2026-03-04
HomeEkintza SindikalaLABek salatzen du euskara kaltetzeko eta administrazioaren euskalduntzea gelditzeko azpijokoa dagoela Errenteriako...

LABek salatzen du euskara kaltetzeko eta administrazioaren euskalduntzea gelditzeko azpijokoa dagoela Errenteriako Udalaren 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoaren kontrako helegitean

Euskarak berme legalak behar ditu, eta LABek Eusko Legebiltzarra interpelatzen du, bide horretan, erabaki eraginkorrak hartu ditzan.

Atzo jakin genuen Erreteriako Udalak 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoa behin behinean bertan behera uzteko hartutako erabakia. LAB sindikatuak prozesuaren inguruan egin duen jarraipenak eta informazioak erakusten du egoera larri baten aurrean gaudela. Izan ere, baieztatu daiteke euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzadan egindako ekimen planifikatu bat gehiago dela.

Lanpostu publikoa duen eta Errenteriako LEPean interesik ez duen langile bat (ez da azterketara aurkeztu ere) Errenteriako Udaleko Lan Eskaintza Publiko batez baliatu da LEP horren kontrako helegitea aurkezteko. LABek oso larritzat jotzen du kasu hau, erakusten baitu eremu euskarafoboak edozein egoera baliatu nahi duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioetan euskararen normalizazioan atzera egiteko eta, juridikoki, egoera gero eta gehiago okertzeko. Ez da kasualitatea bide honek CCOO elikatzen ari den bidearekin bat egitea, administrazioaren euskalduntzea oztopatzeko helburua partekatzen dutelako. LABen iritziz, helburu bera izateaz gain, estrategia eta plangintza partekatua ere badago azpijokoa aurrera eramateko.

Helegitearen bidez, Errenteriako Udaleko langileek euskararen normalizazioarekin eta Lan Eskaintza Publikoarekin ez daukaten arazo bat, era planifikatuan, arazo bilakatu nahi da, azpikojo zikina erabiliz, bitarteko langileen egoera finkatzeko tresnen kontra eginez eta euskararen normalizazioaren zein langileen kontra arituz. Onartezina den egoera sortzen ari dira.

Hori dela eta, LABek Errenteriako Udalari eskatzen dio, helegiteari errekurtsoa jartzeaz gain, etorkizunera begira 25 lanpostu horien hizkuntza eskakizunari eusteko.

Bide beretik, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du LABek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Euskal Enplegu Publikoaren lege moldaketan euskarari berme legalak emango dizkion erabakiak hartzea, administrazioan euskararen normalizazioak aurrera egin dezan. Euskara gaztelaniaren pare jartzeko exijitzen du LABek, ez besterik. Hortaz, LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion eta euskarari gaztelaniaren pareko eskubideak aitortzeko proposamenarekin bat egin dezan; EH Bilduk egin duen lege proposamenarekin, alegia.

Bi hizkuntzak ofizialak diren heinean, LABek exijitzen du euskara gazteleraren maila berean kokatzeko eta administrazio osoko lanpostu guztiei sarbidean hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzeko. Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat EH Bilduk proposaturiko geroratze-indizearekin bat egiten du LABek, eta lanean ari diren langileak euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatzen ditu, beste hainbat neurriren artean. Hau da, orain dagoen ikuspegia iraultzeko proposamena behar da, administrazio osoa euskalduna izateko, hortik beherako salbuespenak eta luzapenak baloratuz. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Akordioa lortu dugu OTISen

Atzo arratsaldean, Langileen Asanbladak Langile Batzordeak lorturiko aurreakordioa bozkatu eta aho batez baiezkoa eman zion. Azken asteetako borroka eta negoziaketa luzeen ostean, denen indarrari...
00:02:52

1.300 ordezkari mobilizatu ditu LABek Martxoaren 3an

Langileen memoria eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoak aldaketak eragiteko duen gaitasuna azpimarratu ditu LABek, eta, duela 50 urteko grebetan bezala, bi aste barrukoan ere euskal langileriak aberastasunaren banaketa eta soldata duinak ozen aldarrikatuko dituela gogoratu du.

Gipuzkoako Mendizaleen Federazioko lan hitzarmena berritzea lortu dugu!

2025. urte bukaeran erori zen Gipuzkoako Mendizaleen Federazioko hitzarmena berritu dugu hurrengo hiru urteetarako. Hitzarmen berri honen iraunaldian zehar 60 lan ordu gutxiago egitea adostu...