2025-12-05
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaLABek salatzen du eskola-segregazioaren foroari buruz dakien apurra prentsaren bitartez jaso izana...

LABek salatzen du eskola-segregazioaren foroari buruz dakien apurra prentsaren bitartez jaso izana abiapuntu desegokia dela

LABek uste du EAEko gobernuak astelehenean martxan jarriko duen eskola-segregazioari buruzko foroak eragile sozial, politiko eta sindikalekin eraiki beharreko adostasunerako benetako borondatetik baino gehiago duela irudikapenetik. Izan ere, eragile gonbidatuek ez dakigu gaur-gaurkoz zein diren foroaren eta bileraren gai-zerrenda, helburua eta edukiak, metodologia eta parte hartzaileak. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak prentsan egindako adierazpen bidez jakin du LABek dakien apurra. Are gehiago, apirilaren 4an lehen aldiz biltzekoa zen foroa bat-batean bertan behera utzi zuten, inolako azalpenik gabe.

LABek salatzen du abiapuntu hau ez dela batere egokia, eta adostasunak eraikitzetik urrun dagoela; agerian uzten du Hezkuntza Sailaren seriotasun falta. Ez hori bakarrik, badirudi gobernu honek aurreko ikasturtean Osasun Mahaian izandako jarrera berberarekin hasi nahi duela foro hau. Orduan, LABek adierazi zuen metodologia nahieran moldatu zuela gobernuak, bere interesen arabera arian-arian moldatuz eta lantaldeetan hartutako erabaki batzuk isilaraziz, osasun sistema publikoaren pribatizazioarekin jarraitzeko erabakiak inposatzeko.

Urteak dira LAB sindikatua segregazioaren gaia lantzen ari dela, estrategikotzat duen lehentasun gisa aitortzearekin batera, proposamen propioak eginez eta mobilizazio zein greba dinamiken bidez lehen lerroan jarriz. Ez dezagun ahaztu, EAEko Hezkuntza Legearen testuinguruan, euskal gehiengo sindikalak hezkuntza sistema eraldatzeko egin zituen Publikoa, Propio eta Euskalduna greben bidez, aldarrikatu zuela langileokin negoziatu eta adostu behar zirela eskola segregazioari aurre egin eta hezkuntza sistema publiko bakar eta propioa sortzeko bestelako erabaki batzuk har zitezen araubideak.

Ordutik, EAJ-PSEren gobernuak, segregazioari aurre egiteko sindikatuokin zein beste hezkuntzako eragile sozial batzuekin foroa sortzetik urrun, soilik gobernuko alderdien babesa izan zuen hezkuntza legea onartu zuen, ituntze agindua eta planifikazio dekretua nahieran aldatu zituen eta ikasleen onarpen aginduan moldaketak egin zituen aurreko ikasturtean, itunpeko ikastetxeen mesedetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu eta herri populatuenetan Zaurgarritasun-Indizea gora egiten ari den honetan —familien egoera sozioekonomikoa gero eta prekarioagoa delako eta migrazio-fluxua gero eta handiagoa delako—, Hezkuntza Sailak aldaketa normatiboak egin ditu ikasle horiekin harremanik izan nahi ez duten familien pribilegioak eta itunpeko ikastetxe jakin batzuen interesak babesteko. Alta, itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzeak indarrean dirau, Sailak oraingoz ez ditu ikastetxe guztietako auditoretzak egin, ez du doakotasuna ezarri eta diru publikoaren truke ikastetxe guztiek bete behar dituzten betebeharrak ez ditu ezarri.

LABek segregazioari aurre egiteko itun sozial baten beharra planteatu izan du, baina ez 50 parte hartzaile eta Osasun Mahaiaren metodologia berarekin seriotasunik gabe hasiko den foro baten argazki bat ateratzeko. Hortaz, deialdiarekin kritikoak bagara ere, lehen bilera horretan parte hartuko dugu, eta, ondoren, bertan jarraitu edo ez baloratuko dugu. Horrekin batera, eskola segregazioari aurre egiteko eta hezkuntza sistema publiko bakar, berri eta propioaren norabidean sakontzeko dinamika sindikala martxan jartzea izango da LABen apustua; sare publikoa hedatu eta hezkuntza sistemaren antolaketa duala borrokatzeko, euskararen murgiltze ereduan eta Euskal Curriculumean oinarrituko den hezkuntza propioa edo burujabean sakontzeko eta arrazakeria zein klasismoaren oldarraldiari aurre egiteko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...