2026-01-20
HomeIndustriaMetalgintzaMobilizazioekin jarraituko dute Inauxa-Mubean, zuzendaritzaren xantaiari aurre egiteko

Mobilizazioekin jarraituko dute Inauxa-Mubean, zuzendaritzaren xantaiari aurre egiteko

Inauxa-Mubeako langileen enpresa batzordeak jakinarazi du mobilizazioekin aurrera jarraituko duela, zuzendaritzaren “xantaiari” aurre egiteko. Joan den astean, ordu erdiko elkarretaratzeak egin zituzten egunero, hitzarmen duin bat eskatzeko eta erretiratzeko asmoa duten bi lankidek enpresaren ezetza jaso zutela salatzeko. Egoerak bere horretan jarraitzen duenez, langileek ohartarazi dute mobilizazioak gogortzeko prest daudela, “gure bi lankideak jubilatzeari eta langileontzako hitzarmen duin bat negoziatzeari uko eginez gero”.

LAB, UGT eta ELA sindikatuek osatzen dute enpresa batzordea Amurrioko lantegian. Langileen iritziz, jubilatzeko prest dauden langileak erabili ditu zuzendaritzak, bere aldeko hitzarmen bat lortzeko. “Kontua da bi langileok jubilatuta egon beharko luketeela, batak irailean eta besteak hilabete honetan, baina zuzendaritzak horri uko egin dio, hitzarmen kolektibo berria sinatu arte bederen. Eta hitzarmenean atzerapausoak proposatzen dizkigu; lan jardunaldia luzatzea, murrizketak desgaitasun iragankorren kasuan eta egutegi prekarioak aldi baterako langileentzat, besteak beste”, azaldu dute.

Urte hasieran ekin zioten hitzarmena negoziatzeari, egin ohi duten bezala. Lankide batek erretiro partziala lortu zuen urtarrilean bertan, akordio-markoan oinarrituta. Bada, oraingoan jubilazioa eskuratu behar dutenekin presionatzen dabil zuzendaritza: “Ez genuen espero, duela hiru hilabete eskas pasatu direlako Mubea multinazional alemanak lantegia erosi zuenetik, eta logikoena integrazio ordenatu eta lasai bat izango litzateke, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin”.

Zuzendaritza konbentzitzen saiatu dira zenbait hilabetez, jubilazioek alde guztiei egin ohi dielako mesedez: “Langilearen eskubidea da, 30 urte baino gehiagoz lanean aritu ondoren; erreleboa ematen duenari egonkortasun handiagoa ematen zaio; lan taldearen berritze egokia eta beharrezkoa gauzatzen da; enpresarentzat errentagarria da ekonomikoki; eta barruko laneko giroari ere mesede egiten dio, gauzak modu logiko batean gertatzen direlako”.

Enpresa batzordeak nabarmendu du ez duela “xantaia” onartuko, eta mobilizazioekin jarraituko duela, langileek eurek aho batez erabaki hori hartu eta gero.

 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek, sektorean % 50eko ordezkaritza duenak, aurreakordioa lortu du Nafarroako biltegien hitzarmenean

Negoziazioak hasi eta ia urtebetera, sektorean %50eko ordezkaritza duen LAB sindikatuak aurreakordioa lortu du Nafarroako elikagaien biltegien hitzarmen kolektiboa sinatzeko, eta UGT eta CCOO...

LABek bat egiten du Kolonbian izan den sexu langileen nazioarteko lehen goi-bileran ateratako manifestuarekin

LABeko Idazkaritza Feministako bi kidek parte hartu zuten abenduan Kolonbiako Pereira hirian egindako bilkura historikoan. Lehen aldiz, Kolonbiako Berdintasun eta Ekitate Ministerioak antolatuta, hainbat...

Martxoaren 17ko Greba Orokorra erregistratu dute sindikatuek

Gaur, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek martxoaren 17rako Greba Orokorraren deialdia erregistratu dute ofizialki. Deialdia “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak...