2024-12-14
HomeEkintza SindikalaLangileok hezkuntza legean eragiteko aukera irekitzea lortu da

Langileok hezkuntza legean eragiteko aukera irekitzea lortu da

Kezkaz eta harriduraz hartu dugu sindikatu batzuek aukera hori baliatu nahi ez izatea.

Hezkuntza Sistemak behar dituen eraldaketa sakonak bultzatzeko langileok ezinbestekoak gara. EAEn Hezkuntza Legearen eztabaida ireki zen momentutik LABek argi esan izan du bere hastapenean prozesuak bi hutsune nagusi izan dituela. Batetik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun sindikatuokin eztabaida eta adostasunak bultzatzeko ez da inolako gunerik egon, eta, gure ustez, eremu politikoan lor daitezkeen adostasunetara mugatzea ez da nahikoa. Bestalde, langileen lan baldintzak hobetzearen inguruan ez zen ezer jasotzen.

Modu batean edo bestean, sindikatu guztiok bat egin dugu ideia horiekin. Gogoratu behar da Hezkuntza Legea langileokin eraiki behar dela aldarrikatu izan dutela.

LAB lehen sindikatua da hezkuntza publikoan eta Ikastoletan. Mahai Sindikal baten beharra azpimarratu izan dugu hezkuntzako langileen lan baldintzen inguruko oinarrizko adostasunak erdiesteko eta Hezkuntza Legea hobetzeko ekarpenak egin ahal izateko. Mahai sindikalean landutako gai laboralak, negoziazio eremu bakoitzeko aldarrikapen zehatzagoekin batera, mahai sektorialetan garatu beharko lirateke hemendik aurrera, mahai sindikal horrek ez baitu inolako negoziazio mahairik ordezkatuko.

Mahaia Hezkuntza eta sindikatuen arteko foroa da. Ez du zerikusirik LABek begi onez ikusten ez duen eta Legean jasoa dagoen Aholku Batzordearekin. Ez dugu partekatzen itunpeko patronalekin langile publikoez hitz egitea, ezta itunpeko langileez Kristau Eskola eta Ikastoletako zuzendaritzekin aldi berean hitz egitea ere.

Greba eta mobilizazioek Hezkuntza Saila mugiarazi dute eta Mahai Sindikala deitu behar izan du. Sindikatuok ekarpenak egin eta akordioak erdiesteko orain arte ez zegoen eztabaida gune bat sortu da eta horrek bide bat ireki du hurrengo urteetarako hezkuntzako langile guztien —publikoen, ikastoletakoen eta gizarte ekimeneko ikastetxeetakoen zein azpikontrataturik daudenen— lan-baldintzetan eragiteko. Bestela esanda, mahai negoziatzaile bakoitzean lan-baldintza hobeak lortzeko aukerari ekiteko. Hezkuntza Legea langileekin eraikitzeko aukera irekitzea lortu da, eta, zalantzarik gabe, egindako greba eta mobilizazioak izan dira horretarako giltzarri. Hori dela eta, kezkaz eta harriduraz ikusi dugu sindikatu batzuek aukera hori baliatu nahi ez izatea.

Bileraren gai zerrendan langileentzat oso garrantzitsuak diren gaiak jarri dira eztabaidagai: sare publikoko langileen enplegua mantentzea, egonkortasuna (behin-behinekotasuna %5tik igoko ez dela bermatzeko neurriak), soldatak eta euskalduntzea; azpikontratatutako zerbitzuak; itundutako sareko langileen sarbidea, homologazioa edo publifikaziorako araudia, esaterako.

Ulergaitza da mahai sindikalak bere bidea egin dezan oztopatzea eta berriro ere prozesuaren hasieran salatu izan duten puntu berera bueltatzea. Hau da, sindikatuekin eratu beharreko eztabaida markorik gabe geratzea. LABek jarraituko du honelako eztabaida marko orokorraren beharra defendatzen, negoziazio mahai sektorialetan langileen lan baldintzak hobetzen eta Hezkuntza Legea hobetzeko ekarpenak egiten. Baita, beharrezkoa denean, mobilizazioak bultzatzen ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Balenciagako langileek lan mahaia eratzea lortu dute, baina Espainiako Gobernuak ardurarik hartu gabe jarraitzen du

Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek asteak daramatzate mobilizatzen, ontziolaren eta euren lanpostuen defentsan. Instituzioei lan mahai bat eratzeko eskaera egin zieten, ontziolaren bideragarritasuna bermatzeko, eta Hego Euskal Herriko instituzioek horren aldeko urratsa ematea lortu dute langileek. Espainiako Gobernuak, aldiz, bere posiziotik mugitu gabe eta dagokion erantzukizuna hartu gabe jarraitzen du.

Helegitea aurkeztuko diogu Osakidetzako filtrazioengatik ateratako autoari eta salatzaileen zintzotasuna balioesten du

Lehenik eta behin, LABek aitortza egin nahi die Osakidetzan filtrazioak modu batera edo bestera salatu dituzten eta sistema maltzur horren aurrean agertu diren pertsona guztiei, bereziki prozesu judizial honetan aurpegia eman dutenei. Jakin badakigu zein presio jasan dituzten, eta beren zintzotasuna aitortu nahi diegu.

Arabako adineko egoitzetako LABeko ordezkariek benetako konpromisoak hartzea exijitu diote Gorka Urtarani

Arabako adineko egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako hitzarmen probintzialaren negoziaketa hasi ginenetik, LABek behin eta berriro exijitu dio Aldundiari gatazka honetan daukan erantzukizuna onartzeko. Sektore honetan urte luzez eman duen etengabeko borrokari esker, hilabete honetan Aldunditik bilera egiteko gonbidapena jaso zuen sindikatuak.