2026-02-02
HomeEkintza SindikalaMecanerreko enpresa batzordeak Jaurlaritzari eskatu dio enpresaren etorkizuna bermatzeko eskura dituzten tresna...

Mecanerreko enpresa batzordeak Jaurlaritzari eskatu dio enpresaren etorkizuna bermatzeko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko

Mecanerreko zuzendaritzak enpresa ixteko eta 148 langile kaleratzeko behin betiko asmoaren berri enpresa batzordeari jakinarazi eta hiru egunera, enpresako langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Izan ere, martxoaren 12an hasiko da kontsulta aldia, eta, inork saihesten ez badu, itxi egingo dute Mecaner. Gaur, erakunde guztiei interpelazio zuzena egin die enpresa batzordeak, erantzukizunak har ditzaten eta irtenbidea bilatzeko lanean parte har dezaten.

Stellantisek irailaren 1ean eman zuen enpresa ixteko asmoaren berri, eta, ordutik, enpresa batzordeak hamaika bilera egin ditu erakundeekin, haien inplikazioa bilatuz: Bizkaiko Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikoko Saila, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila, Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Saila, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Saila. Erakundeek ez dute konpromisorik hartu, ordea, eta erantzukizun osoa Stellantis multinazionalaren esku uzten jarraitzen dute.

“Mecanerren itxierak ez dio krisi-egoerari erantzuten, baizik eta bere ustiapen-kontuko zenbakiak bakarrik begiratzen dituen enpresa baten diruzaintzari. Enpresa horrek irabaziak izan ditu azken urteetan, eta ez zaio lan-kargarik falta izan Stellantis taldeak itxiera prestatzea erabaki duen arte”, salatu du enpresa batzordeak, oroitarazita iaz Stellantisek inoizko irabazi handienak izan zituela, 18.000 milioi euro baino gehiagokoak.

Hori gutxi ez, eta batzordeak salatu du, Mecaner itxi nahi duten bitartean, 2023an, Stellantis multinazionalak 68 milioi euro baino gehiago jaso zituela Espainiako Gobernuaren eskutik, PERTE laguntzen bidez. “Enpresak itxi eta enplegua suntsitzen diharduen enpresa bati diru publikoa ematea iraingarria iruditzen zaigu”, adierazi du. Eusko Jaurlaritzari Mecanerren etorkizuna bermatzeko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatu dio enpresa batzordeak: “Ez du ezertarako balio transferentzien kontrola exijitzeak, gero herritarren zerbitzura modu aktiboan jartzen ez badira, enpresen alde egiteko soilik erabiltzen badira. Etorkizuneko jasangarritasun-erronkei aurre egiteko industria-politika aktiboa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, enpresen itxiera motel baina etengabea ez den beste aukera batzuekin”.

Halaber, langileek Espainiako Gobernuari eskatu diote Stellantis multinazionalari laguntzak emateari uzteko, Mecaner ixteko asmoarekin jarraituz gero.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...