2026-10-01
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakLABen balorazioa Eusko Jaurlaritzaren enplegu planari buruz

LABen balorazioa Eusko Jaurlaritzaren enplegu planari buruz

LABen ustez Eusko Jaularitzak argazkia bilatu nahi izan du enplegu plan berriaren aurkezpenarekin, eta horrela ulertzen dira PNV eta PSEko buruzagiek egindako bilera hilaren 27an eta atzo Lehendakariak eta sailburuek egindako aurkezpena.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Eusko Jaularitzak prestatu duen “Enplegu eta Indarberritze Ekonomikoaren Programa Markoa” aurkeztu du gaur; 3 urtetako iraupena eta 6.475 milioi eurotako diru kopurua izango du.

Programa Marko hau sozialista eta jeltzaleek irailean sinatutako akordioaren ondorio zuzena da, hiru aldundietan indarrean dagoen paktu fiskalaren ondoren.

Gure ustez Eusko Jaularitzak argazkia bilatu nahi izan du, eta horrela ulertzen dira atzo azken orduan PNV eta PSEko buruzagiek egindako bilera eta gaur Lehendakariak eta sailburuek egindako aurkezpena.

Langabeziaren arazo larriari aurre egiteko helburuarekin neurriak hartzea, printzipioz, beharrezkoa da. Baina kaltegarria izan daiteke espektatiba faltsuak sortzen badira, ezin da kea saldu posizio politikoa hartzeko helburuarekin.

Ezin da aurkeztu hau akordio handi bat bailitzan, ezin da jendea modu honetan engainatu. Komunikabideetan lerroburuak sortzeko pentsatua dago: “32.000 lanpostu sortuko dira”. Gaur egun EAEn 158.400 langabetu daudenean, lan merkatua desregulatzen ari denean, lan egiteak soldata duina ziurtatzen ez duenean, arazo larria konponduko ez duen partxe txiki bat besterik ez da.

Proiektu hau prestatzerakoan sindikatuekin (LABekin ez behintzat) ez da harremanik mantendu. Beste behin ere langileei bizkar eman zaie, eta gaur egun dagoen langabezia maila ikusirik, akordio handi bat beharrezko izango litzatekela uste dugu.

Gure ustez iniziatibek sakonagoak izan behar dute eta arazoari irtenbide osoa eman behar diote, edo behintzat, bidea egiten hasteko oinarriak jarri. Lan harremanen eredu berri bat sortu behar da. Bide horretan beharrezkoak dira erakundeen konpromezu eta iniziatibak eta hori izan da gaur LAB sindikatuaren ekimenez Gasteizko Parlamentuan burutu diren bileren helburua.

Akordioan oinarrituko den eredua izan behar du, eta ez aldebakartasunean eta inposaketan; aukera berdintasunez enplegua eta soldata duinak ziurtatuko dituen eredua eta negoziazio kolektiboak funtsezko zutabea izan behar duen eredua.

Eta eredu hori bilatzerakoan, Madrildik aplikatzen zaizkigun erreforma eta murrizketak alde batetara utzi behar dira, eta bide propioa egin, lan munduko erabateko ahalmen legegileruntz pausuak emanaz.

 

LAB sarean
{module[111]}


 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...