2026-02-02
HomeEkintza SozialaMugetan gertatzen denari nekropolitika esaten zaio eta erantzuleak ditu

Mugetan gertatzen denari nekropolitika esaten zaio eta erantzuleak ditu

LAB sindikatutik migrazio- eta muga-politikak salatu nahi ditugu, egituran arrazista eta aporofobikoa den sistema baten oinarriak diren aldetik.

Ciudad Juarezen, Mexikon, 40 pertsona hil eta 29 larri zauritu dira martxoaren 28an, Migrazio Institutu Nazionalaren Zentroan izandako sute baten ondorioz. Biktimak Guatemala, Honduras, Venezuela eta El Salvadorretik igarotako migratzaileak ziren. Zentro horretako behin-behineko egonaldian zeuden atxilotuta, Stanton-Lerdo Nazioarteko Zubian, Ciudad Juarez eta El Pasoren (Estatu Batuak) arteko mugetako batean. Dirudienez, pertsona horiek deportatu egingo zituztela jakin zutenean piztu zen sua.

Euskal Herrian, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugak ere bizitzak kentzen ditu. Polizia-kontroleko puntu iraunkorren irizpideak 6 hilean behin zehazten ditu Parisko Gobernuak. 2022ko urrian hainbat arduradun politiko, hala nola Euro-Eskualdeko Exekutiboa, Urkullu eta Etchegaray lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidentea, muga hori irekitzearen alde agertu dira. Hala eta guztiz ere, eta LABek hainbat gizarte-erakunderekin batera egoera hori salatzeko antolatu zituen ekintzak gorabehera, 2022ko azaroaren 1ean, Europako legediaren aurka, Frantziako Estatuak muga hori beste 6 hilabetez itxita mantentzeko erabakia hartu zuen. Epemuga hori maiatzaren 1ean beteko da, kasualitatez. Zubiko kontrolak gutxitu egin direla dirudien arren, trenean eta mugako beste espazio publiko batzuetan arraza-profilak areagotu egin dira.

Distantziak distantzia, Mexikoko iparraldeko mugaren eta Bidasoa ibaiaren arteko sakoneko logika bera da. Militarizazioa, kontrol arrazistak, etnia- eta arraza-profilamendua, itzulera beroak, nazioarteko polizia-lankidetza, migrazio-politikak eta oinarrizko eskubideen babesa bermatzen ez duten mugak konbinatzen dira. Helburua bateratua eta gorena da: immigrazioaren gaitzaren Ipar Gotorlekua blindatzea.

Mugetan gertatzen direnak ez dira ezbeharrak. Nekropolitika du izena eta arduradunak ditu. Migrazio legala, segurua eta ordenatua aipatzen dute; patrikak milaka migratzaile eta errefuxiaturen salerosketarekin gizentzen dituzten bitartean, trukerako txanpon gisa tratatzen dituzte gobernuen arteko mesedeak eta prebendak banatzeko. Eta heriotza-politika horiei iskin egiten diten pertsonei, beren helmugetara iristean, sistematikoki urratzen zaizkie langile gisa dituzten eskubideak, eta behartuak daude pobretze, sufrimendu eta lan-esplotazioko kate global gaizto horrek ezarritako lanik prekarizatuenak eta osasunarentzako kaltegarrienak beren gain hartzera.

LAB sindikatuak migrazio- eta muga-politikak salatu nahi ditu, egituran arrazista eta aporofobikoa den sistema baten zutabe diren aldetik. Adierazpen politez gain, Ipar eta Hego Euskal Herriko administrazioetako ordezkariek hainbat neurri eta politikarekin aurrera egitea eskatzen dugu, honako hauek bermatzeko: igarobide seguruak, migraziorako eta asilorako legezko bideak, harrerarako azpiegitura publikoak eta bizitzeko eta enplegatzeko aukerak, justizia-baldintzetan, migratutakoei, trantsizioan daudenei eta/edo errefuxiatuak diren pertsona guztientzat, hau da, Euskal Herrira bizitzera etortzea edo beste noranzko batera bidean bertatik igarotzea erabakitzen dutenentzat.

Migratzaileen bizitzek axola dute. Heriotza gehiagorik ez Ciudad Juarezen. Heriotza gehiagorik ez Bidasoan. Bakar bat gehiago ere ez Melillan, bakar bat gehiago ere ez Tarajalen. Migratzea eskubidea da. Langile bat bera ere ez da legez kanpokoa.

Kapitalak ezarritako mugen aurrean, elkartasun internazionalista eta antiarrazista, herrietatik eta herrien artean. Euskal Herria Harrera Herria. Mugak apurtu, zubiak eraiki. Gora munduko langileen borroka.

LABetik Migratzaileen Plataforma Trasnazionalaren ekimenaren zabalkundea atxiki eta babesten dugu: https://transnationalmigrantplatform.net/es/comunicado-de-melilla-a-ciudad-juarez/

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. IruƱean...

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...