2026-02-02
HomeMaiatzaren Lehena 2015Maiatzaren lehena: langile garela harro esateko eguna

Maiatzaren lehena: langile garela harro esateko eguna

LABek Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko dituen arrazoiak iragartzeko agerraldia eskaini zuen Bilbon apirilaren 15ean. "Langileok borrokan, Euskal Herria aldaketa bidean" lelopean aurtengoan ere eskualdeka mobilizatuko da sindikatua, eskualde bakoitzeko errealitate ezberdinak eta bertan egindako borroken garrantzia mahaigaineratzeko nahiarekin. Ainhoa Etxaide, idazkari nagusiak, Maiatzaren Lehenaren protagonista borrokan den langilegoa dela azpimarratu zuen, baita "ospatzeko gutxi den arren, langile garela harro" egoteko eguna dela ere.

Maider Jauregi, LABeko Komunikazio idazkariak, 2015eko Maiatzaren Lehenaren diseinuren azalpenarekin eman zion hasiera agerraldiari. "Langileok borrokan, Euskal Herria aldaketa bidean" lelopean eskualdeka burutuko da aurtengoan ere langile eguna eta 25 mobilizazio ezberdin burutuko dira Euskal Herrian.

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, aurtengo Maiatzaren Lehena ez dela ospakizun egun bat adierazi zuen, ez dugula ezer "ospatzeko", baina era berean egindako lanaz harro egoteko badugula arrazoi nahiko adierazi zuen. Honela, aurtengo Maiatzaren Lehena harrotasun hori kalera ateratzeko eguna izan behar duela aldarrikatu zuen, langileok "ateratzen dugu Euskal Herria aurrera" gaineratuz. Zentzu honetan gobernuek hartutako bideari erreparatuz, gutxi batzuren mesedetan herriaren pobretzea hartu daitekeen biderik ankerrena dela salatu zuen, eta langilerik gabe ezin dela Herri bat aurrera atera adierazi zuen.

Hauteskundeen testuinguruan milaka lanpostu suntsitu dituzten agintari politikoen ahotan enpleguaren sorrera eta defentsa ardatz bihurtu dutela entzutea lotsagarritzat jo zuen LABeko idazkari nagusiak. Bien bitartean, langileok bakar bakarrik aritu dira lanpostuak defendatzen politiko horiek berak sinatu dituzten EREen kontra.

Sindikatuak 40 urte bete ditu aurtean, eta Etxaiderentzat garrantzitsua da ere aurtengoan LABeko militante "garela" harro aldarrikatzea; "harro gaude lau hamarkada hauetan LABek Euskal Herrian egin duen borrokarekin, askapena ekarriko digun bidean egin duen ekarpenarekin; eta harro gaude milaka eta milaka langileek LABen ikusi izana zapalkuntzaren kontra borrokatzeko tresna egokia".

40 urteko lanak emandako eskarmentuak sindikatuari arrazoia izatea ez dela nahikoa erakutsi diola adierazi zuen Etxaidek, eta horri buelta emateko indarra lortzea, garaipenak lortzeko bide egokiak bilatzen jakitea eta erasoen aurrean benetako harresiak eraikitzeko eraginkorrak izaten jakin behar dela gehitu zuen. Bide horretan, Maiatzaren Lehena ere, LABek langileei zer dien emateko plazara ateratzeko eguna ere bada.

Eskaintza horri zuzenduz, LABek hasi berri duen eredu berriaren eztabaida gogoratu zuen. 40 urte hauek emandako heldutasunak aurrera begiratzeko oinarri sendoak ziurtatu dizkio sindikatuari Etxaideren esanetan eta "guk handitzen eta indartzen jarraitu nahi dugunez" sindikatua eta sindikalgintza eraberritu behar delakoan dago. Zer du emateko: sindikalgintza egiteko eta ulertzeko modu berria.

Agerraldiaren amaieran langileei Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko gonbitea luzatu zien. Etxaideren hitzetan "LABek esateko duena entzutera etorri baino, askoz emankorragoa baita langileak eta langileon aldarrikapenak plazara ateratzea, Maiatzaren Lehenean langileok mobilizatzen jarraitzen dugula ikustaraztea".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...