otsailaren 10ean, Bizkaiko Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berritzeko 4. negoziazio mahaia izan da.

Lortu dugu! 16 urteren ondoren Haurreskolak Partzuergo Publikoko lan hitzarmena sinatu du LABek

Beste behin borrokak merezi duela baieztatu dugu. Azken urteetan hamaika greba eta mobilizazio burutu ostean, azken biak pasa den urtarrilean eta eskola publikoko greba ziklo honen otsaileko bi greba egunen atarian, Eusko Jaurlaritza posturaz aldatzera behartu dugu.

LABen iritziz urgentea da etxeko langileentzako hitzarmena

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak salatzen jarraitzeko eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin du gaur Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean. Bihar asteartea, Donostian mobilizatuko da, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta asteazkenean Iruñean beste horrenbeste egingo du, Udaletxe plazan.