2026-01-31
HomeEkintza SindikalaLABek ongi etorria ematen dio EH Bilduk Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko...

LABek ongi etorria ematen dio EH Bilduk Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren legea erreformatzeko aurkeztu duen proposamenari, lege-babes egokia ezinbestekoa delako

Hizkuntz eskakizunak berrezartzeko eta eskubideak bermatzeko neurriak hartu ezean, datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatzeari ekingo dio LABek.

Administrazioa euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizial betean garen honetan, asteon, agenda politikoa markatu duten iragarpenen berri izan dugu. LABetik argi dugu lege-babes egokia ezinbestekoa dela administrazioan euskararen normalizazio osoa erdiesteko. Euskararen normalizazio-prozesuari segurtasun juridikoa eskaintzeko eta epaitegien etengabeko injerentzien aurrean euste-horma osatzeko legedia aldatzea eskatzen dugu LABetik, eta zentzu horretan, ongi-etorria ematen diogu Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EHBilduk egin duen proposamenari.

Euskararen normalizazioak behar duen jauziaren terminoak aspaldi ezarriak ditugu euskalgintzak eta eragile euskaltzaleok: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea ahalik eta epe laburrenean; erabilera erosorako espazioak hedatu eta babestea; administrazioaren euskalduntzea azkartzea, besteak beste langile publiko berri guztiak euskaldunak hartuz; lan mundua euskalduntzeko borondatezkotasunetik derrigorrezkotasuna ezarriko duen araugintzara jauzi eginez; eta, gainontzeko eremu sozialen euskalduntzea azkartzeko neurri zehatzak hartuz ere. Eta hau guztia ahalbidetu, neurriak eskaini eta legez babesteko hizkuntza-politika berria indarrean jarri, eta, euskara lege berria onartzea ezinbestekoa da.

Euskara kohesio sozialerako tresna izan dadin sustatu eta bitartekoak jarri behar dira. Eremu batzuetatik egiten ari diren moduan, hizkuntza eskubideak vs lan eskubideak dikotomia elikatzeak kohesio soziala erasotu egiten du.

Euskaraz lan egin eta bizi ahal izatea oinarrizko eskubidea da. Zentzu horretan, euskal langileok eskubide hori egikaritzeko lehendik genituen trabak areagotu egin ditu oldarraldi judizialak. Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko epe ertain eta luzeko estrategiekin batera, premiaz, epe motzeko neurri eta erabakiak behar ditugu. Egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu, zentzu horretan, EHBilduren eskutik etorri den ekimena, euskararen eta gaztelaniaren ezagutzaren gaineko exijentzia parekatuz.

Hori horrela izanik, hizkuntz eskakizunak berrezartzeko eta eskubideak bermatzeko behar diren neurriak har daitezela eskatzen dugu LABetik eta dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, adierazpen orokorretatik ekintza zehatzetara pasatu dadin. Horrela ez bada, datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatzeari ekingo dio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...