2026-03-19
HomeEkintza SindikalaManifestazioak Osakidetzako egoera larria salatu eta bere egiturazko arazoen aurrean konponbideak eskatzeko

Manifestazioak Osakidetzako egoera larria salatu eta bere egiturazko arazoen aurrean konponbideak eskatzeko

Osakidetzako langileek manifestazioak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Sindikatuok gogorarazi dugu joan den abenduaren 14an premiazko bilera eskatu genuela Osasun sailburuarekin, eta honek oraindik ez duela erantzun.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok EAEko hiru hiriburuetako kaleak zeharkatu dituzten manifestazioak egin ditugu gaur goizean, gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria salatzeko eta Osakidetzaren egiturazko arazoei irtenbideak eskatzeko.


Gogorarazi behar da azken hamarkadako murrizketa-politikek ahuldutako osasun-sistema bat dugula, eta egoera hori, zalantzarik gabe, larriagotu egin dela egungo osasun-krisiarekin; martxotik pairatzen ari garen pandemia proban jartzen ari da bai langileria, bai osasun-sistema publikoa bera, eta agerian uzten ari da urrundik datozen egiturazko gabezia batzuk, Osasun Sailak ez baitu izan eta ez baitu asmorik hauei aurre egiteko eta konpontzeko.


Mahai Sektoriala bost hilabetez bildu gabe egon ondoren, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean egindako bileretan egiaztatu zen Osakidetzak ez zuela borondaterik gure osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei behingoz heltzeko eta konpontzeko. Are gehiago, COVIDen lehen olatutik 8 hilabete igaro direnean, Osakidetzak argi eta garbi planteatu du pandemiari aurre egiteko plan bakarra langileak zukutzen jarraitzeko asmoa dela.


Urteak daramatzagu salatzen bai gure osasun-sistema publikoak dituen egiturazko arazoak, bai Osakidetzaren eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza. Denbora asko daramagu informazioa jasotzeko, entzunak izateko eta negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu gabe. Euskal administrazio publikoko enpresarik handienean ez dago, besterik gabe, alderdi sozialaren aintzatespenik.


Egoera hori dela eta, abenduaren 10ean, hilaren 16an hasitako mobilizazio-dinamika bat abian jartzeko asmoa azaldu genuen, eta gaur horri jarraipena eman diogu. Esan bezala, mobilizazioak abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan izango dira, eta urtarrilaren 28an greba egingo dute.


Egoera larria denez eta Osakidetzak erantzunik eman ez zuenez, joan den abenduaren 14an premiazko bilera bat eskatu genion Osasuneko sailburuari. Bada, gaur egun, ez dugu gure eskaeraren erantzunik jaso. Bien bitartean, lantokietan bizi den egoera larriak bere horretan jarraitzen du, eta, gaur egun, Osasun Sailak ez du neurri bakar bat ere proposatu egoera iraultzeko.


Gure historia hurbileko osasun-krisi handienean gaude, eta horrek premiazkoagoa egiten du, ahal bada, gure osasun publikoa indartzeko eta haren gabezia larriak arintzeko eta konpontzeko beharra.


Osakidetzari eta Osasun Sailari hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen diegu. Osakidetzak behar dituen premiazko eta sakoneko irtenbideak martxan jartzen ez badira, mobilizazioak areagotuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.