2026-10-07
HomeEkintza SindikalaLABek planto egiten dio ORPRICCEri erreformari aurre egiteko

LABek planto egiten dio ORPRICCEri erreformari aurre egiteko

Sortu da Orpricce, patronalari hitzarmenak ez betetzeko aukera ematen dion organoa, patronalari derrigorrezko arbitrajea oparitzen diona, erreforma ontzat ematen duen organoa. Orpricceren sorrerarekin, Gasteizko Gobernuak hitzarmenak ez betetzeko aukera guztiak eskura ipini dizkio patronalari.

LABek, publikoki adierazi bezala, Orpriccen parte ez hartzea erabaki du, bertan ezinezkoa delako langileen interesak defendatzea: ezein enpresak alde bakarrez deskuelgerako hartzen duen erabakia organu horretara iristen denean, bai ala bai aurrera aterako da. Alegia, Orpriccen parte hartzen duten sindikatuek ezin izango dute oztopatu, enpresaren erabakiak atzera botatzeko inolako aukerarik ez baita izango.

Orpricceren aurrean LABek duen jarrera beste sindikatuekin ere konpartitu dugu. Izendapenak egiteari uko egin eta jarrera bateratu batekin, hasieratik organu hori guztiz baldintzatu genezakeen, eta horretarako gonbitea egin genien.

Baina erantzuna ez da izan nahi genuena, ezta langileek merezi zutena ere. Eusko Jaurlaritzak lan erreforma bere egin eta Orpricce sortu du eta beste sindikatuek ez dute erabaki hori auzitan jarri, babestu egin dute eta zilegitasuna eman, beren parte hartzearekin.

Zer zentzu dauka erreforma ontzat ematen duen eta langileen kontrakoa den organo batean parte hartzeak? Gatazkaren jarraipena hasieratik amaierarara egitearena ez da arrazoi nahikoa. LABen ikuspegitik ulertezina eta larria iruditzen zaigu jokaera hau, are larriagoa, konfrontazioa langileok daukagun giltza bakarra dela esan eta Gobernuei nahiz patronalei koberturarik emateko prest ez daudela adierazten duten sindikatuen aldetik datorrenean, ELAk egin duen bezala.

Orpriccek soldata jaitsierei eta kaleratzeei bermea emateko baino ez du balioko. Beraz, aukera paregabea galdu dugu batzuen aldetik hainbestetan aldarrikatzen den konfrontazioa eta benetako plantoa egiteko, era partekatu batean, eta benetan indar eginez, ipar orratz argi batekin.

LABek patronalaren asmoa borrokatzen jarraituko du eta patronalak hitzarmenak ez betetzeko erabakia hartzen duen guztietan, ez gaituzte izango Orpriccen jezarrita, baizik eta enpresa horietan aurreaz aurre, borrokan, langileen eskubideen alde.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman digu berriz ere eta baliogabetu egin du Toquero Tuterako alkateak ezarritako hilabeteko zigorra

Auzitegiak sindikatuaren historiari buruzko erakusketaren itxiera legez kanpokotzat jo zuen jada maiatzean, eta orain indarrik gabe utzi du udal ekipamenduak erabiltzeko debekua ere. Nafarroako Administrazio...

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.