2026-11-06
HomeEkintza SozialaLangabezia ugaritzen den bitartean langileen bizi baldintzak okerrera doaz

Langabezia ugaritzen den bitartean langileen bizi baldintzak okerrera doaz

Langabeziaren gorakadak ez du etenik, eta oraingoan 142.645 langabetu daude Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 3.035 gehiago. Urriko hilabetean langabezia igotzea ohiko joera bihurtu den arren, urte arteko datuekin alderatuta nabarmen handitu da. Era berean, izugarrizko igoera eduki du afiliazioak: 1.121.270 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean urriko azken egunean, 17.723 afiliatu gehiago.

Hilabetero errepikatzen dugun bezalaxe, egoera zaurgarrian dauden kolektiboak zein pertsonak dira kaltetuenak, hala nola gazteak, emakumeak* eta migranteak. Egiturazkoak diren arazoen ondorioaren eragina da hori.

•Emakume* eta gazteen kasuan, egiturazko arrakalak bere horretan mantentzen dira. Alde batetik, emakumeak* dira langabezian dauden %58,12. Aurreko enplegurik gabekoen artean, %64,02 emakumeak* dira. Afiliazioari erreparatuta, emakumeen* artean %56,2k du jardunaldi osoa, gizonen kontratuetan halakoak %77,6 dira bitartean. Aldi berean, emakumeen* %25ek jardunaldi partziala du; gizonen kasuan, aldiz, %12k, hau da, erdiak. Gainera, ikasturte hasierarekin aldizkako finkoen kontratuak gora egin dute, emakumeen* artean %34,15 izanik. Hauek dira hilero ikusten ditugun datuak, eta Hego Euskal Herriko eredu ekonomikoa bihurtzen ari den patroia da.•Gazteei erreparatuz gero, aurreko urtetik hona langabezia handitu da. 25 urtetik beherakoen artean EAEn %12,98 handitu da, eta Nafarroan %20,5.

•Migratuen argazki sozioekonomikoa analizatuz gero, langabeziak gehien kolpatzen duen kolektiboa dela hauteman daiteke –are gehiago bestelako aldagaiekin uztartzen denean–. 7.090 langabetu migrante gehiago daude azken urtean, eta aurreko enplegurik gabekoen artean %55,55 handitu dira (13.444 migratu zehazki). Sektore guztietan igo da langabezia, eta migratu langabetuen artean, %46,19 zerbitzu sektorean daude lan bila.

Egoeraren argazkiak ezintasuna sorrarazten duela nabarmendu du LABek. Aurreko enplegurik gabeko gehienak migratuak dira, eta horren aurrean lan harremanetan sartu ahal izateko politikak bultzatu behar ditugu, beti ere hartzen diren neurriak segregazioaren kontrakoak izango direlarik. Izan ere, erregularizazioak denbora tarte jakin batean funtzionatzen du. Hau da, erregularizazioa finkatzeko, hura eskatu dutenak lan bila edo lanean egon behar dira, eta hau ez lortzekotan urtebetera erregulazioa galtzen dute.

Sektoreei dagokienez, sektore guztietan egin du gora langabeziak, baita afiliatuek ere. Bereziki zerbitzu sektorean igo da langabezia (1.446), eta aldi berean, Hego Euskal Herriko %74,03 sektore honetan afiliatuta daude. Azken urtearekin alderatuta, tarte horretan sortutako afiliazioaren %85,76 zerbitzuetan izan da.

Egungo eredu sozioekonomikoak ez ditu populazio osoaren bizi baldintzak bermatzen eta prekarizazioa iraunarazten du. Bizitza garatzeko behar diren ondasunak dira gehien garestitzen ari direnak (elikagaiak, etxebizitza) eta egoera horrek lan prekarioak onartzera bultzatzen ditu hainbat eta hainbat langile. Horren erakusle da %74,03 zerbitzu sektorean egotea lan bila, sektore hau denean lan baldintza kaskarrenak eskaintzen dituena. Bada, lan prekario horrek ez du bizitza duinik garatzeko aukerarik ematen. Testuinguru horretan, etxebizitza bihurtu da langile klasearen bizi baldintzak okertzen dituen faktore nagusietako bat. Momentu honetan etxebizitza langileria pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusia bilakatu da, baita aberastasunaren banaketa bidegabea areagotzeko modua eta arrakala sozialetan sakontzekoa ere. Izan ere, soldatekin eta prekaritatearekin gertatzen den moduan, etxebizitza krisiak ez die langile guztiei berdin eragiten.

Pobretzearen eta errentismoaren aurka, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak behar direla aldarrikatuko du LABek azaroaren 11ko greba orokorrean. Etxebizitzarekin negozioa egitea da kapitalaren estrategia. Soldatak debaluatuz eta pribatizazio politiketan sakonduz egiten den moduan, etxebizitzarekin espekulatuz aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen da. Horregatik, LABek dei egiten du azaroaren 11n greba orokorrean parte hartzera. Izan ere, sindikatuak askotan erakutsi du borrokak fruituak ematen dituela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...