Martxo honetan, HEHko langabeziak behera egin du aurreko urtearekin konparatuta (1.863 langabetu gutxiago), baina azken hilabetearekin alderatuta %0,02 igo da. Betiko logika jarraituz, emakumeak eta migratuak dira langabezia gogorrago bizi dutenak (%58,99 emakumea baita, eta migratuak egoera zaurgarrian jarraitzen dute). Enpleguaren berreskuratze ahula, eskasa eta prekarietateak kolpaturiko lan merkatua izaten jarraitzen du. Izan ere, ez da nahikoa enplegua sortzearekin bakarrik, berau, duina, egonkorra eta eskubideak izango dituena bermatzea ezinbestekoa da.
Bereziki kezkagarritzat jotzen dugu martxoan erregistratutako kontratuen %25,4 soilik izan direla mugagabeak. Aurreko urtearekin alderatuta igoera txikia izan badu ere, lau kontratutik hiruk aldi baterako izaten jarraitzen dute. Horrek, hain zuzen ere, agerian uzten du prekarietatea egiturazkoa izaten jarraitzen duela euskal lan-merkatuan. Hori dela eta, kontratazioa handitzea ezin da hobekuntza-adierazle nahikotzat jo, kontratu gehienak aldi baterakoak izaten jarraitzen baitute.
Horrez gain, sektoreei dagokionez, enplegu industriala okertu egin dela ohartarazi nahi dugu, sektore horretan bakarrik igo baita langabezia, iazko datuekin konparatuta (-%1,11). Industria funtsezko zutabea izan da historikoki gure herrialdean kalitatezko enplegua sortzeko. Horrexegatik, ezinbestekoa da ekoizpen-sarea indartuko duten eta enplegua eta lan-eskubideak suntsituko ez dituen trantsizio ekonomikoa bermatuko dituen politika publikoak bultzatzea, eta honen alde egitea.
Egiturazko lan ezegonkortasuna ekidingo duten politika eraginkorrak martxan jartzeko beharra ikusten ez duten bitartean, gazteak prekarizatuak izaten jarraituko du. Datuak hala baitiote; %0,9 igo da aurreko lanik gabeko pertsonen artean, eta honek, lehen enplegua lortzeko zailtasunak adierazten du. Kolpatuenak gazteak izaten dira bereiziki, baina emakume eta migranteen errealitatearen isla txikia ere bada.
Afiliazioari dagokionez, egonkortasun ahula erakusten dute; martxoaren afiliazioa 1.087.943 pertsonatan kokatu da, aurreko hilabetean baino 274 afiliatu gutxiago. Urtean zehar, ordea, sektore guztietan igo da, bereziki zerbitzuetan (9.408 langile gehiago). Hala ere, 25 eta 50 urte artekoen afiliazioa jaitsi egin da azken urtean.
Ondorio labur gisa, industria ahultasuna eta genero-arrakalarena dira kezkagarrienak, eta horiek ez dute soilik enplegu kopuruari eragiten; kalitatezko lanaren eta egonkortasunaren galera ere adierazten dute. Zoritxarrez, martxoko datuek ez dute aldaketa handirik ekarri, joera kezkagarriak berretsi baizik. Besteak beste, industriaren gainbehera sotila bizi dugu; genero arrakala bere horretan jarraitzen du; migratuen egoera oso zaurgarria da; kontratu prekarioek ez dute behera egiten.
Ezinbestekoa da, beraz, lan- eta ekonomia-politiketan norabide aldaketa bultzatzea, enplegu duin, egonkor eta eskubideetan oinarritutako ekoizpen-eredua eraiki ahal izateko. Lehentasunezkoa da behin-behinekotasunak –eta honek dakarren egoera– geldiaraztea eta langile-klase osoarentzako lan-baldintza justuak ziurtatzea. Horregatik, LABek lan eskubideen aldeko konpromisoa berresten du, eta lanean jarraituko du adierazle ekonomikoen hobekuntzak Euskal Herriko langileon bizi baldintzetan benetako aurrerapausoak ekar ditzan.

