2026-06-19
HomeEkintza PolitikoaLanean jarraituko dugu gaixorik dauden presoak etxeratzeko adostutako bide orria lortzeko

Lanean jarraituko dugu gaixorik dauden presoak etxeratzeko adostutako bide orria lortzeko

LABek doluminak eskaini nahi dizkie Belen Gonzalezen senideei, lagunei, ingurukoei eta ezker abertzalearen familia osoari. Esan nahi diegu ez dugula etsiko euskal preso politiko guztiak kalera atera arte, eta ez dugula etsiko herri honen askatasuna eta bakea lortu arte.

Gaixorik hil da Belen Gonzalez, ospitalean, urteak zeramatzan gaixorik. Heriotza honen atzean, beraz, salbuespen legedia dago, egun indarrean dagoen espetxe politika. Urrunketa, dispertsioa, gaixorik dauden presoak kartzelan mantentzea… Eta legedi horrekin amaitu beharra dago. Beranduegi da dagoeneko, beranduegi legedia horrek konfrontazio eta gerra logika bati erantzuten diolako, eta herri honek, euskal gizarteak, aspaldidanik bakea nahi duelako, konponbidea nahi duelako.

Gaixorik dauden presoen gaia bere gordintasun osoan erakusten digu atzoko gertakariak. Oroitu nahiko genuke Ibon Iparragirre hil ala biziko egoeran dagoen preso ondarrutarra, eta bere antzera gaixorik dauden guztiak.

Behin baino gehiagotan esan dugu eta ez gara behin eta berriz esateaz nekatuko. Bake justu eta iraunkor batek eskatzen du dispertsioaren amaiera, bake justu eta iraunkor batek eskatzen du gaixorik diren preso guztien berehalako askatasuna eta bake justu eta iraunkor batek eskatzen du euskal preso politiko guztiak kalera ateratzea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea. Ez dagoelako normaltasun politikorik, ez dago elkarbizitza eraikitzerik espetxeetan ehunka preso politiko diren artean, erbestean errefuxiatuak eta deportatuak diren artean.

Egoera honekin amaitu beharra dago, esan bezala, beranduegi delako. Ezin zaio guztiok dugun ardurari izkin egin, ez da zilegia. Galdera da, norbaitek uste du Euskal Herrian bertako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek gure esku dagoen guztia egingo bagenu, espainiar estatua gai litzatekeela, minutu bakar batez ere, egoera honi eusten jarraitzeko? Norbaitek pentsatzen du?

Garaia da mahai baten bueltan eseri eta bide orri bat adosteko, esan bezala, eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak. Bide orri bat dispertsioarekin amaitzeko, bide orri bat gaixorik diren presoak berehala askatzeko eta bide orri bat, berandu baino lehen, preso politiko guztiak kalera ateratzeko.

Esperantza mezu bat ere igorri nahi dugu gaurkoan. Estatuak boteretsuak dira bai, behin baino gehiagotan frogatu dute hori, eta zoritxarrez gaurkoan berriro ere konstatatzen ari gara. Baina, ez dira garaiezinak, ziur gaude herri honetako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek eskuz-esku jarduten badugu, gai izango garela gai honetan ere estatuen borondatea behartzeko behingoz afera honi ere irtenbide justu eta iraunkor bat emateko. LABetik bide honetan ari gara lanean, nabarmentzekoa da sindikatuen artean lortu diren adostasunak gaixorik dauden presoen etxeratzearen inguruan.

LABek dei egiten die euskal langileei heriotza salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.