2026-03-19
HomeEkintza SindikalaLABek gaur goizeko Osasun Mahaiaren bileran berriro ere exijituko du publikotasunaren aldeko...

LABek gaur goizeko Osasun Mahaiaren bileran berriro ere exijituko du publikotasunaren aldeko eta esklusibitatearen inguruko estrategiez hitz egin behar dela

Jaurlaritzak eta Osasun Mahaia kudeatzen ari direnek ezkutatu egin nahi dute orain arte bultzatu duten eredu publiko-pribatuaren eztabaida.

Gaur goizeko 12:00etan Osasun Mahaiaren seigarren bilkura burutuko da eta LABek helburu oso zehatzarekin parte hartuko du bertan, Jaurlaritzak eta Osasun Mahaiaren kudeatzaileek ezkutatu nahi duten Osasun Sistema Publikoaren ereduaren inguruko estrategiaren ildoa irekitzea. Izan ere, Osasun Mahaian etengabe plazaratu badugu ere horretaz eztabaidatu eta etorkizuneko estrategia definitzeko beharra, erabaki dituzten 20 lan-taldeetako batek ere ez dio erantzuten publiko-pribatuaren eztabaidari.

LAB sindikatuak ildo estrategikoen esparrua lantzeko proposamenari egindako ekarpenen artean jasotzen zituen, besteak beste: Osasun Sistema Publikoa indartzeko, pribatizazioa gelditzeko eta publifikazio planak egiteko berariazko ildoaren beharra; Osakidetzaren euskalduntzea; profesionalen garapenari lotuta esklusibitatearen ezarpena edota ratioen legea garatzea; zein Euskal Herriko hiru errealitate administratiboetan ditugun osasun sistema publikoekin egin beharreko lankidetza eta hitzarmenen garapena.

Gure ekarpenetako batzuk pertsonen politika eta gobernantzako estrategietan lantzeko gaiak badira ere, LABetik adierazi nahi dugu gure ekarpenetako bat bera ere ez onartzeaz harago, Osasun Mahaiaren prozesuak berak etengabe gauza bera konstatatzen digula: ez zaio heldu nahi eredu publiko-pribatuaren gaiari eta ez da inondik inora hitz egin nahi publikotasunaren zein fakultatiboen esklusibitatearen inguruan. Langileontzat zein erabiltzaileentzat ezinbesteko ildoak direlakoan gaude, hori izan baita Osakidetza gainbeherara eraman duten arrazoi nagusietako bi; aitzitik, elkarloturik daudenak.

Beraz, Diagnostikoaren dokumentuan bozka partikularraren bitartez adierazi genuenean bezala edota Ikuspegi, Balio eta Printzipioen fasearen dokumentuari ezezko borobila ematean adierazi genuenean bezala, gaurkoan ere ozen esango dugu: nahi eta nahi ez publiko-pribatuaz hitz egin beharra dago! Ezin zaio izkin egin. Osakidetzan ditugun arazoen muina da urteetan zehar eraiki den osasun-sistema eredua, eta horregatik, gaur egun ereduaz bere osotasunean hitz egin ezean bihar-etzi erabakiko diren neurriek epe motzean porrot egingo dute.

LABetik orain arte bezalaxe gogor helduko diogu lan-zentroetan, kaleetan eta Osasun Mahaian Osasun Sistema Publikoa indartzeko borrokari!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.