Azken urteetan datuek erakutsi dute langabezia-tasa jaitsi egin dela Hego Euskal Herrian. Pasa den hilabetetik, ordea, gora egin du % 0,61, joera ahula eta Gabonetako behin behineko kontratu zikloaren menpekoa dela argi geldituz. Hain zuzen ere, gabonetako kontratu fasea amaituta, 137.754 langabetu daude, eta beheranzko joeraren sendotasuna kolokan jartzen ari da.Â
Egiturazko arrakalak ditu lan merkatuak, eta gabonetako zikloaren ondoren, okerrera egin du. Egoera hau emakume eta langile migratuen bizkar eraikitzen da bereziki, lan baldintza kaxkarrenak dituzten enpleguetan kateaturik.
Langabetuen %58,80 emakumeak dira, eta azken hilabetean emakumeen langabezia areagotu egin da (1.639 gehiago), gizonezko langabe kopurua jaitsi den bitartean. Aurreko enplegurik gabeko langabeen artean, emakumeak dira gehiengo nabarmena (% 68,78), eta 25 urtetik gorakoen artean ehunekoa kopurua are eta handiagoa da,% 77,75 hain zuzen ere. Lau emakumetik batek jardunaldi partzialeko kontratua du (% 25,1), gizonezkoen artean portzentajea askoz ere txikiagoa den bitartean (% 11,6). Datu hauek argi uzten dute, genero arrakalak kontratu mota zein lanaldiaren banaketan isla duela, lan baldintza prekarioak nagusituz.
Langile migratuen artean ere azken hilabetean langabetu kopurua zertxobait igo da, azken urtean zehar jaitsi bazen eren. Bereziki larria da migratuen % 31,35 aurreko enplegurik gabekoak izatea. Era berean, azpimarratu behar da % 52,97ak zerbitzuak sektorean bilatzen duela lana, prekarietatea nagusi den sektorean. Gabonak igarota, zerbitzuetan handitu da langabezia eta horrek eragin zuzena izan du migratuen arteko langabetuen igoeran.
Industria sektorean langabezia igo egin da (207 langabe gehiago). Hala ere, zerbitzuak sektorean modu nabarmenagoan igo da (1.109 langabe gehiago), gabonak igarota, behin behineko hainbat kontratu eten egin direlako. Era berean, azken urtean langabeziaren gorakada nabarmena egon da aurreko enplegurik gabeko langileen artean, langabetuen % 12,69a izatera iritsiz.
Afiliazioan hazkundea egon arren, azken hilabetean jaitsi egin da, bereziki zerbitzuak sektorean, 9505 afiliatu galdu baita neguko kontratuen amaieraren ondorioz). Hemen beste joera aldaketa bat atzematen da; izan ere, EAE eta Nafarroan urte bitarteko emakumeen afiliazioa jaitsi egin da, emakumeek lan merkatutik kanpo kokatzeko joeraren erakusle. Urtarrilean sinatutako kontratuen % 75,97 behin behinekoak izan ziren eta jardunaldi partziala % 1,83 igo da.
Egungo eredu sozioekonomikoak egiturazko ahuleziak ditu eta ziklikotasunaren menpeko merkatua iraunarazten du, prekarietatea egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan areagotuz. Krisi garaietan emakumeak dira ondorioak modu gordinenean pairatzen dituztenak, behin behineko kontratuen zein lanaladi partzialen gorakadak erakusten duen bezala.
Hortaz, lan merkatuan ez dago egiturazko aldaketarik, enpleguaren hazkundea prekarietatean oinarrituta dago, eta langabezia-tasa formalaren hobekuntza zantzuak egon arren, errealitatean arrakalak, prekarietatea eta ezegonkortasuna dira areagotzen ari direnak.
Beraz, gaurkoa borrokarako deia egiten amaituko dugu, langileon lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokara batzeko gonbita eginez. Horretarako, martxoaren 17an greba orokorra egongo da Euskal Herrian, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata duina langile klase osoari ezartzearen alde.

