2026-03-19
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaLABek EUDEL interpelatu du negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko

LABek EUDEL interpelatu du negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko

Udal eta Foru administrazioko langileak 2010etik lan baldintzak negoziatu ezinik daude. Gaur LAB Euskadiko Udalen Elkartean izan da Batzorde Eragileari marko juridikoa baliatuz negoziazioa ukatuko duen ala negoziazioa ahalbidetzeko bidea hartuko duen galdetzera. Sindikatuak, negoziazio eskubidearekiko errespetuz jokatuz, negoziazio mahaia irekitzen badu beste aldean izango dela adierazi dio.

LAB Udal eta Foru Administrazioa – INFO 2014ko Martxoa


LABek NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEA BERRESKURATZEKO EUDEL INTERPELATU DU 

Udal eta Foru administrazioko langileok 2010etik gure lan baldintzak negoziatu ezinik gaude. Instituzioetako arduradunek oinarrizko legeek gure negoziazio esparrua ukatzen dutela esaten digute, alegia, gure esparruan Estatutik datozen murrizketak aplikatu besterik ezin dutela egin.

LABek beti esan, borrokatu eta salatu du marko juridiko-administratibo-politiko honetan ez dugula inolako aukerarik ez gure zerbitzu publikoen sistema propioa geuk erabakitzeko, ezta gure lan baldintzak zein diren berton erabakitzeko: ahalmen legegile erabat burujabea aldarrikatzen dugu horregatik. Baina hau horrela izanik ere, LABen ustez ez da inondik ere onargarria marko juridiko honen defendatzaile sutsuak diren zenbait alderdi eta beraiek zuzentzen dituzten zenbait instituziok, berau aitzakiatzat jartzea gure lan baldintzak ez negoziatzeko.

Aurreko INFOan argi genion errealitate honen aurrean instituzioek bi jokabide azaldu ahal dituztela: marko juridiko honen baitan negoziazioa ukatzea, Gasteiz eta Iruñeako gobernuak egiten ari diren bezala, ala negoziazioa ahalbidetzea. 

Negoziazio ezaren egoera hau ezin da gehiago luzatu, ezin dugu hori onartu. Hala, Euskal Autonomi Erkidegoan EUDELeko (Euskadiko Udalen Elkartea) Batzorde Eragilea interpelatu dugu: galdetu diogu zer egingo duten, marko juridikoa baliatu negoziazioak ukatzeko ala negoziazioa ahalbidetu. LABek negoziazioen aldeko hautua egiteko deia luzatu dio EUDELi, eta hala, negoziazio mahaia ireki dezan eskatu ere. Hauek dira LABek negoziaziorako lehenesten dituen edukiak:

• Eros ahalmena berreskuratzea (azken urteotan zehar langileokiko metatutako zorra kitatu, 2014rako soldata igoera, 2012ko paga berreskuratu).
• Enplegua: azken urteetan enpleguaren eta kontratazioaren suntsiketa ekarri duten neurriak atzera botatzea (ordez-kapenen mugatzea, LEPei betoa altxatzea, jubilatzen diren lanpostuen amortizazioa ez onartzea, lanaldiaren luzatzea…), eta enplegu berria sortzeko neurriak.
• Zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak: zerbitzuak euskalduntzeko eta aukera berdintasuna bermatzeko planak, laneko arriskuen prebentzioari bultzada eman –arrisku psikosozialei ere duten garrantzi osoa emanez–, zerbitzu publikoen definizio eta garapenean langileen iritzia kontuan hartzeko eta langileen parte hartzea bermatzeko neurriak, pribatizazioak ekidin eta errebertsio planak sustatzea…

EUDELek negoziazio eskubidearekiko errespetuz jokatzea erabakiz gero, LAB mahaiaren beste aldean izango du. Hori bai, berriro ere, marko legala aitzakiatzat erabili nahi badu hori ezinezkoa dela esateko, orduan LAB aurrez aurre izango du. 

Nafarroan udal guztietako langileen gutxieneko baldintzak negoziatzeko esparrua Nafar Gobernuaren Mahai Orokorra da. Orain artean LAB esparru honetan negoziatzeko ahaleginak egin ditugun arren, aurrerantzean Nafar Gobernuak duen legitimitate sozial falta nabarmenagatik ez dugu horrelako saiakerarik egingo. Izan ere, guretzat aspaldi ez baita gobernu legitimoa, eta LABetik gobernu honi eskatzen diogun bakarra dimisioa aurkeztu eta herritarroi hitza eman diezagutela delako.

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.