2026-02-02
HomeEkintza SindikalaOndarroan arrantzale bat hilik agertu da eta administrazioak ez du dagokion erantzukizuna...

Ondarroan arrantzale bat hilik agertu da eta administrazioak ez du dagokion erantzukizuna bere gain hartu nahi

66 urteko gizonezkoa Euskal Herrian lan istripuz zendutako 47. langilea da, eta itsasotik lehorrerako sartu-irten batean uretara erori da. Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dute lan-heriotzatzat jo gertatutakoa, behargina atseden egunetan zegoela argudiatuta.

LABek samina eta elkartasuna adierazi die senide, lagun eta lankideei. Lekukoek sindikatuari adierazi diotenez, Galizako Corvo itsasontziak hainbat egun zeramatzan Ondarroako portuan. Itsasontzia atrakatuta zegoelarik, arrantzaleak bertan bizitzen egon dira beraien atseden egunetan eta 66 urteko arrantzalea, itsasontzitik lehorrera atera eta sartze horietako batean uretara erori da. Hainbat ordu beranduago bere hilotza topatu dute uretan.

LABek denbora darama arrantzaleen bizi eta lan baldintza prekarioak salatu eta hauek duintzeko borrokatzen. Arrantza jardunaren ezaugarriak tarteko, arrantzaleak behartuta daude porturatutako herrian atseden denboran bizitzeko lekua topatzera. Baina baliabide eta laguntza mugatuak dituzte horretarako eta, gehienetan, atseden tartean ere, itsasontzian gelditzen dira. Ondarroaren kasuan, badago Itsastarren Etxea, baina egunotan jakin dugunez, zerbitzu hau kendu eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezarriko du bertan Bizkaiko Aldundiak. LABek ohar bidez adierazi duen moduan, Inoren Kargura Ez Dauden Adingabeen zentroa ezartzeko zerbitzua beharrezko ikusten du, are gehiago Bizkaiko sarea gainezka dagoela eta egungo baliabideekin kalitatezko zerbitzua ematea oso nekeza dela aintzat hartuta, baina plangintza integral baten bidez egin beharko litzateke, ez inprobisazioz eta pribatizazioen bidez.

Zoritxarrez, ohikoak dira itsasontzitik porturako sartu-irtenetan gertatzen diren istripuak, eta sinestezina bada ere, oraindik ez dira existitzen arrantzaleen bizitzak babesteko beharrezkoak diren pasarelak eta segurtasun neurriak. Lehorreko azpiegiturak berriztu eta egokitzen diren bezala, kasu honetan, Ondarroan, orain gutxi, nahitaezkoa da itsasontzietan ere lan segurtasunari lotutako egokitzapenak lehenbailehen egitea. Heriotza honek argi uzten du Portu Agintaritzak neurriak hartu behar lituzkeela.

Egoera hau izanik, ez Osalanek ez Lan Ikuskaritzak ez dute lan istriputzat hartu, eta horrela adierazi diote LABi. Bere lanaren baldintzak behartuta itsasontzian bizi diren arrantzaleek pairatzen dituzten istripuak baldintza horiek eragindakoak dira. Ez dago inolako zalantzarik, beraz: lanak eragindako istripuak saihesteko neurriak hartu behar dituzte patronalak eta administrazioak, arestian aipatutako terminoetan.

Sektorearen baldintza prekarioak iraultzea da neurri prebentibo garrantzitsuena eta, bide batez, administrazioak ez dezala bere ardura saihestu heriotza hauek lanetik kanpo kokatuz, honela ez baitira sekula ekidingo.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...