2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLABek gogor salatzen du EAJren eta PSEren jarrera antidemokatikoa

LABek gogor salatzen du EAJren eta PSEren jarrera antidemokatikoa

Gaur Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa eskandalu antidemokratikoa da. EAJk eta PSEk 145.000 sinadura jaso dituen Herri Ekimen Legegilearen inguruan eztabaidatzeari uko egin izana langileon aurkako erabakitzat jotzen du LABek. 

Marketing kanpainen bidez, Urkullu lehendakariaren formak eta garaiak atzean utzi nahi dituen gobernu gisa aurkeztu du bere burua Pradalesen gobernuak. LABek hainbatetan salatu izan du, ordea, formetan itxura berrituta ere, sakonean orain arteko politika neoliberal berdinak aplikatzen jarraitu dutela. Alta, gaurkoan Jaurlaritzak bere jarrera autoritarioa estaltzeko imintziorik gabe, herritarrei funtsezkoa den eztabaida soziala lapurtu die.

Irail hasieran, oinarri sendorik gabeko txosten tekniko-politiko batekin euskal jendarteak modu zabalean sustatuko eztabaida zakarrontzira bota nahi izan dute; argudiorik eman gabe, aurpegia eman gabe, haien jarrera publikoki azaldu gabe, modu lotsagabean. 

Gaurkoan, LABek hiru ideia nabarmendu nahi ditu.

Lehena: iruzur demokratikoa. Hau da, Jaularitzaren gobernantza eredua, herritarrei gobernu honek eskaintzen dien parte hartzea eta politika egiteko tartea. Oldarraldi erreakzionario betean, jarrera autoritario hauek politika insituzionalaren erabilgarritasuna eta atxikimendua lausotzen dute, eta eskuin muturraren balioak elikatzen dituzte. 

Ehunka plazatan milaka sinadura bildu dituzte Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Herritar gisa, lege berri bat proposatzeko bidea egin dute. Ez da nolanahikoa ahalegina, ez baita erraza. Oztopo guztiak gainditu eta baldintza guztiak bete ondoren, ordea, oraindik ere modu publikoan kontsultatu ezin daitekeen txosten labur, eta eznahiko baten bidez eztabaidatzeari uko egin diote Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak gidatutako alderdiek. 

Bigarrena: gutxieneko pentsioak osagarritu behar dira, milaka direlako bizi duina izateko eskubidea ukatua duten pertsonak. Eusko Jaularitzak etengabe murriztu duen DSBEarekin osagarritzen ditu egun pentsio gutxi batzuk. Prestazio hori jasotzen duen talderik handiena da pentsiodunena, eta, hala ere, 15.000 dira osagarria jasotzen dutenak, baldintzak betetzen dituztenen %7. Aldiz, haien pentsioa gutxieneko soldataren azpitik duten 100.000 pertsona bizi dira EAEn; gehienak, emakumeak eta haien ezkonkidearen diru sarrerekiko menpekoak direnak. Hau da EAJrentzat eta PSErentzat funtzionatzen duen eredua, eta eskaintzen duena. Hau da sozialki porrot egin duena eta parlamentura modu zabalean eztabaidatu eta eraldatzeko eskaria eragin duena. 

Hirugarrena: egungo eskumenekin pentsio sistema osagarri duinagoa eratu daiteke., baina egungo eskumenak eta kontzertu ekonomikoa patronalaren mesederako diren zerga politika eta politika ekonomikoak egiteko baliatzen ditu Jaurlaritzak. Deigarria da politikari abertzale batzuek Eusko Legebiltzarreko teknikariek baino interpretazio murritzagoa egin izana autogobernuari buruz. Edozein kasutan, autogobernu maila handiagoa izateko estatus politikoaren eztabaida zabalik dagoenean, eskumenena ezin da izan HELaren tramitazioa eragozteko arrazoia. Alderantziz, pentsio sistema propioa eratzeko eskumenak zabaltzeko aukera jarri beharko litzateke eztabaida politikoaren erdigunean.

LABek gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko borrokan tinko jarraituko du. Jaurlaritzak langileen aurka hartutako erabakia aldatu eta pentsioak osagarritzeko bidea ireki dezala presio egiten jarraituko du. Zalantzarik gabe, babes sozial eredu berri, zabalago eta propioaren bidean urrats esanguratsuak emateko unea heldu da, eta estatus berria eztabaidagai dagoen honetan, ezinbestekoa izango da hain modu argian adierazitako herri borondateari bide ematea. 

Amaitzeko, EHPMaren lan nekaezin eta eredugarria txalotu eta zoriondu nahi du LABek. Zazpi urteetako borrokak eman ditu bere fruituak, eta oraingoan bidea itxi nahi badute ere, aldarrikapen justuak garaile aterako dira. Mezu bat bidali nahi dio LABek mugimenduari: “Ez etsi, zuekin gaude. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde jarrai dezagun borrokan. Pentsiodunak aurrera!” 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...