2026-10-03
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLan mundua euskalduntzeko proba pilotu bat egingo dugu Urola-Kostako hainbat enpresatan

Lan mundua euskalduntzeko proba pilotu bat egingo dugu Urola-Kostako hainbat enpresatan

Argazkia: Kontseilua

Kontseiluak, LABek eta ELAk bultzatutako egitasmoa gaur aurkeztu dugu Zarautzen. Enpresaren funtzionamendua euskalduntzea, langileak euskaraz lan egiteko eskubidearen alde ahalduntzea eta euskararen gaia ekintza sindikalean txertatzea izango dira helburuan. “Honetarako guztirako, beharrezkoa izango zaigu langileen parte hartzea ahalik eta zabalena sustatzea. Langileok eragile aktiboak izan behar dugu prozesu honetan”, adierazi dugu sindikatuetako ordezkariok.

Lan munduaren euskalduntzea ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako. Herri honetako gehiengo sindikala garen heinean, badugu erantzukizunik lan munduaren euskalduntzean. Euskararen egoera minorizatua kapitalismoak bultzatutako homogeneizazio kulturalaren ondorio ere bada. Izan ere, balio ekonomikoa ez duen guztia suntsitu nahi da. Hortaz, hizkuntza eskubideen aldeko borroka eskubide sozialen aldeko borroka ere bada; klase borrokaren beste dimentsio bat da guretzat.

Proba pilotua egiteko Urola-Kosta aukeratu dugu eskualde euskalduna delako, LABek eta ELAk gehiengo zabala dutelako, baina, era berean, oso gutxi direlako euskara plana duten enpresak. Langileek enpresan euskaraz egitea natural ikusten dute, baina, aldi berean, lana bera erdaraz egiten dute; lan prozedurak, hizkuntza paisaia… Egitasmoaren berri joan den azaroa bukaeran eman genuen lehen aldiz, Euskararen Egunaren atarian. 

Honako enpresa hauek aukeratu ditugu proba pilotua gauzatzeko:

Biele S.A., GKN Zumaia S.A., Sammic S.L., OBE Hettich, Hettich Iberia S.L., KSB ITur S.A., Industrias Auxiliares S.A.U., Panificadora Artadi S.A., Indaux, Azpeitiko eta Azkoitiko zaharren egoitzak eta Astigarraga Kit Line (JJ Producciones).

Urola-Kosta eskualdea hartu dugu abiapuntu, baina asmoa litzateke, gauza ondo joanez gero, beste eskualde batzuetara ere zabaltzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...