2026-03-19
HomeEkintza SindikalaMobilizazioa egin dugu Gasteizen, urte hasi zenetik hildako langileen heriotza salatzeko

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, urte hasi zenetik hildako langileen heriotza salatzeko

LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu gaur Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, urtea hasi zenetik lan istripu asko izan direla salatzeko. Izan ere, 9 langile hil dira jada lan-istripuz Euskal Herrian. Azkena, joan den ostiralean, Urizaharrako harrobian. Urte hasiera hau, beraz, oso gogorra izaten ari da langileentzat. Baina gogorrena da ez dela une puntuala edo isolatua. Urtero, batez beste, 60 langile hiltzen dira lan-istripuen ondorioz Euskal Herrian, eta 1.000 baino gehiago hil dira 2008tik.

Zerrenda amaigabe horren atzean lan-osasuneko araudiaren ez-betetze larriak daude. Araudia duela hiru hamarkadatik existitzen den arren, patronalak ez du betetzen eta, inpunitate osoz, zerrenda makabro hori elikatzen jarraitzen du.

Horrela, bada, gaur Gasteizen salatu dugu Urkullu jaunaren Eusko Jaurlaritzak ez duela borondaterik prebentzio-legea betearazteko. Salatu dugu patronalaren zigorgabetasuna langileen heriotza dela, eta, horregatik, baliabideak eta neurriak eskatu ditugu, behingoz lan-osasunari buruzko araudia bete dadin.

LABek honako hau eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:

– Patronala behartzea, behingoz, laneko osasunari buruzko araudia betetzera. Lan-eremuan ere jarrera bera ikusi nahi dugu bizitzako beste esparru batzuetan aplikatzen den araudia betetzeko. Trafiko-istripuetan eta lan-istripuetan hildakoen kopurua ia berdina izanik, lehenengo kasuan, 293.000 isun jarri zitzaizkien gidariei 2022an, eta 700 isun baino ez ziren jarri prebentzio-araudia betetzen ez zuten enpresei. Onartezina da.

– Lan-ikuskatzaile gehiago. 41 ikuskatzaile besterik ez daude EAE osoko enpresa guztiak kontrolatzeko, Europako kopuruetatik oso urrun.

– Osalaneko teknikariek gaitasun exekutiboa izan behar dute, alegia, bere ebazpenak bete behar dituzte enpresek. Egun, aholkularitza-erakunde hutsa baino ez da, eta haren ebazpenak ez dituzte nahitaez bete behar enpresek.

Beraz, gobernuei exijitzen diegu neurriak har ditzatela patronalak lan osasuneko eta prebentzio neurri guztiak bete ditzan. Hori gertatzen ez den bitartean, patronalak neurriak bete gabe jarraituko du. Hori lortu arte, LABek langileak lantokietan antolatzen eta kalean mobilizatzen jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.