2025-12-18
HomeZerbitzu PribatuakTrenbideakMetro Bilbao enpresak lanegunetako tren kopurua murriztearen erabakiaren atzean gidarien lantaldea murrizteko...

Metro Bilbao enpresak lanegunetako tren kopurua murriztearen erabakiaren atzean gidarien lantaldea murrizteko nahia dago

Bihartik aurrera, osteguna, urtarrilak 10, 10:30etik 23:00etara bitartean 50 tren gutxiago ibiliko dira lanegunetan. Trenen arteko tartea luzatzea aldebakarreko erabakia izan da, zuzendaritzarena, sindikatuen inolako babesik gabe. 17 urtean lehenengoz murriztuko du Metro Bilbaok trenen zerbitzua areagotu beharrean.

Bihartik aurrera, osteguna, urtarrilak 10, Metro Bilbaoren bezeroek ezusteko desatsegina hartuko dute: hiriarteko trena 10:30etik 23:00etara bitartean erabiltzen badute, 2012an baino 50 tren gutxiago ibiliko dira egunero.

Metro Bilbaoko zuzendaritzak “2013ko neguko zerbitzua” inposatu du, enpresa-batzordean ordezkatutako sindikatu batek ere ondo iritzi gabe.

Lanegunetan noranzko bakoitzean orain arte orduan 20 tren ibili badira, 18ra gutxituko dira aurrerantzean, hots, orduan 4 zirkulazio gutxiago izango dira. LAB sindikatuak ohartarazi nahi du zerbitzuaren murrizketa horrek puntako orduetan, adibidez, bazkalorduan, 14:00-15:30 tartean, eta 18:00-20:30 tartean, lanetik irteteko orduan, jendetza pilatuko dela nasetan eta tren barruan, bereziki, 2 lineako bidaietan (Basauri- Santurtzi), bidaiari gehien hor izaten denez gero.

LABek salatu nahi du tren horiek kenduz zuzendaritzak gidarien lantaldea murriztu nahi duela zerbitzuaren kalitatearen okertu arren. Neurri horrek ez du zentzurik hedatzen ari den enpresa batean; izan ere, Metro Bilbaok 2013ren amaieran beste geltoki bat izango du, Kabiezes. Gainera, erabaki hori ez dator bat sindikatuek eta zuzendaritzak 2012ko maiatzean adostutakoarekin, non gidarien egiturazko lantaldea 166 pertsona zirela zehazten baitzen.

LAB sindikatuaren ustez, 2012an apur bat gutxitu dira joan-etorriak lanegunetan, 2011n baino % 2tik behera, baina Metro Bilbaoren zuzendaritzak hartutako neurriak orain arte eskaintzen diren trenen kopurua % 10 murriztea ekarriko du; datu estatistikoen bilakaerari adituz, erabaki neurrigabea eta zentzugabea da, gure iritziz.

Lanegunetan trenak kentzeko erabaki horri lehendik ekitaldi bereziak daudenean zerbitzua indartzen ez dela gehitzen badiogu, gerta daiteke bezeroak saldoka biltzen direnean beharrezkoak diren gutxieneko segurtasun-neurriak saldoka biltzen direnean. Berbarako, Extremoduro-ren kontzertuaren egunean edo, hain atzera egin barik, San Mameseko azkeneko partida, Athletic Zaragozaren aurka, jokatu zenean. Egun horietan sarbideak itxita, jende-ilarak txarteldegietan, balio-emaileak zabalik, nasak gainezka, eta hainbeste jende hartzeko gai ez ziren trenak, horrelako irudiak ikusi genituen, agerian utziz Metro Bilbaoren zuzendaritza diru-etekinei adiago dagoela zerbitzuaren segurtasunari eta kalitateari baino.

Bizkaiak oro har eta bereziki Bilbo Handiak garraio publiko irisgarri, kalitatezko eta herritarren beharretara egokitua behar dute. Metro Bilbaoren zuzendaritzak, ordea, gizarteak eskatzen dionera moldatzetik urrun, zerbitzua eta prestazioak murrizten tematuta dago. LABen iritziz, Metro Bilbaoren zuzendaritzak kudeaketa-politikak aldatu behar ditu baliabide publikoen administrazioaren gardentasuna bermatuz, jendartearen eta sindikatuen parte hartzearen babesarekin.

LABen atal sindikala Metro Bilbaon

 

LAB SAREAN
{module[111]}

www.blogak.com/labmetrobilbao Emailametrobilbao@labsindikatua.org
twitter: @LABmetrobilbao
 

    

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Euskarari pizkunde berri bat emateko, LABek ere abenduaren 27an Miribilla betetzera dei egiten du

Euskara larrialdi linguistikoan dagoela gero eta nabarmenagoa da. Gero eta ikerketa gehiagok agerian uzten dute euskarak ez duela etorkizuna ziurtatuta. Hau da, aldaketa sakonik...

LABek langileen etorkizuna argitzeko eskatu die Arcelor AMDS eta enpresa batzordeari

LAB sindikatuak salatu du langileen etorkizunari buruzko informazio falta nabarmena dagoela Arcelor AMDSek Legasako lantokiaren itxiera-prozedura abiatu zuenetik, eta UGTk —langileei inolako kontsultarik egin...

Ekintza sindikal antirrazistaren aldeko apustua berresten du LABek Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean

Gaur, Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean, eta egunero, lankide hauei aitortza egin nahi diegu LABen, euskal ekonomiaren funtsezko sektoreei oso lan-baldintza txarretan eusteagatik, eta, batez ere, Euskal Herriko herri, auzo eta lantokietan egindako ekarpen sozial, kultural eta politikoari balioa eman nahi die.