Bizkaiko Foru Aldundiko LAB-GUFEren Atal sindikalak proposamen bat aurkeztu zuen joan den astean Batzar Nagusietan, bi erakundeen Lanpostuen Zerrenda (LPZ) handitzeko eskatuz, Bizkaiko aurrekontu-proiektuan bertan 2026an ezartzen diren langile-hazkundearen aurreikuspenetatik harago. Proposamen honek Aldundiko administrazio-unitate batzuetan eta GUFEko laguntza-zentroetan lanpostuak sortzea ekarriko luke.
Proposamen hori LABen afiliazioak eta foru-plantillaren zati batek helarazi dizkiguten eskaeren emaitza da, eta agerian uzten du zenbait atal, zerbitzu edota zuzendaritzak lanpostu-hornidura handiagoa izateko duten premia larria. Ez bakarrik administrazio-kudeaketa egoki baten ikuspegitik, baita zerbitzu publiko eraginkor, kalitatezko eta Bizkaiko herritarren beharretara egokitutako baten ikuspegitik ere.
Baliabide materialen eta langileen eskasia nabarmena da (eta kasu batzuetan egiturazkoa) gizarte-zerbitzuen, esku-hartze sozialaren eta GUFEren arloei dagokienez, baina Aldundiak berak zeharkakotzat jotzen dituen beste arlo batzuei dagokienez ere bai, edo, gure ikuspegitik behintzat, zeharkakotzat jo beharko liratekeenak eta, beraz, beren eginkizunak betetzeko plantilla nahikoa izan beharko luketenak. Berdintasunaren, Hizkuntza Normalizazioaren eta Lan Arriskuen Prebentzioaren arloez ari gara.
Azken batean, unitate horietako langileek eskatutako proposamen landu eta arrazoitua da, eta, oro har, zutabe hauetan oinarritzen da:
- Gizarte Ekintza Sailaren barruan, bereziki premiazkotzat jotzen dugu Haurren Zerbitzuan teknikari eta administrari gehiago egotea; izan ere, zerbitzu horrek aspalditik jasaten dituen gabeziek eta utzikeriak Aldundiak bere zeregina (Bizkaiko haur eta nerabeen eskubideak bermatzea) ganoraz betetzea eragozten dute.
- Teknikarien gabezi hori Zentroetako Arreta Zerbitzuan (desgaitasuna duten pertsonentzat zein mendekotasun-egoeran daudenentzat) eta Enplegua, Gizarte kohesioa eta Berdintasuna sustazeko Sailaren Esku-hartze Sozialeko Atalean ere ikus daiteke. Bertan, gero eta espediente gehiago kudeatzen dira, kasuen konplexutasuna handiagoa da eta erabiltzaileen itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak dira.
- GUFEn zuzkidura handiagoa izateko eskaera, batez ere, ekipamendu batzuk sortzeari lotuta dago, hala nola, kudeaketa publikoko laguntza intentsiboa behar duten desgaituentzako zentro espezifiko bat, 12 urtetik gorako premia bereziak dituzten babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzako etxe espezializatu bat edo premia bereziak dituzten 10-12 urteko adingabeentzako etxe espezializatu bat.
- Berdintasun eta Hizkuntza Normalkuntza arloei dagokienez, gaur egun Berdintasuna sustatzeko Zuzendaritza Nagusian eta Euskara Zerbitzuan, hurrenez hurren, dauden lanpostu tekniko kopurua ikusita, gai horiek izan beharko luketen zeharkako izaera bideraezina da. Era berean, Foru Aldundiak berak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2018 Foru Arauaren edo Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2023-2027 Planaren bidez aldarrikatutakoaren aurka doa. Zeharkakotasuna nekez lor daiteke hori gauzatzeko behar besteko teknikaririk ez badago.
- Lan Arriskuen Prebentzioaren arloari dagokionez, goian aipatutako zeharkako izaera izatetik urrun dago. 2025ean atal horretan egindako berregituraketak bideraezina egiten du Aldundia legez behartuta dagoen prebentzio-espezialitate gehienak modu egokian gauzatzea, langile tekniko gehiagorekin ez bada: prebentzioko goi-mailako teknikariekin eta psikologoekin. Eta horrek funtzio horien esternalizazio handiagoaren atarian jartzen gaitu, eta horren aurka gaude erabat.
Gure ustez, 2026rako langileen hazkundea ez da nahikoa, argi eta garbi. Hori dela eta, Bizkaiko Aurrekontu Orokorren izapidetze-aldi hau aprobetxatzen dugu Batzar Nagusien atea eta Etxanobek zuzentzen duen EAJ-PSEren Foru Gobernuaren atea jotzeko, proposamen hau aintzat har dezaten eta plantilla handitu dadin benetan eta modu justifikatuan behar duten unitateetan.
LABek enplegu publiko sendo eta kalitatezkoa defendatu eta sortzearen alde egiten du berriro, bai eta Bizkaiko beharretara egokitutako administrazio- eta zerbitzu-eredu eraginkor baten alde ere.

