2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLABek enplegu politika oro bertan erabakitzea aldarrikatzen du 

LABek enplegu politika oro bertan erabakitzea aldarrikatzen du 

46 urte behar izan dira Gernikako Estatutuak jasotako Langabezi Sariaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku egongo dela iragartzeko. LABentzat positiboa da eskualdaketa, baina langileon aldeko politikak egiteko guztiz ez nahikoa dela salatzen du; beharrezkoa da enplegu politika aktibo eta pasibo guztiak bertan erabakitzea. 

Atzo Jaurlaritzak eta Madrileko Gobernuak iragarritako akordio politikoak ia mende erdiz bete gabeko eskumen transferentzia bati bide emango dio, Langabezi Sariaren kudeaketarena hain zuzen. Horrela, langabezian egoteagatik jasotzen dena eta langabezia bukatzean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen diren prestazioak kudeatzeko aukera izango du Gasteizko Gobernuak, baita SEPErenak diren 50 egoitza eta bertan lanean ari diren 600 langile. 

LABek gogorarazi nahi du, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia oraindik bete gabe dagoen honetan, akordio honek eskualdaketa partziala dakarrela, langabezia prestazioaren kudeaketa baino ez delako delako eskualdatzen. Hala, oraindik orain prestazioen zenbatekoa, iraupena, jasotzaileen betebeharrak… Madrileko Gobernuak ezarriko ditu. Era berean, ezin dugu ahaztu egungo subsidioa 480 eurotakoa dela eta langabetuen erdiek baino gehiagok ez dutela langabezia prestaziorik jasotzen. 

Bidenabar, aipatu beharra dago akordio honek agerian uzten dituela LANBIDEren gabeziak. Enplegu politiken bitartekaritza aktiboa behako lukeena, prestazioen kudeatzaile soil bilakatu da EAJ-PSEren gobernu desberdinek emandako norabidearen ondorioz. Gaur gaurkoz, epe luzeko langabezia dauden langileen egoera kronifikatua dago eta LANBIDE ez da enplegua lortzeko erreferentea. 

Urte luze guzti hauetan, Euskal Herriko langile sektore zabalek argiki erakutsi dute haien lan eta bizi baldintzak hemen arautzeko nahia eta beharra. Langile publiko eta azpikontratetako langileen borrokak, Greba Orokorrak eta baita legez aurrerapausoak emateko Herri Ekimenak jarri dira martxan. Azkenak, gutxieneko soldata propioa ezartzeko eta gutxieneko pentsioak osagarritzeko ehunka mila sinadurak bildu dituzten Herri Ekimen Legegileak. Horiei bide ematea beste aukerarik ez du langileon aldeko politikak sustatu nahi dituenak. 

LABek berretsi nahi du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren ezinbestekotasuna. Ezin dugu beste lau hamarkada itxaron. Behar beharrezkoak ditugu autogobernuan jauzi berriak eta Madriletik agindutako injerentziei muga jarriko dizkioten berme eraginkorrak. Gaur, Legebiltzarrean autogobernuari buruzko eztabaida ematen ari denean, Euskal Herrian herritar guztientzako lan eta bizitza duinak bermatzeko autogobernu tresna berriak behar ditugula aldarrikatzen du LABek. Guk, orain arteko konpromiso eta erantzukizunarekin egingo dio aurre erronka honi. 

Azkenik, batzuek babes sistemaren transferentzia partzial eta mugatuak ahotan darabiltzaten bitartean, LABek larunbat honetan gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko sistema osagarri baten aldeko Herri Ekimen Legegilea babesteko deia luzatzen du. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko iniziatiba hau, langile klase osoaren aldeko ekimena delako. 

Larunbatean, denok kalera! 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...