2026-05-02
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLABek Rafa Diez eta Arnaldo Otegi askatzeko eskatuz egingo den manifestazioan parte...

LABek Rafa Diez eta Arnaldo Otegi askatzeko eskatuz egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du

LAB: “Bateragune auziko bost kideei sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkie”

Sei urte pasatu dira, 2009ko urriaren 13an, LAB sindikatuaren Donostiako egoitzatik Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez atxilo eraman zituztenetik. LABek, urriaren 17an, Donostian, Rafa Diez eta Arnaldo Otegi askatzeko eskatuz egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. 

Igande honetan, kondena oso osorik beteta, askatasuna berreskuratu dute Arkaitz, Sonia eta Mirenek. Ezer baino lehen gure ongi etorria eta besarkadarik beroena helarazi nahi diegu hirurei. Momentu hauetan, bereziki gogoan ditugu oraindik preso diren Rafa Diez eta Arnaldo Otegi eta lehen egunean egin bezala haien askatasuna exijitzen dugu.

Sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkie, zer eta haien delitu bakarra izan denean Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea.
Ez orduan, ez orain, Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Denbora izan da testigu, ordea, eta Estatuaren blokeo politikak porrot egin du, ez du lortu Herri honek konponbidearekiko duen apustua geldiaraztea, ezta Ezker Abertzalearen estrategia politikoa zapuztea ere. Alderantziz, gatazkaren arrazoiak eta ondorioak gainditzeko herri honen determinazioa sendotu egin da.
Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Gaur, 6 urte geroago, bereziki gogoan dugu Rafa Diez, gure idazkari nagusi ohiak egindako ekarpena, langile zapalkuntza gainditzeko proiektu politiko berri baten bidean.

Sindikatu independentista gara, hark ereindako haziak sindikatuan bizi-bizirik diraute. Euskal gatazka politikoaren superaziorako konpromisoan berresten gara eta herri honek behar duen konponbide demokratikorako baldintzen alde lanean jarraitzen dugu.

Bake eta gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko askatu beharreko korapilo ugari geratzen da oraindik: Bateragune auziarekin amaitzea, martxan diren auzi politiko guztiak bertan behera geratzea eta presoen afera konpontzeko guztiak etxeratzea. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko.

LABetik ere, datorren larunbatean, Donostiako kaleetan Rafa Diezen eta Arnaldo Otegiren askatasuna eskatuko dugu. Ingerentzia politiko guztien gainetik, herri honek bere bidea egin dezan, mobilizatzera dei egiten diegu langile guztiei ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...