2026-03-20
HomeEkintza SindikalaMiserikordian izan gara Ekimen Ibiltariarekin, "prekarietatearen mekan"

Miserikordian izan gara Ekimen Ibiltariarekin, “prekarietatearen mekan”

Iruñera itzuli da gaur Ekimen Ibiltaria, duela bederatzi egun bertatik abiatu eta gero. "Lan duina, bizi duina" dinamikaren bitartez, prekarietateak kutsatutako eremuak ari gara identifikatzen, eskualdez eskualde. Bada, Iruñeko Miserikordia zaharren egoitzan izan gara eguerdian, bertan lan egiten duten langileen lan eskubideak urratzen direla salatzeko. Hain zuzen ere, Miserikordiak egindako kontratuen %40,2 behin behinekoak dira eta 26 emakume daude lanean duela zortzi urtez geroztik, behin behineko kontratupean. La Meca bezala da ezaguna Miserikordia, bertako kudeatzaileek hala izendatuta. Eta izen aproposa dela iruditzen zaigu, "prekarietatearen meka" baita. Hau guztiagatik, Pikete Feministak hartu du parte Miserikordia etxeko prekarietatea salatzeko mobilizazioan.

Miserikordian egindako protestaz gain, delegatuen batzarra eta ekintza sindikaleko tailerra izan ditugu goizean Iruñean. Ekimen Ibiltariak jarraipena izango du arratsaldean. Hain zuzen ere, Nabarreria plazan Infogunea ezarriko dugu, 18:00etan, eta, ordu bat geroago, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen hitzaldia gauzatuko dugu, Iruñeko gaztetxean, Nabarreria plazan bertan dagoena.

"Lan duina, bizi duina" dinamika Zangotzara eta Irunberrira abiatuko da bihar, urriak 26. Delegatuen batzarra egingo dugu 10:00etan, Zangotzako kultur etxean; prekarietatearen aurkako mobilizazio bat egingo dugu 12:30ean, Kale Nagusian dagoen ETT Manpower aurrean; eta arratsaldean, Infogunea jarriko dugu Zangotzan eta Irunberrin, 17:00etan eta 18:30ean, hurrenez hurren.


 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...