2025-12-05
HomeEkintza SozialaLABek iruzur fiskalaren aurkako 2025-2027 Planak fortuna handietan eta kontratu publikoak dituzten...

LABek iruzur fiskalaren aurkako 2025-2027 Planak fortuna handietan eta kontratu publikoak dituzten enpresetan lupa jartzea eskatu du

2025eko irailaren 1ean, Nafarroako Foru Ogasunak 2024ko Zerga Kontrolerako Planaren emaitzak aurkeztu zizkion Zerga Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurka Borrokatzeko Batzordeari, bai eta aste honetan zabaldu den 2025-2027 Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Plana ere. Bilera horretan, LAB sindikatuak kritikatu zuen batzordean parte hartzen duten eragileek ez dutela aukerarik izan planaren konfigurazioari ekarpenak egiteko. Era berean, Nafarroako zerga ikuskaritzara bideratutako giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzeko beharra azpimarratu zuen LABek.

Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurkako Batzordeak arazo berberak ditu abian jarri zenetik, eta Nafarroako Gobernuak ez dio erremediorik jarri: nekez biltzen den batzordea da, eta ez du inolako misiorik parte hartzen duten eragileentzat. Hala, ezinezkoa da datuen jarraipen hurbila egitea, ekintza berriak eskatzea eta iruzur fiskalari aurre egiteko planen lanketan esku hartzea.

2025-2027 Iruzur Fiskalaren Aurkako Borrokaren Plana argitaratu ondoren, LAB sindikatuak berretsi egin ditu azken urteotan etengabe errepikatu dituen ekarpenak eta eskakizunak. Horrela, iruzurraren aurka borrokatzeko tresna nagusia den plan berriak, gaur Nafarroako Gobernuak aurkeztutakoak, helburu izan behar du enpresarien jardunbide txarrak uxatzea; alegia, kontratu publikoak dituzten enpresen zein dirutza handien ustelkeria eta iruzurra azaleratzea. Gogoratu behar da ustelkeria kasu orok enpresaburu bat inplikatzen duela beti. Hala, eraginkortasun eta justizia fiskal irizpideak aplikatuz, beharrezkoa da arreta-gunea birbideratzea eta iruzurra gehien kontzentratzen den lekuetan ikertzeko eta jazartzeko ahaleginak egitea.

Horrekin bat etorriz, LAB sindikatuak exijitzen du 2025-2027 aldirako Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Planak bere jardueren artean Sozietateen gaineko Zergaren zerga-iruzurraren azterketa jasotzea. Era berean, Nafarroako Ogasunari giza baliabideak eta baliabide teknikoak eman diezazkiola, iruzur-poltsa handietan ikerketa-jarduerak indartzeko.

Nafarroako Ogasunak berak aitortzen du plantillaren tamaina Nafarroan beste herrialde batzuetan baino txikiagoa dela. Plantillaren tamainari dagokionez, 2022an 1.833 biztanle zeuden Espainiako Zerga Agentzian lan egiten zuen pertsona bakoitzeko; Nafarroan, berriz, 2.025 biztanle zeuden Foru Ogasunean lan egiten zuen pertsona bakoitzeko.

Ildo horretan, LAB sindikatuarentzat ez da nahikoa giza baliabideak 15 bat pertsonatan bakarrik zabaltzea. Beharrezkoa da langileen talentua eta gaitasuna handitzea, eta haien lana aintzat hartzea. Horrela, Nafarroako Gobernuak sindikatuaren alegazioei erantzun behar die eta produktibitatea osatzeko proiektu egoki bat aurkeztu eta Nafarroako Ogasunean dagoen lan gatazkari irtenbidea eman.

Inbertitutako euro bakoitzeko, Foru Ogasunak ia 5 euro berreskuratzen ditu (zehazki, 4,9 euro) zerga-iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jarduketen bidez. Beraz, ahaleginak merezi du eta hobetzeko tartea dago.

Azkenik, heziketa zibiko-tributarioa beharrezkoa da eskuinaren eta ultra-eskuinaren diskurtsoaren aurrean. Diskurtso horrek zergak deabrutzea bilatzen du, berdintasunari eta zerbitzu publikoei eraso egiteko. Baina heziketa horrek jarrera proaktiboagoa eskatzen du, eta enpresaburuek ustelkeriaren eta iruzur fiskalaren kasuetan duten portaera onartezina jaso behar du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...