2025-12-05
HomeEkintza SozialaLABek salatzen du EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten neurriek etxebizitzen...

LABek salatzen du EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten neurriek etxebizitzen prezioak are gehiago igotzea ekarriko dutela

Egiturazko aldaketak eta premiazko neurriak behar direla esanda, porrot egindako politiketan sakontzeko neurriak aurkeztu dituzte Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek. Neurriok higiezinen patronalaren etekinak handitzea dute helburu, eraikuntza ziklo berri bati hasiera ematea eta merkatuaren prezioak are gehiago igoko dituzten erabakiei bide ematea. LABek, premiazko neurri bezala, alokairu sozialaren aldeko politika errealak eta prezioak jaisteko neurri eraginkorrak aldarrikatzen ditu aurkeztu berri duen lege proposamenaren azterketa txostenean.

Etxebizitza larrialdi betean, neurri integral eta premiazkoak behar direla argudiatuta, EAJk ta PSEk lege proposamena aurkeztuko dute ekainaren 26ko Legebiltzarreko plenoan. Arazoa ukatzetik onartzera igaro badira ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek aurkeztutakoa orain arteko norabidean sakontzeko neurri sorta da.

LABek proposamenak aztertu eta txosten batean jaso ditu ondorio nagusiak. Bi ideia nagusi azpimarratzen ditu sindikatuak: batetik, neurriokin eraikuntza ziklo berri bati ekin nahi zaiola, betiere, etxebizitzaren negoziotik elikatzen direnen etekinak bermatu eta areagotzeko helburua jarrita. Horri erantzuten diote Lurzoru Legean proposaturiko babestutako etxebizitzen kopurua jaisteko proposamenak edota hainbat prozedura azkartzeko egindako hamaika aldaketak.

Etxebizitzen prezioa goranzko joera etengabean dagoenean etxeak eraikitzea ez dela errentagarria diote. Baina galdera da zenbateko errentagarritasuna bermatu nahi zaien dagoeneko etekin izugarriak metatzen dituzten horiei.

Bestetik, LABen iritziz, eraikuntza ziklo berri honek prezioetan eragina izango badu, goranzko joera areagotzeko izango da. Merkatu librean salduko diren etxe berri horiek noren esku geratuko dira, egun etxebizitzarekin negozioa egitea ekonomia produktiboan inbertitzea baino errentagarriagoa bada?

Norabide horretan, LABek salatzen du aurkeztutako txostenean Jaurlaritza 2015eko Etxebizitza Legea urratzen ari dela. Izan ere, neurri hauekin batera, Finantza Euskal Institutuaren bidez erosketa sustatzeko abalen lerro berria iragarri du, eta, baliabide publikoak alokairura edota birgaitzera bideratu beharrean, banketxeei dirua emateko erabakia hartu.

LABek EAJri eta PSEri lege proposamena bertan behera utzi dezaten eta premiazko neurrietan egiturazko politika eraginkorrak eta errealak ezar ditzaten eskatzen die, aurrekontua handituz, alokairu soziala lehenetsiz, prezioak jaitsiz, negozioa mugatzeko erabakiak hartuz eta maizterren eskubideak defendatzeko konpromisoa hartuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...