2026-11-04
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaMobilizazioak egingo ditugu larunbatean, inposatu nahi dizkiguten merkatu hitzarmenak salatzeko

Mobilizazioak egingo ditugu larunbatean, inposatu nahi dizkiguten merkatu hitzarmenak salatzeko


TTIP, CETA eta TiSAren aurkako kanpaina osatzen dugun erakundeok mobilizazio eguna antolatu dugu datorren urtarrilaren 21erako, Itunarekiko gure gaitzespena agerian uzteko. Mobilizazioak egingo ditugu Iruñean, Bilbon eta Gasteizen. Europa mailako deialdiarekin bat eginez, inposatu nahi dizkiguten merkatu hitzarmen hauetatik geure buruak aterkiekin babestuko ditugu.

TTIP, CETA eta TiSAren aurkako aterkien elkarretaratzeak egingo ditugu datorren larunbatean, itunen aurkako plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta: Iruñean, 12:00etan, Carlos III pasealekuan; Bilbon, 12:00etan, Arenaleko zubian; Gasteizen, 12:00etan, Ama Zurian. Hauxe da mobilizazioen atarian kaleratutako adierazpena:

Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza eta ekonomia ituna (CETA) baieztapenerako azken fasean dago. Europar Kontseiluan blokeatuta gelditzekotan egon zen, Valoniako Parlamentuak ez baitzuen bere oniritzia eman nahi, baina, azkenean, nazioarteko presioek, belgikarrak baiezkorantz eraman zituen.

Europar Parlamentuko lan komisioak ezetz esan zion itunari abenduaren 8an eta beste hainbat komisiok berdina egitea espero dugu.

Prozeduraren hurrengo pausoan, Europar Parlamentuak akordioa bere osotasunean bozkatuko du osoko bilkuran otsaileko lehenengo egunetan. Bozketaren emaitza baiezkoa balitz, itunaren atal asko behin behinean aplikatzen hasiko lirateke, eskualdetako eta nazio-parlamentuetan bozkatzen den bitartean (38 guztira. Baten batek onartuko ez balu, akordioa bertan behera geratuko litzateke).

Europar Batasuneko nahiz Kanadako gizarte zibileko hainbat aldetako kideak CETAren aurkako iritzia azaldu dute, ingurugiroaren eta pertsonen oinarrizko eskubideen babesaren aldeko bermerik eskaintzen ez duelakoan. 3,5 milioi pertsonek CETA eta TTIParen (itun bikia) aurkako eskaera sinatu dute jada Europar Batasunean.

CETAri hainbat eranskin eta “adierazpen interpretatibo” gehitu dizkiote, gerora, itunaren aldeko babesa gehitzeko asmotan, baina, testu hauek guztiek, ez dute akordioa gehiegi aldatzen, epaitegi paraleloak, lanpostuen galera, ingurugiroaren babes eza, etab. bezalako hainbat arazo aurkezten dituelarik oraindik, besteak beste.

Honegatik guztiagatik, TTIP, CETA eta TiSAren aurkako kanpaina osatzen dugun erakundeok mobilizazio eguna antolatu dugu datorren urtarrilaren 21erako. Itunarekiko gure gaitzespena agerian utzi nahi dugu baita erabakitzeko gaitasuna eta bozka daukaten europar, kanadiar nahiz nazio, probintzia eta eskualdeetako parlamentuei ordezkatzen dituzten herritarren eskubide eta interesen alde jokatzeko eskaera luzatu ere, itun honek suposatzen duen mehatxua kontutan hartu eta CETAren baieztapenaren aurka bozkatzeko eskatuz. TTIP eta CETAren aurkako jarrera hartzeko eskatu nahi diogu Gasteizko Parlamentuari, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin zuen moduan. Merkataritza interesek ezin dute demokraziaren eta pertsona eta planetaren interesen gainetik egon. Horregatik guztiagatik, TTIP eta CETAri ezezkoa ematen diegu, herriek erabaki behar dutelako!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.