2026-02-01
HomeEkintza SindikalaNafarroako Irakaskuntza publikoko irailaren 26ko Greba Batzordeak bilera eskatu dio Txibite lehendakariari,...

Nafarroako Irakaskuntza publikoko irailaren 26ko Greba Batzordeak bilera eskatu dio Txibite lehendakariari, benetako negoziazioari bide emate aldera

Nafarroako Hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariok (LAB, Steilas, ANPE, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) prentsaurrekoa eman dugu gaur goizean Iruñean, eta bertan jakinarazi dugu datorren irailaren 26ko grebari begira sortutako Greba Batzordeak eskaera formala erregistratu duela Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin batzartzeko, sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko helburuarekin. Gainera, irailaren 26ko goizean mobilizazioak izanen dira eskualde buruetan, eta arratsaldean manifestazioa eginen dugu Iruñean.

Gaurko agerraldian, Irakaskuntza publikoko intersindikalak esplikatu du sindikatuek hilabete asko daramatzagula Hezkuntza Departamentuarekin negoziatu nahian, eta borondate onenarekin parte hartu izan dugula proposatu zaizkigun lan talde guztietan, baina Departamentuaren erantzun eskasa ikusita, aho batez erabaki dugula mobilizazio egun bat deitzea sindikatuon eta Nafarroako Gobernuaren artean benetako negoziazio bat has dadin.

“Irakaskuntza publikoko ikasle guztiek merezi duten arreta jasotzeko mobilizatzen gara irakasleok”, nabarmendu dute ordezkari sindikalek. “Hau da, Nafarroako gizarteari eskaintzen diogun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi dugu. Izan ere, inork zalantzan jartzen du ratioen jaitsierak, lan gainkarga arintzeak eta irakasle-plantilla egonkorragoak izateak mesede eginen dietela gure ikasleei eta hezkuntza komunitate osoari?”.

Iragan irailaren 6an erregistratu genuen sindikatuok greba deialdia -ekainaren 27ko prentsaurrekoan lanuztearen data aurreratua genuen, gainera-, baina, ordutik, Hezkuntza Departamentuko zein Nafarroako Gobernuko inor ez da gurekin kontaktuan jarri. Horregatik, atzo erregistratu genuen Greba Batzordearen eta Maria Txibite lehendakariaren arteko bilera bat egiteko eskaera, eta benetako negoziazio baterako prest gaudela adierazi genuen.

Egunotan, ordezkari sindikalak Nafarroa Garaiko ikastetxe publiko guztiak ari dira bisitatzen, dozenaka batzar eginez eta aldarrikapenak milaka irakaslerekin partekatuz. Irakasleak aho batez ari dira aldarrikapenak babesten. Era berean, bihar, irailak 19, arratsaldeko 17:30ean, batzarra eginen dute Iruñeko San Frantzisko eskolako areto nagusian, irakasle guztiei zuzenduta.

Irailaren 26an, Nafarroako Hezkuntza publikoak egun bizi duen egoeragatik duten ezinegona jarri nahi dute agerian irakasleek. Lanuzteaz landara, goizean mobilizazioak izanen dira Altsasun, Elizondon, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran, eta arratsaldean manifestazio bakarra eginen dugu, Iruñean, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuta. Nafarroako gizarte osoari manifestazioan parte hartzeko deia egiten diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...