2025-12-05
HomeEkintza PolitikoaNafarroako aldaketaren aldeko gehiengo parlamentarioa txalotu eta aldaketa soziopolitikorako proposamena berresten du...

Nafarroako aldaketaren aldeko gehiengo parlamentarioa txalotu eta aldaketa soziopolitikorako proposamena berresten du LABek

Xahuketaren, Nafarroako Kutxaren desagerketaren, pribatizazioen eta murrizketen erantzule diren Erregimenaren indarrak (UPN-PP-PSN) zigortu egin ditu Herritargoak bozka bidez. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak gehiengo nahikoa dute Aldaketaren Gobernua osatzeko, baita udal gehienetan alkatetzak eskuratzeko ere. Langileriarentzat oso berri ona da eta aipatutako lau indarrek akordioak egin ditzatela nahi du herritarren gehiengoak.

LABen iritziz, aldaketaren aldeko gehiengo instituzionalak osatzearekin batera, aldaketa sozial eta politikoa gauzatzeko prozesu soziopolitikoa martxan jartzea beharrezkoa da. Aldaketa eremu guztietatik bultzatu daiteke eta bultzatu beharra dago: eremu sozialetik, sindikaletik eta politiko-instituzionaletik. Alderdi politikoek egingo dutenari begira geratzea akats galanta litzateke. Herria antolatu eta aktibatu beharra dago eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko, azken urteetan murrizketen kontra aktibatu den bezala. Aktibazio soziala izan da Erregimena behera botatzeko giltzarria eta ezinbestekoa da baita eredu berria eraikitzeko ere. 

Ildo honetan, aldaketaren aldeko eragile sozial, sindikal eta politikoen artean Akordio Soziopolitikoa egiteko proposamena berresten du LABek. Eremu bakoitzaren autonomiatik, aldaketa integralerako oinarri estrategikoak adostuz. Aipatu akordioak gutxienez lau ardatz izan beharko lituzke LABen iritziz: 1) democratizazioa 2) zerbitzu publikoak 3) lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru berria; eta 4) erabakitzeko eskubidea. 

LABek, bere aldetik, eremu sindikaletik aldaketa sozial eta politikoa bultzatzeko konpromisoari eutsiko dio. Eremu honetan ere Erregimena ahultzen ari da, entxufismo, klientelismo eta zerrenda beltzak gora-behera, Lan Sailak publikatutako azken datuek erakusten dutenez (apirilak 30): UGT-CCOO blokeak duela urte t’erdiko %54,09tik %51,65era jaitsi da, Enpresa Batzordeetan gehiengoa galduz (%49,15); beste aldetik, LAB %13,05tik %14,43ra igo da. Datu hauei nafar administraziokoak gehitu behar zaizkie; bertan, UGT-CCOOek hamar ordezkari galdu dituzte, LABek irabazitako kopuru bera hain zuzen ere. Kontratazioa merituen arabera (eta ez entxufeen bidez) egiten den eremu honetan UGTk eta CCOOek batera dutena baino ordezkaritza handiagoa du LABek: LABek 71 ordezkari, UGT-CCOOek 53 (aurreratu ziren Larrialdietako Agentziako laboralen hauteskundeak kontutan hartuz).

Beraz, aldaketa ibili badabil, baina Herriak ez dio bultzatzeari utzi behar. 
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...