2026-03-14
HomeEkintza SindikalaLABen 2024/2025 ikasturtean: borroka sindikal aktiboa, zerbitzu publikoen kalitatea lan baldintzen hobekuntzekin...

LABen 2024/2025 ikasturtean: borroka sindikal aktiboa, zerbitzu publikoen kalitatea lan baldintzen hobekuntzekin uztartuz eta sektore feminizatuen protagonismo nabarmenarekin

LABek 204 borroka aktibatu ditu eta horietatik 75 gatazkatan greba baliatu du

LAB sindikatuak 2024/2025 ikasturtean egindako lanaren balantzea aurkeztu du, eta datuek argi uzten dute langile borrokak bizirik eta indartsu jarraitzen duela Euskal Herrian. Guztira 204 gatazka aktibatu dira, eta horietatik 75etan greba izan da mobilizazio tresna. Gatazken %61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz, eta %31k patronalaren edo administrazioaren aldetik etorritako eskubide murrizketei aurre egitea.

Sektore publikoan izan dira borrokarik indartsuenak, eta horrek bi arrazoi nagusi ditu: langileek lan eskubideak zerbitzu publikoen kalitatearen borrokarekin uztartu izana, eta administrazio publikoak negoziatzeko jarrera itxia izanki, gatazkak denboran luzatu egiten direla. Aipatu eremuan gauzatutako borroken %74k zerbitzu publikoen defentsa eta negoziazio kolektiboa izan dute ardatz. Emakumeek* izan duten protagonismoa azpimarragarria da: eremu publikoko gatazken %43 sektore feminizatuetan izan dira.

Industrian, borroken %55 patronalaren erasoen aurkakoak izan dira —batez ere kaleratze eta itxierak— eta %40 hitzarmenaren negoziazio edo lan baldintzen hobekuntzarekin lotuta. Zerbitzu pribatuan, aldiz, negoziazio kolektiboak (%62) izan du protagonismo nagusia.

Lurraldeka, gatazka gehien Bizkaian aktibatu diren arren, proportzioan Araban egon da langileriaren mobilizazio handiena.

Dinamika nagusia soldata propioaren alde

Ikasturteko borroka estrategiko nagusien artean, gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika nabarmendu behar da. Borroka horrek soldata arrakalak murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoago baterako tresna estrategikoa izan nahi du. LABek, gainerako sindikatuekin batera, bi bide jorratzen ditu: lanbidearteko akordioa egungo eskumenen baitan eta herri ekimen legegilearen bidez eskumen berriak eskuratzea.

LABek zerbitzu publikoen defentsan parte-hartze aktiboa izan du: osasungintzan, osasun publikoaren aldeko plataformekin batera mobilizatzen eta osasun mahaian ituna baldintzatu nahian; hezkuntzan, zerbitzua eta baliabideen hobekuntzaren alde borroka indartsuetan aritu gara, akordio onak eskuratuz, nahiz eta akordio horiek %100ean betetzeko Jaurlaritzaren borondate salatu dugun; eta zaintzan, langileen izaera publikoaren aitortza exijituz. Gainera, etxebizitza eskubidea ere gure ekintza sindikalean txertatzen ari gara.

Industria sektorean, enplegu galera larriak izan dira, eta horrek trantsizio ekosozial justu baterako beharra are ageriago utzi du. LABen apustua industria bizia, bidezkoa eta jasangarria izatea da, langileekin eta langileentzat. 

Sektore feminizatuetan eta zaintzan, gatazkak proportzio altuagoan daude irekita oraindik, eta horrek agerian uzten du patronalak eta administrazioak emakumeen* lanari ematen dioten balio eskasa.

Azkenik, langileek borrokarako prestutasuna erakutsi dute arlo askotan: zaintza sistema publiko komunitarioaren alde, lan osasunaren defentsan, euskararen aldeko borrokan, eta lan harremanen euskal esparruaren eraikuntzan.

LABek hurrengo ikasturtean ere lanean jarraituko du, Euskal Herriko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak borrokatzen, kontrabotere sindikalismoa, sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialista egiten. 

Informea, osorik, hemen:

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan ELA, LAB,...