2026-03-19
HomeEkintza SindikalaLangileek Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenari buruzko epaiketa irabazi dute, eskubide osokoa baita...

Langileek Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenari buruzko epaiketa irabazi dute, eskubide osokoa baita #LortuDugu

Gaur jakin da Lan arloko 3. Epaitegiko epaileak aldeko epaia eman diela Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehenbiziko hitzarmena sinatu zuten eragileei, eta baliozkotzat jo du, eta OEIS patronalaren inpugnaziorako argudioak errefusatu ditu. Epaiak frogatutzat ematen du elkarte demandatzaileak subjektu negoziatzaile gisa parte har zezakeela nahi izan balu, baina ez zuela eskatu, nahiz eta negoziazio-mahaia eratu zela jakin. LAB sindikatuak, hitzarmen honen bultzatzaile nagusiak, sektoreko langileak zoriondu nahi ditu lorturiko hobekuntzak finkatzen dituen garaipen garrantzitsu honengatik.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea, OEIS [Esku-hartze Sozialeko Enpresen Espainiako Elkartea] patronalaren parte direnak, izan ziren Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuten enpresak; urte asko eta ahalegin handiak behar izan zituen hitzarmena. Zenbaitetan atzeratu ondoren, inpugnazio epaiketa azkenean apirilaren 18an egin zen, Iruñean. Eta gaur jakin da zein den epaia, maiatzaren 26koa, zeinak sendotzen baititu hitzarmen hartan lorturiko aurrerapenak.

Epaiak dioenez, “elkarte demandatzaileak bai badu legitimazio prozesala Nafarroako Integrazio [sic] Sozialeko Hitzarmen Kolektiboa inpugnatzeko, eta gainera negoziatzeko legitimazioa du”. baina “aurrekoak ez du xedatzen negoziazio kolektiborako bere eskubidea urratu denik”; izan ere, “hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaiaren berri izan zuen, eta, hala ere, ez zuen parte hartzeko eskatu edo hitzarmeneko mahaiko kide gisa onartzeko eskatu”. Alegia, ez zuen negoziazioan parte hartu ez zuelako nahi izan, eta ez halakorik existitzen zela ez zekielako.

Sektoreko sindikatu nagusia eta hitzarmenaren bultzatzaile nagusia garen heinean, LABen uste dugu ez genukeela inoiz egoera honetara ailegatu behar, Esku-hartze Sozialeko langileek erdietsitako aurrerapenak arriskuan jarri baititu. Gaur justizia egin da eta pozten gara horregatik. Eta OEISi eskatzen diogu epaiaren aurkako helegiterik ez jartzeko, eta egoera hau alferrik, bidegabeki eta arrazoirik gabe luzatzeari uzteko.

Esku-hartze Sozialeko zentro eta zerbitzu publikoetan arreta ematen zaie adingabeei, familiei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei, migratzaileei, etxegabeei, langabeei, eta abarrei. Edozein langilek lan baldintza duinak behar ditu, baina sektore honetakoek are gehiago, ahal bada. Alde horretatik, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantillek argi eta garbi hitz egin dute beti, bai baldintzak nabarmen hobetzen zituen hitzarmen hau lortzeko, baita hura defendatzeko ere. Beraz, gaur guztiei zorionak emateko eguna da.

Azkenik, erran beharrekoa da udazken honetan lehen hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi behar direla. Gure indar guztiak jarriko ditugu negoziazioan, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantilla guztiei are baldintza duinagoak bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.