2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak...

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.

Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) jasotzaileen ustezko erabilera desegokia salatzeko ezarritako postontziaren inguruko ohartarazpena egiteko baliatu du: prekaritatea jomugan jartzen du, pertsona zaurgarrienak kriminalizatuz.

LABek bere X. Biltzar Nagusian hartu zuen lantokietan eta kaleetan egiten genituen borrokak eremu instituzionalera ere eramateko erabakia. Instituzioetako parte hartze espazioetan gure lekua hartzen ari gara pausoz pauso, eta gaur Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartzeko urratsak logika eta erabaki horri erantzuten dio.

Administrazio Kontseilura Lanbideren ekinbidearen inguruko irakurketa kritikoa eramateaz gain, bi helburu
nagusi izango ditu LABen parte hartzeak:

Batetik, kontuan izan behar dugu Lanbideren izaera juridikoa aldatuko dela datozen hilabeteetan, Euskal Enplegu Legean ezarrita dagoen bezala. Erakunde autonomo izatetik Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa izatera pasako da, pribatizazioari atea irekitzeko aukera zabalduz eta egungo langileen egoeran ondorio negatiboak utziz. LABek beraz, Administrazio Kontseiluko bere parte hartzea erabiliko du izaera juridikoaren aldaketa horrek ekar ditzakeen atzerapausoak kontrolatzeko eta era berean proposamenak egiteko.

Bestetik, langileriarentzat garrantzia berezia duten gaiak eta iniziatibak eramango ditugu Administrazio Kontseilura: langile kolektibo espezifikoei begirako neurriak, neurri orokorrak edo politika jakinen gaineko irakurketa eta kritikak. Zentzu horretan gaurkoan, Lanbidek DSBEarekin egon daitezkeen iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana salatu nahi izan dugu.

Hasteko, pobrezia bera kriminalizatzen duelako. Datuek beraiek diote DSBE jasotzen duten pertsonen iruzurra oso txikia dela, eta herri honek iruzurrean arazo bat badu, kapital handien eta enpresen iruzur fiskala dela, ingeniaritza fiskal konplexuaren bidez zergak ordaintzea saihestuz. Horrelako neurriek gainera, pobrezia kriminalizatzeaz gain, iritzi publiko bat sortzen ere laguntzen dute, ultraeskuinaren mezu eta markoa legitimatzen duten diskurtsoak, arreta aberastasunaren banaketan eta iruzurgile handietan jarri ordez, prekaritatean eta pobrezian bizi diren langileen gain jarriz. Eusko Jaurlaritzak pobrezia borrokatu beharrean pobreen aurkako gerra bat abiatzea erabaki du, zaurgarritasun egoerak gainditzean baino egoera horiek jo puntuan jarriz. Hori gutxi ez balitz, jendartea salatari bilakatzeko urratsa da, jendartearen artean susmoa etamesfidantza elikatzen duena, zatiketa bultzatzen duena pobreziaren aurrean elkartasun balioak bultzatu ordez. Administrazio publikoak bere prestazioak egoki ordaintzearen bermea jendartearen gain utzi du gainera, bere bitartekoak nahikoa ez bailiran mezua helaraziz.

Horregatik guztiagatik, gaur LABek neurri hori atzera bota dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta zehatzago Mikel Torres Lehendakariorde eta Enplegu sailburuari. LABek aspaldi egin zuen bazterrean kokaturiko langileak bere ekintza soziosindikalaren erdigunean jartzeko hautua, eta horrelako neurriek kontrakoa bultzatzen dute. Bazterrean dauden langileak bazterrera kondenatzen dituzte, bazterketa ekonomiko eta sozialera. LABek langileriaren eskubideen alde borrokatzen jarraituko du, Lanbiden harturiko neurria bezalakoak salatuz eta langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen politika publikoen alde borrokatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...