2026-07-31
HomeEkintza SindikalaMende laurdena beteta, Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen duela ospatuko du LABek

Mende laurdena beteta, Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen duela ospatuko du LABek

Urteotako lan militante nekaezinaren bidez, eremu askotako langileengana eraman du euskal sindikalismo eraldatzailea, baita lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzearen aldeko aldarrikapena ere. Hori ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu du LABek urriaren 25erako, Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean.

50. urteurrena ospatu zuen iaz LABek, inoiz baino osasun hobearekin: 50.000 afiliaturen langa gaindituta. Sustraiei sendo eutsita, enborra sendotu zuen sindikatuak lehen hamarkadetan, eta, enbor horretatik adar berriak zabaltzen hasi ziren milurteko berriarekin batera. Horren adibide da, 2000. urtean Ipar Euskal Herrira zabaltzeko hartutako erabakia, LAB Euskal Herriko sindikatu nazional bakar bihurtzea ekarri zuena, eta sindikatuaren heldutasunaren eta nazio eraikuntzarako duen konpromisoaren erakusle dena. Hain justu, 25 urte dira aurten urrats horretatik, eta urteurrena egun osoko egitarau batekin ospatuko du LABek, Lekornen, urriaren 25ean.

Baionan eman du LABek horren berri, Ipar Euskal Herrian sindikatuak egindako lehen agerraldi publikoaren kokalekua izan zen zubitik metro gutxira. Maiatzaren Lehena zen, eta 50 bat laguneko mobilizazioa egin zuen sindikatuak. “Ez zen erraza izan, lehen ekintzatik hasi baitziren lehen oztopoak”, azaldu du Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak. Dena dela, langile abertzaleak antolatzeko asmoa lehenagotik zetorrela gogoratu du Dufauk, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zenbait talde eta kolektibo sortu zirela; hala nola, EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea eta Atxik: “Frantses sindikatuen zentralismoa eta hegemoniaren aitzinean, bertako sindikatu abertzale eta euskalduna sortzeko beharra sentitzen zelako. Egiteko beste modu bat beharrezkoa zelako. Langileak lantokietan antolatzeko beste tresna bat ezinbestekoa zelako”.

Helburu hori bera zuen LABek Ipar Euskal Herrira jauzia egiteko erabakiak. Aurrez zenbait gogoeta eta elkarrizketa izan ondotik, LABen 5. Biltzar Nagusian hartu zen erabakia, Donsotian, Ipar Euskal Herriko militanteek bultzatuta.

Ondotik, “xinaurri lanari esker”, sindikatua zabaldu egin dela nabarmendu du Dufauk: “Sail sindikalak sortu ditugu sektore guzietan, hauteskunde sindikaletan aurkeztu gira eta ordezkagarritasuna handitu dugu;ekintza sindikala bultzatu dugu”. Bidean, baina, era askotako “oztopoak” eta “erasoak” jasan ditu sindikatuak, gogora ekarri duenez. “Baztekerta sindikala lehen minututik bizi izan dugu, eta patronalarengatik eta sindikatuengatik epaitegira jo behar izan dugu, sindikatu izaera frogatzera. Gainera, Ipar Euskal Herriaren aitortza sozial ezagatik eta frantses estatuaren ultrazentralismoarengatik, bidea ez da erraza izan”.

Hala eta guztiz ere, LABen ordezkariak eta afiliatuak eremuz eremu lanean ari direla azpimarratu du Dufauk, “sindikalismoa egiten, langileen alde borrokatzen”. Eta, horrekin batera, sindikatuak Hemen Erabaki proposamena ere garatu duela oroitarazi du, negoziazio kolektiboko eremuak Ipar Euskal Herrian bertan kokatu nahi dituena. “Lan eta bizi baldintza duinak Euskal Herrian bertan erabaki nahi ditugu”, aldarrikatu du Dufauk.

Horregatik guztiagatik, LABen parte diren guztiak zoriondu ditu, eta bidelagun izan direnak eta egun direnak eskertu ditu. “25 urterekin ez da ezer bukatzen. Lantokietan antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu. Euskal Herriko langileok hemen erabakitzearen aldarrikapena aitzinera eraman behar dugu”, aldarrikatu du.

Egun osoko ospakizuna

Urriaren 25ean Lekornen egingo duten ospakizunaren gaineko azalpenak eman ditu, bestalde, Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko idazkariak. Sindikatuak Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea aztertuko dute goizean, belaunaldi desberdinetako militanteen testigantzekin osatutako solasaldi baten bidez. Bazkaria izango da ondoren, eta txaranga batekin eta kontzertuekin itxiko dute egitaraua. Edozein kasutan, egunari buruzko informazio zehatzagoa aurrerago emango du sindikatuak.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.